Atzo iluntzean, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak antolatutako ekitaldian banatu ziren 2018ko Euskal Kazetaritza sariak. Aurten, Carmen Sarmiento, Joxe Mari Iriondo eta Cesar Coca kazetariek jaso dute golardoa, eta, beraiekin batera, sarituak izan dira ‘Doce Miradas’ bloga, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia (azken bi hauek, Pertsonaia edo Giza Instituzioa atalean). "Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia saritu ditugu euskal kazetaritzarekin konektatzen jakin izan dutelako", jakinarazi zuen Jesús Coterón Euskal Kazetarien Elkarteko presidenteak.
Joxe Mari Iriondo euskaltzain ohorezkoaren partez haren seme Josebak jaso zuen saria, Joxe Mari gaixorik baitzegoen. "Berak inoiz pentsatu eta esango ez duen gauza bat esango dut nik: aitak ondo merezita daukala sari hau", adierazi zuen Joseba Iriondok golardoa jaso ostean.
Ahalegin kolektiboa
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman zien saria Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteari eta Andres Urrutia euskaltzainburuari. Bere hitzalditxoan, Andres Urrutiak azpimarratu zuen euskaraz "ez duela denak balio", eta ahalegin kolektibo bat eskatu zien kazetariei: "Gure hizkuntza erabiltzen dugunean, tentuz eta kalitatea zainduz erabili behar dugu. Akademia saiatuko da horretarako baliabideak jartzen, baina kazetariok ere esfortzu bat egin behar duzue. Guztion artean egin behar dugu kalitatezko euskara hori, eta nahiko nuke euskararekin lan egiten dugunon artean hizkuntza bera izatea zubiak eraikitzeko elementu bat, giza pedagogia egiteko tresna".