Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak berritu egin du gaur Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiarekin duen “lankidetza konpromisoa” eta, aldi berean, oroitarazi du bi erakundeek azken ehun urteetan izan duten harremana. Uxue Barkos buru zela, gaur eguerdian Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan harrera egin zaie hileroko Osoko bilkura egin duten euskaltzainei.
Ekitaldian Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari Mikel Arregik parte hartu dute. Euskaltzaindiaren aldetik, bertan izan da Andres Urrutia euskaltzainburua, Osoko bilkurako kideez lagundurik.
“Lankidetza leiala”
Hitza hartu duenean, Uxue Barkosek oroitarazi du Nafarroako Jauregia lehenago ere izana dela Euskaltzaindiaren Osoko bilkuren, lankidetza hitzarmenen eta bestelako ekitaldien agertoki, bi aldeek azken ehun urteetan izan duten harremanaren emaitza. Lotura horrek, Barkosek adierazi duenez, “gorabeherak izan ditu, historiaren beraren gorabeherak, baina esateko moduan gaude azken urte hauetan egonkortasuna erdietsi dela”. Ildo horretan, lehendakariak berretsi nahi izan du Gobernuak Euskaltzaindiarekin duen lankidetza konpromisoa eta, era berean, gogorarazi du “ahal dugun heinean, laguntzeko prest gaituzuela eta izanen gaituzuela”.
Halaber, aipatu du euskararentzako zeinen garrantzitsua den Euskaltzaindiak egiten duen lana eta premiazkoa dela eginahal horiek bistaratzea eta herritarrei ezagutaraztea. Azkenik, euskararen alde lanean jarrai dezaten animatu ditu.
Euskaltzainburuak, berriz, eskerrak eman dizkio Nafarroari “lankidetza leiala” izateagatik, eta azpimarratu du “Nafarroako euskaltzainen eta herritarren ekarpena funtsezko zutabe dela euskarari emateko orduan erabilera esparru bateratu bat, gizartean hizkuntza bati dagozkion eginkizun guztiak bete ditzan”.
Era berean, erakundearen sorrerako printzipioak gogorarazi ditu Urrutiak: “Gaur-gaurkoz maiz esaten da euskararen aldeko ekitaldietan hitzetatik ekintzetara pasatu behar dela, asko hitz egiten da konpromisoari buruz. Horregatik, Euskaltzaindiak berretsi egiten ditu bai sorreran eta bai izan duen ibilbidean izan dituen gidalerroak: euskara indartzea, euskaraz mintzo diren pertsonen eskubideak zaintzea eta defendatzea, eta iritzien aniztasuna bateratzea, hizkuntza indartzeko. Gako horiek giltzarri dira gure lanean”.
Hitz horien ondotik, euskaltzainburuak Nafarroako lehendakariari eskultura txiki bat eman dio -Ramos Urangaren diseinu batean oinarritutakoa-, Nafarroako Gobernuarendako esker onez eta bere garaian Foru Diputazioak egin zuen lanaren aitorpenez, hura izan baitzen XX. mendearen hasieran Akademiaren sortzaileetakoa.
Euskaltzaindiaren beste ekitaldi batzuk Jauregian
Gaur Nafarroako Jauregian egin den Osoko bilkura, hilero euskaltzainek egiten duten bilkuretako bat da. Gaurko saioan aritu dira santutegietako ohiko izenak berrikusteko proposamen baten gainean eta hiztegiari buruzko zenbait gai aztertzen.
Gaurko hitzordua ez da Nafarroako Jauregia agertokitzat duen lehenbizikoa. 1950ean, gerora euskaltzainburu izan zen Manuel Lekuonak bertan egin zuen sarrera hitzaldia. 1967an Osoko bilkura eta Agerikoa egin ziren bertan. Azkenik, 1988an, Gabriel Urralburu lehendakari zela, eta 1994an, Juan Cruz Alli lehendakari zela, Ageriko bilkura bana egin zen bertan.
Gaurko saioa Akademiak mendeurrena ospatzeko programatu dituen ekitaldien barnean dago. Ekitaldi horien artean aipatzekoa da urtarrilaren 17an eta 18an Iruñean egin den biltzarra, non hizkuntza gutxituen oraina eta geroa aztertu den.