Gaur, ERLEA aldizkari literarioaren hamabigarren zenbakia aurkeztu du Euskaltzaindiak, bere Bilboko egoitzan. Azkena izango den zenbaki honek Euskaltzaindiaren mendeurrenari buruz jarduten du, gehienbat; euskal akademiaren ehun urteko historian garrantzitsuak izan diren gertaerak eta pertsonaiak erakusten dira, modu hurbil eta, tarteka, harrigarrian. Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu du “hain ezagunak ez diren pasadizoak eta gertaerak” azaltzen direla aldizkarian, eta irakurleak “Euskaltzaindiaren barruak ezagutzeko aukera” izango duela gaineratu du. “Ehun urtetan protagonista izan direnen profil sakonak, tarte horretan gertatutako edozenbat kontu eta jazoera, argazki ezezagun eta harrigarriak... Badago zer irakurri”.
2009an abiatu zen proiektua zarratzen du hamabigarren zenbakiak, eta Urrutiak azken ia hamar urteotan eginiko ahalegina nabarmendu nahi izan du prentsaurrekoan: “Hasiera-hasieratik, gure asmoa izan zen ERLEA euskal kulturako erreferenteetako bat bihurtzea, eta esango nuke lortu dugula, Bernardo, Asun Garikano, Txema Aranaz eta Pamielaren laguntzarekin, izugarrizko lana egin baitute guztiek”.
2009an, estreinako zenbakia kaleratu zenean, Bernardo Atxagak agindu zuen aldizkari “profesionala” izango zela ERLEA, zenbaki bakoitzak “atmosfera” jakin bat izango zuela, eta aldizkari guztiek jarraitu izan dute eredu edo lerroburu hori. "Tamalez, sortzaile batzuk kanpoan geratu dira, baina XXI. mende hasierako euskal sorkuntzaren lagin garrantzitsua da ERLEA”, esan du Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariko zuzendariak.
ERLEA aldizkariaren ibilbidea amaitu da, baina baliteke etorkizunean bestelako jarraipenik izatea, Atxagak berak aurreratu duenez: "Aurrerantzean, asmoa litzateke ERLEAren antologia berezi batzuk argitaratzea. Bat egina daukat. Hori bai, gizarteak inplikatu beharko du horretan, antologia horiek ez baititut plazaratuko tartean eskaera jakin eta serio bat ez badago".
ERLEA 12 - edukiak
Hamabigarren zenbakiaren gai nagusia Euskaltzaindiaren mendeurrena da. Euskal akademiaren ehun urteko historian oso garrantzitsuak izan diren gertaerak kontatzen dira bertan, aldizkariaren ohiko atalekin batera. Zenbaki honen azala Jose Antonio Azpilikuetak egin du.
Besteak beste, hastapenetako euskaltzainen profilak aletzen dira; gordetako testu batzuk agertu -ETAk euskarari buruz, 1962an-; argazki berriak erakutsi -Gabriel Arestirenak, esaterako-; Ramon Saizarbitoria eta Ibon Sarasolaren arteko hizketaldi mamitsu bat proposatzen da -Miel A. Elustondok egina-; Beatriz Chivite, Hasier Larretxea edo Amaia Iturbideren poemak erakusten dira; Txani Rodriguez eta Garbiñe Ubedaren kontakizunak; liburu iruzkin mamitsuak; Laura Mintegi, Kepa Altonaga, Nora Arbelbide edo Juan Luis Zabalaren testuak; Txema Larreari eginiko gorazarrea...
ERLEA - zifrak
12 zenbaki,
9 urte,
1.296 orrialde,
376 artikulu,
30 artista,
berrehundik gora egile...