Kontzertu berria aurkezteko, Arriaga Antzokian izan dira gaur Andres Urrutia euskaltzainburua, Ignacio Malaina Arriaga Antzokiko zuzendari kudeatzailea, Iñigo Alberdi Bilboko Koral Elkartearen kudeatzailea, eta Julia Foruria Gaudeamus Koralaren zuzendaria
Jakina denez, Akademiaren mendeurrenaren ospakizunak 2018ko urrian hasi ziren, Arantzazuko biltzarrarekin, eta urtebete iraungo dute; Arantzazun izan zen Mende Berria Kantuz ikuskizunaren estreinaldia, baina Iruñean ere izan dira Euskeriako gazteak, eta aurrerantzean ere kontzertu gehiago eskainiko dira Euskal Herriko beste lurraldeetan. Horietan guztietan, Bilboko Koral Elkarteko abeslari gazteen taldea, hau da, Euskeria korua izango da abesbatza finkoa, eta gonbidatua, berriz, lurralde bakoitzeko koru bat izango da. Arriagako kontzertua zikloko hirugarrena izango da. Iñigo Alberdik gogoratu duen moduan, "Euskaltzaindiaren 100 urteko lana aitortzea da egitasmo honen xede nagusia, baina, horrez gain, zenbait musika-elkartetako abeslariei, beren familiei eta, oro har, publiko euskaldunari begirako topagune eta elkarrekintza-tokiak sortu nahi dira".
Besteak beste, Bizkaia maite, Aitormena, Sarri Sarri, Lau teilatu, Ilargia eta Euritan dantzan kantatuko dituzte koruek.