Hamaika hizkera ahul genuen, poliki-poliki, gibelka zihoazenak. Hamaika horiek indartu beharra zegoen euskara bera indartuz, euskara etxean ez ezik, bizitzako beste arlo guztietarako ere egokituz, eta hala etorri zen edo erditu zen euskararen batasuna.
Oinarria jartzen Txillardegi eta beste gutxi batzuk aritu baziren ere, batasunaren gosea hainbesterainokoa zen idazleen eta euskararen aktibisten artean, ziztu bizian hedatu zen. Zein estatutan -estatuak berak bulkatua izanik ere- erdietsi dute hain agudo zabaltzea bertako hizkuntza estandarra? 50 urtean indar gaitza hartu du euskara batuak.
Euskaltzaindiak mende bat betetzen duen honetan eta euskara batuak 50 urte, Euskaltzaindiak, Baionan, irailaren 13an antolatu zuen jardunaldian izan genuen aukera 60ko hamarkadako giroaz jabetzeko eta batasunaren bidean abiatu ziren haien ahalegina ezagutzeko. Eta Arantzazun, urriaren 4an, 5ean eta 6an, Euskaltzaindiak eginen duen XVII. Biltzarrean ere euskara batua izanen da aztergai.
Euskara batuari esker ditugu gaur eremu zabaleko komunikabideak eta egunkari nazionala. Literatura idatzia sendotu da, idazleak eta irakurleak gaitu eta ugaritu baitira. Administraziorako eta irakaskuntzarako testuak egokitu ahal izan dira.
Batasunik gabe nola euskaldundu erdara nagusi den hiri eta herri handietan bizi den jendea? Zein euskalki erabili Iruñeko ikastetxe eta euskaltegietan? Barakaldon, Angelun edo Gasteizen?
Euskara batua batez ere hizkuntza idatzian egin bazen ere, gaurko hiztun gehienak euskara batuaren euskalkikoak dira: euskara karrikan edo etxean ikasi ez dutenak, ikastetxeetan ikasi dutenak, haurtzaroan edo heldutakoan. Batuaz mintzo dira arnasguneak deitzen ditugun eremuetatik kanpoko hiztun gehientsuenak.
Euskararen erabilerak kezkatzen gaitu gaur. Hiztun masa behar da, ordea, euskaraz noiznahi, nonahi eta nornahirekin aritzeko. Hiri eta herri handietan, elkar ezagutzen ez dugun horietan, erabilera handitzeko hiztun kopurua handitzea ezinbestekoa da, haurren eta helduen irakaskuntza nahitaezkoa da, eta irakaskuntzan euskara baturik gabe galdurik geundeke, zail genuke ikastea eta irakastea. Egia da irakaskuntza arautuaren sistema, askotan, idatzian dagoela oinarritua bereziki, ez dela egokiena mintzamena lantzeko. Ahozkoa lantzeko bitartekoak baztertuxeak daudela, maiz. Eta badakigu mintzatzen ez den hizkuntza ez dela behar bezala barneratzen gero jendartean erabili ahal izateko, ohiko eta eguneroko hizkuntza bihurtzeko.
Euskara batuak euskararen iraupenean ekarri duen onura ikusten ez duenik bada, halere, jakina, eta okerragoa dena, onura ikusi nahi ez duenik ere bada, amorratua eta haserre dagoenik ere bai. Euskararen kontra jotzeko batuaren asmakeriaz, artifizialtasunaz erdara estandar eta artifiziala darabiltenak, lotsagabeki. Sinetsi ote dugu diskurtso hori? Beste hizkuntza guztiei, hegemoniko guztiei, aitortzen diegun estandarraren beharra ukatzen ote diogu gureari?
Diskurtso hori sinetsirik, batua baztertu, alfabetatu ez, hitz egiten dugun bezala idatzi euskaraz egiten dugunean, eta gure euskalkian ari ez direnekin erdararen batean hitz egitea nahiago ote dugu? Ingelesa, frantsesa eta gaztelania hobeak eta ulergarriagoak ote dira, bada?
Euskaraz solas egin dezagun, euskaraz idatzi eta euskaraz irakurri, bakoitzak dakien horretan, beti besteak adituz eta besteengandik ikasiz. Hamaika mintzamolde baditu ere, hizkuntza bat eta bakarra da euskara.'