Urriaren 6an, Arantzazuko nazioarteko biltzarraren baitan, Euskaltzaindiak Euskara Batuaren Adierazpena aurkeztu zuen jendaurrean. Joan Mari Torrealdai euskaltzain emerituak irakurri zuen dokumentuak hamar puntu ditu, eta, bestek beste, belaunaldi berriei egindako dei zabal bat jasotzen du, “euskara batua, arrotza barik, bere-berea izan dezaten eta beraien adierazpideetan erabil dezaten, belaunaldi bakoitzak duen eite eta tankera propioarekin.” Egun horretan 36 erakundek sinatu zuten Adierazpena, eta jada 38 dira dokumentuarekin bat egin dutenak.
PSE-EE alderdi politikoak asteartean sinatu zuen Adierazpena, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. PSE-EEren izenean Idoia Mendia idazkari nagusiak izenpetu zuen. Aurretik, Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu du Mendiak eta Akademiaren Ohorezko Liburuan sinatzeko aukera izan du. “Euskarak eta euskalgintzak aurrera egin dute ideologia edo alderdien gainetik, euskal gizarte osoaren ondare bezala ulertu eta sustatu ditugunean -azpimarratu du Mendiak hedabideen aurrean-. Eta etorkizunean, osasuntsu eta indartsu jarrai dezan, euskarak izaera plural eta integratzaile hau mantendu behar du.”
Adierazpenen ostean, Andres Urrutia euskaltzainburuak duela gutxi kaleratutako Euskara Batuaren Eskuliburua oparitu dio Mendiari.