3000 urtea. Euskara desagertzeko zorian dago. Azken euskaldunak izkin egin nahi dio patu latzari. Hori da Tartean Teatroaren azken lanaren abiapuntua. Euskaltzaindiarekin batera ekoiztu dute antzezlana, "fabulen fabula", "bizirik irauteko grinari buruzko istorio bat", egileen esanetan. "Adierazi nahi genuen euskararekiko gure harridura eta gure miresmena", aitortu du Patxo Telleria aktore eta gidoilariak.
"Guztira, bederatzi istorio dira, baina obrak badu osotasun bat, erritmo bat eta mamia, eta musikak ere pisu handia hartzen du tarteka", azpimarratu du Mikel Martinez aktoreak. "Komedia bai, baina beste genero batzuk ere landu ditugu Gheron, eta estetika aldetik asko arriskatu dugula esango nuke. Jendea harrituko da egin dugun hautuarekin", gaineratu du Jokin Oregi zuzendariak.
Antzezlana sortzeko izan duten askatasuna ere nabarmendu dute Tartean-ekoek; baita Andres Urrutia euskaltzainburuak ere: "Hau elkarlanaren fruitua da, baina ez da guk Tarteani egindako enkargu bat. Zentzu horretan, askatasun osoa izan dute, sortzeko beti behar beharrezkoa den askatasuna". "Guk hizkuntza eta kultura lotu nahi izan ditugu mendeurreneko ospakizunetan, eta Ghero bete betean sartzen da helburu horretan. Orain, gizarteratu dezagun eta publikoak erabaki dezala", esan du Urrutiak. Bere aldetik, Ibon Usarralde mendeurreneko ekitaldien bateratzaileak antzezlanaren helburuei buruz hitz egin du: "Hausnarketa bultzatu nahi dugu antzezlan honekin. Euskara oinarri hartuta, jolas egin eta kontzientziak astindu".
Aurrestreinaldian egon zirenek azpimarratu dutenez, "antzezlan hunkigarria, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta" da Ghero. Estreinaldia, azaroaren 20an eta 21ean, Bilboko Arriaga Antzokian. Ondoren, Euskal Herriko antzoki gehienetan ikusi ahal izango da.
Sarrerak erosteko, klikatu HEMEN.
GHERO, LAN-TALDEA:
Dramaturgia egilea: Patxo Telleria
Zuzendaritza: Jokin Oregi
Aktoreak: Mikel Martinez, Patxo Telleria, Iñaki Maruri, Olatz Ganboa, Ane Pikaza
Jantziak eta Eszenografia: Ana Garay
Musika egilea: Iñaki Salvador
Argiztapena: David Rodríguez
Diseinu grafikoa: Paradox
Kartelaren argazkia: Mikel Alonso
Ekoizpena: TARTEAN Teatroa
Ekoizpen Exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo eta Myriam Gartzia