Pasa den ostiralean, Ondare Saria jaso zuen Euskaltzaindiak. Sari honen helburua da Gipuzkoako kultura ondarea zaindu, ikertu eta hedatzeko egindako lana aitortzea, eta, horretarako, epaimahaiak hainbat alderdi izan ditu kontuan, hala nola lan horien sakontasuna eta egindako ibilbidea, gehi proiektuaren berezitasuna; lurraldean duen ezarpena eta oihartzuna; eragindako eraldaketa kulturala eta soziala; sinergiak sortzeko gaitasuna; lanaren jarraitutasuna; balioen transmisioa... Saritu dute, baita, Euskaltzaindiak ehun urte hauetan "euskara biziberritzeko izan duen gaitasuna", eta "euskararen zabalkundeak eta erabilerak gure gizartean izan duen eragina eta sortu duen eraldaketa kulturala".
Sari-emate ekitaldian idazle eta artista ugarik parte hartu zuen. Gidari lanetan aritu zen Juan Kruz Igerabide idazlea, eta bidelagun izan zituen Kukai dantza taldeko kideak, Ortzian-eko abeslariak, Tole biola jotzailea, Aizpea Goenaga aktore eta zuzendaria, Aitziber Ayesta andereñoa, eta Bora Gorostidi neskatila gaztea. Ama albaniarra eta aita donostiarra, Dublinen jaio zen Bora, baina Donostian bizi da orain. Euskara ederrean mintzatu zen Bora, eta gaur egungo gure gizartearen aberastasuna -eta konplexutasuna- irudikatu zuen, une batez.
Erakundeen ordezkarien txanda heldu zenean, Denis Itxaso Kultura diputatuak hartu zuen hitza, Euskaltzaindiak urteetan egin duen lan erabakigarria azpimarratzeko hartu ere; adierazi zuen, baita, euskara bizirik dagoela eta etorkizuna duen hizkuntza bat dela "Euskaltzaindiak egindako lanari esker". Era berean, azpimarratu zuen Akademiak hizkuntzaren defentsan izandako abilezia eta meritua: "100 urtez euskara zaintzen eta ugaltzen ibili da Euskaltzaindia. Sari honen bidez, gure hizkuntzak duen ahalmen eraldatzailea omendu dugu. Eskerrik asko euskaltzain, idazle eta oro har euskal erabiltzaile guztioi, guztion ondarea baita euskara".
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gogoratu zuen Euskaltzaindia guztion ondarea dela, hots, "Gipuzkoa eta Euskal Herria osoaren ondarea". "Gertu du mendeurrena eta nabarmena da utzi duen oinatza -gaineratu zuen-. Euskara bidegurutzean dago: bere etorkizuna daukagu idazteko eta erronka honetan bidelagun gara. Egindako lan baliotsuarengatik zuentzat da Ondare Saria".
Aurrera begira, gizarteari zerbitzu emateko
Andres Urrutia euskaltzainburuak Akademiaren izenean onartu zuen aitortza eta saria, eta esker oneko berbak izan zituen Gipuzkoako Aldundiarentzat: "Ezin ahaztu, duela ia ehun urte, Eusko Ikaskuntzaren Oñatiko kongresua amaitu ostean, Gipuzkoako Foru Aldundian egin zutela lehen bilera euskaltzainek, eta hortxe abiatu zela Euskararen Akademia. Ordutik, harreman estu-estua izan dugu Gipuzkoako Aldundiarekin". Urrutiak Euskaltzaindiaren gaurko zeregin eta asmoak gogoratu zituen bere mintzaldian, horretan euskal herri osoa inplikatuz: “Guztiok gara euskaltzainak, euskara ez da amaitzen Euskaltzaindian. Baina etorkizunean jarraituko dugu hizkuntzaren batasuna bultzatzen, gizarteko eragile guztiekin batera, hizkuntzaren batasunak indartsuago egiten gaituelako”. Eta Oteizaren aipu batekin zarratu zuen bere txanda: "Akademiak ehun urte bete behar ditu, baina, ehun urte zertarako, atzera begira egoteko? Ez, aurrera begiratzeko, eta gizartea zerbitzatzeko. Ekin eta jarrai egingo dugu. Oteizak esan zuen bezala: 'Androcanto y sigo".
Beraz, hirugarren Ondare Saria Akademiarentzat; aurreko bi sarituak Fermin Leizaola etnografoa (2009) eta Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta historialariak izan ziren (2011).