Adierazpen instituzionalean, Eusko Legebiltzarrak Euskaltzaindiaren hastapenak gogoratu ditu, eta azpimarratu ditu ordutik Akademiak egindako ahalegin eta lanak. Gogoratu dute, baita, Euskaltzaindia sortu eta 60 urte geroago, Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak erakunde aholku-emaile ofizial izendatu zuela euskararen gaietarako.
Era berean, Eusko Legebiltzarrak euskara batuaren sorrerak euskararen historian eta, halaber, euskararen normalizazioan duen garrantzia aitortu du, "euskara gizarte bizitzako hainbat jardunetara normaltasunez hedatu ahal izateko ezinbesteko tresna izan baita",
Amaitzeko, aitorpen are zabalagoa egin du Legebiltzarrak, bere adierazpenean: "Eusko Legebiltzarrak euskararen estandarizazioan aitzindariak, pertsonak, elkarteak eta, bereziki, Euskaltzaindiaren ibilbide eta jardun akademiko eta historiko osoa aitortzen eta eskertzen du".
Gainera, Legebiltzarrak bat egin du Euskaltzaindiaren mendeurren ekitaldiekin eta euskal herritar guztiei gonbita egin die bat egin dezaten Euskaltzaindiaren ehungarren urte hau dela-eta izango diren ekitaldiekin.