Irailaren 13an 'Euskara batua eta Ipar Euskal Herria: 1964-2018' izeneko kolokioa antolatu zuen Euskaltzaindiak, Baionako Herriko Etxean. Bertan, euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egindako ekarpena gogoratu eta aztertu zen. Era berean, aurrera begira euskara batuak Ipar Euskal Herritik begiratuta dituen erronkak zein diren eztabaidatu zen kolokio horretan. Izan ere, 1960. hamarkadaren hasieran ekarpen esanguratsua egin zitzaion euskararen batasun prozesuari Ipar Euskal Herritik.
Euskaltzaindiak erakusketa ikusgarri batean gogoratu nahi izan du 1964ko bilkuretan gertatutakoa eta Baionako batzar horietan euskara batuari eginiko ekarpen garrantzitsuak ere bai. Horretarako, Euskal Elkargoaren, Euskararen Erakunde Publikoaren, Baionako Herriko Etxearen eta Crédit Agricole-ren babesa jaso du. Xarles Videgain Ipar Euskal Herriko Euskaltzaindiaren ordezkaria: “Baionan, Cordeliers karrikan, 1964ko abuztuan, euskara batuaren oinarriak jarriak izan ziren, erabaki zehatz batzuk aurkeztu zituelarik talde-lan batek, Txillardegiren inguruan eta Euskal Idazkaritzaren eskutik. Aitzineko urteetan ere batuaren asmoa emeki-emeki zoritu zen, Baionan agertu arte. Ondoko urteetan, berriz, Baionako erabakiak ezagutu eta ontzat harturik, 1968ko Arantzazuko bilkura antolatu zuen Euskaltzaindiak, ordutik Euskal Herriko gizartean oihartzun zabala hartu duelarik euskara batuak”.
Esan bezala, gertaera horiei buruzko erakusketa antolatu du Euskaltzaindiak, eta hori guztia erakutsiko du panelen, testigantzen, irudien eta jatorrizko dokumentuen bidez Mauleko Hondarearen Etxean, gaurtik 2019ko martxoaren 16a bitarte.
Euskal Idazkaritzaren jarduna
Euskaltzaindiak sortzetik beretik hartu zuen hizkera literarioa osatzeko xedea. Ortografia finkatu, hiztegia eguneratu, euskaldun guztientzat idatz-arau berak zehaztu eta beste hainbat arlo landu behar ziren euskarak etorkizuna izan zezan. Baina ez zen adostasunik lortzen, batasun hori nola egin, zeren arabera, zer hobetsi, zertan oinarritu. Euskalkien aberastasuna galtzeko beldur ziren.
Euskara batuaren premia areagotu egin zen 60ko hamarkadan. Txillardegik, beste batzuekin batera, bere gain hartu zuen ardura. Lantaldea osatu eta ia urtebetez aritu ziren lanean, Baiona Ttipian, Euskal Idazkaritza elkartearen babesean. Finean, lantalde horren emaitzak osatu zuen euskara batuaren lehen oinarria, eta 1964ko agorrilaren bukaeran aurkeztu zieten Euskal Idazkaritzan bildu ziren Euskal Herri osoko berrogei bat euskaltzaleri. Henri Grenet auzapez-diputatuak eta gainerako hautetsiek ongietorria egin zieten herriko etxean.
Nagusiki zortzi lagun aritu ziren lantaldean: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Jean-Louis Davant, Eneko Irigarai, Jesus Solaun, Telesforo Monzón, Roger Idiart, Pierre Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruty. Lantaldearen proposamen zehatzak: hitzen deklinabidea, ortografiarako irizpideak, izan eta ukan aditzak, eta h-dun hitzen zerrenda bat.
Baionako Biltzarreko babesle Pierre Lafittek zintzo-zintzo helarazi zituen proposamenak Euskaltzaindira eta, hala, abiapuntu sendoa jarri zitzaien eskura aurrerantzean bidea urratu beharko zutenei. 1968Ko Arantzazuko Biltzarrean Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen.