Urriaren 6an, Arantzazuko nazioarteko biltzarraren baitan, Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Adierazpena (EBA) aurkeztu zuen jendaurrean. Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituak irakurri zuen dokumentuak hamar atal ditu, eta, besteak beste, belaunaldi berriei egindako dei zabala jasotzen du, “euskara batua, arrotza barik, bere-berea izan dezaten eta beraien adierazpideetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin". Egun horretan, 36 erakundek sinatu zuten Adierazpena, eta jada 50etik gora dira dokumentuarekin bat egin dutenak.
Ahal Dugu-Podemosek ere bere atxikimendua eskaini dio EBAri gaur, alderdi politikoaren izenean Miren Echeveste Lacombe Irungo idazkariak eta Andeka Larrondo Komunikazio idazkariak izenpetu dutela dokumentua. Adierazpena sinatu ostean, Andres Urrutia euskaltzainburuak duela gutxi kaleratutako Euskara Batuaren Eskuliburua oparitu die politikari biei.
Miren Echeveste Ahal Dugu-Podemos alderdiaren Hizkuntza Politika arloko teknikariak adierazi du batua premiazkoa dela “izugarrizko garrantzia izan duelako euskararen normalkuntzan”. “Horregatik, gure babesa adierazi behar diogu, bai ala bai”, azpimarratu du Echevestek. “Euskaltzaindiaren Adierazpenak jasotzen dituen atal guztiekin ados gaude -gaineratu du-, eta, horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiogu Akademiari ehun urtez egin duen lan gogor eta garrantzitsuagatik”.
Ahal Dugu-Podemos alderdiak Euskara Batuaren Adierazpena sinatu du
-Miren Echeveste Lacombe Ahal Dugu-Podemos Euskadi alderdiaren Irungo idazkariak eta Andeka Larrondo Komunikazio idazkariak izenpetu dute dokumentua, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan.
-Miren Echeveste (Ahal Dugu-Podemos): “Batua premiazkoa da eta izugarrizko garrantzia izan du euskararen normalkuntzan”.