Euskaltzaindiak Mendeurrenaren baitan antolatzen duen laugarren jardunaldi akademikoa otsailaren 14an izango da, Gasteizko Artium Museoan. Bertan, ahozko komunikazioaren ertzak landuko dira.
Hiru hitzaldik osatzen dute jardunaldiaren bizkarrezurra:
- Ahoskera arautu eta i(ra)kas al daiteke?, Miren Lourdes Oñederrak berak eskainiko duena.
- Irakats al daiteke ahoskera? Eta aldagarritasuna?,Mª Heliodora Cuenca Villarín Sevillako Unibertsitateko irakasleak eskainiko duena.
- Nola ikasi ahoskerak, Julia Marín antzerki-itzultzaileak eskainiko duena.
Ostean, zinema eta euskararen ahoskerari buruzko elkarrizketa egingo dio Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko kide Oroitz Jauregik Gorka Lazkano Errementarifilmeko euskara arduradunari.
Euskalkiak eta batua
Lourdes Oñederra Euskaltzaindiko Ahoskera batzordeko buruak zehatz aletu ditu jardunaldi berriaren helburuak: “Helburu behinena komunikazioa da: arauaren arduradunen, irakasleen, ikasleen, kazetarien... azken batean, hizkuntzaren erabilera osasuntsua nahi eta behar dugunon arteko komunikazio ahalik eta onena”. “Hizkuntzari buruzko lan preskriptibo eta didaktikoetan ahozkoak eta, ahozkoaren barruan, ahoskerak leku berezia behar dute, baina ez bigarren mailakoa. Ahoskera ezin da gramatika bezala ikasi. Inportantea da denok gauzak ondo ulertzea eta, horretarako, elkarrekin hitz egitea bezalakorik ez dago. Euskaltzaindiak 1998an kaleratutako EBAZ araua (Euskara Batuaren ahoskera zaindua) argituz nahi genuke indartu. Eztabaidaren gunea bi ardatz gurutzatzen diren lekuan egongo da: euskararen estilo-mailak, batetik; euskalkiak eta batua, bestetik”, gehitu du Oñederrak.
Euskaltzainak argitu du jardunaldian saiatuko direla “arazoei alderdi teorikotik eta praktikotik eusten”, eta aurreratu du begiratu “lasterra” euskaraz gainerako hizkuntzekin gertatzen denari, “gure arazoa hizkuntzalaritzaren testuinguru orokorrean kokatzeko xedez”.
Jardunaldia zuzenean eskainiko da, streaming bidez, Euskaltzaindiaren Youtubeko atarian.