Bezperan aritutako hiztun batek baino gehiagok hartu zuen ahotan hizkuntza gutxituetako akademien arteko elkarlana, edo bederen, lanen partekatzea, eta horretara dator, hain zuzen, Euskaltzaindiak XXIII. Jagon Jardunaldian aurkeztu duen hitzarmena.
Bost zio zehaztu dira bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez. Batetik, eremu urriko hizkuntzen batasuna jagon, nork bere hizkuntzan; besteak beste, ikerketa sustatuz, araudi lexiko gramatikalak ezarriz eta eguneratuz eta hizkuntzan gizarte bilakaera begiratuz.
Bigarrenik, erakundeen arteko harremanetan sakondu eta elkarlanean jardun, xede-helburuetan bat datozenez; hala nola, hizkuntza biziberritzeko proiektuak nahiz esperientziak, ikerketak edo argitalpenak trukatuz.
Hirugarrenik, akademia, hizkuntza-institutu edo ikerketa-zentroen sarea eratu nahi da, Europako eremuaren barruan. Laugarrenik, funtsezko hizkuntza-eskubideak aldeztu eta begirunea bultzatzea behar duten herrialdeei elkartasuna adieraziz. Bosgarrenik, ikerketa zientifikoak eta jakintza zabaldu, kudeaketa proiektuak sustatuz.
Argitalpen elektroniko berriak (www.euskaltaindia.eus)
Eskubideak defendatzeko ituna akuilatzeaz gain, Euskaltzaindiak lan berriak ezarri ditu kontsultagarri, bere webgunean. Besteak beste, Euskaltzaindiak euskararen estatusari edo hizkuntza-eskubideei buruz egindako adierazpenak, 1976tik hasi eta 2018ra artekoak. Adierazpen gehienak, botere politikoek hartu izan dituzten erabakien ondorioz sortuak direla azaldu du Andres Iñigo argitalpenaren arduradunak, “euskararen bermeak ukatu edo kaltetu direnean”.
Hizkuntza-zuzenbidea ere sareratu da, hots, botere publikoen betebeharrak eta araudia batzen dituzten idatzien sorta. Gotzon Lobera euskaltzain urgazlearen hitzetan, “segurtasun juridikoak errazten du erabilera, eta zentzu horretan, tresna erabilgarria jarri nahi izan da, bai zuzenbide adituentzat bai eta herritar guztientzat ere”. Zentzu horretan, bilaketak eta kontsulta bide berriak erraztea lehenetsi da, Aitor Maritxalar informatikariak azaldu duenez.