Urriaren 6an, Arantzazuko nazioarteko biltzarraren baitan, Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Adierazpena (EBA) aurkeztu zuen jendaurrean. Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituak irakurri zuen dokumentuak hamar puntu ditu, eta, bestek beste, belaunaldi berriei egindako dei zabal bat jasotzen du, “euskara batua, arrotza barik, bere-berea izan dezaten eta beraien adierazpideetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin.” Egun horretan 36 erakundek sinatu zuten Adierazpena, eta jada berrogeitik gora dira dokumentuarekin bat egin dutenak.
EH-Bilduk ere bere atxikimendua eskaini dio, gaur, EBAri, alderdi politikoaren izenean Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak sinatu duela. Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu dute Otegik berak, Jasone Agirre legebiltzarkideak, Xabier Isasi EH-Bilduko euskara zuzendariak eta Alba Fatuarte Bilboko zinegotziak.
"Euskararen batasuna XX. gizaldian Euskal Herrian eta euskararen alorrean bizi izan dugun gertakari garrantzitsuenetakoa izan da -azpimarratu du Jasone Agirrek-. Batasunaren prozesua, bada, eredugarria da mundu osoan. Auzolan arrakastatsuaren adibidea; kohesio eta aniztasunaren arragoa; herrigintzaren adierazpide esanguratsua; hori eta gehiago izan da euskararen batasuna. Gure ustez, Euskal Herrian ezagutu dugun ekintza politikorik eraginkorrenetako bat, herritar askoren ikuspegia eta bizimodua eraldatu duelako".
Adierazpena sinatu ostean, Andres Urrutia euskaltzainburuak duela gutxi kaleratutako Euskara Batuaren Eskuliburua oparitu die guztiei.