Zenbait puntu hartu zituzten hizpide. Besteak beste, 1964ko Baionako Biltzarra bera, garaiko giroa –Kennedy hil zuten, Baionak Henri Grenet zuen auzapez, lau soldadu espainiar hil ziren Larrainen… – euskarak Ipar Euskal Herrian bizi duen egoera, frantses konstituzioaren bigarren artikuluak ezartzen dituen mugak eta, batik bat, hizkuntza aitzinatzeko dagoen sentsibilitate, gogo, asmo eta engaiamendua.
Alabaina, Euskaltzaindiak eta Euskal Hirigunea Elkargoak mahai hartan bertan izenpeturiko lankidetza-hitzarmena izan zen punturik esanguratsuena, berorren bidez konpromiso zabaletara heldu baitira bi instituzioak, akademia aholku-emaile ofizial bilakatu eta gero.
Euskararen gaia politizatu beharra
Hasiera ekitaldi instituzionalaren ondotik, Jean-Louis Davanti eman zitzaion hitza, eta Allande Sokarros xiberotar kazetariak egin behar izan zion aurkezpenekoa, Txomin Peillenek, osasun arazoak tarteko, moderatzaile lanetara etortzerik izan ez zuelako. Davantek, Baionako bilkuren garaiko giro soziopolitikoa xehatu baino lehen, doinu ezagun bat ahotan hartu eta molde zaharrak eguneratuz agurtu zituen entzuleak: “Agur jaunak eta andreak”…
Mamira jo zuen gero. Baionako taldea osatu zuten kideak aipatu eta Txillardegiren gidaritza nabarmendu ostean, giro orokorra marraztu zuen printza azkarrez, “Aljeriako gerla luzea amaitu berria zen; eskuin muturraren itzal luzea hor zegoen; 1962ko abuztuan De Gaulle jenerala hiltzen saiatu ziren…”, bai eta Ipar Euskal Herrikoa ere: “Tartean baziren euskaltzaleak, baina Euskal Herriari buruz xede politikorik ez zuten, ezta kulturalki ere. Aldaketa gaztediaren bidez etorri behar zen”. Hegoaldetik iritsitako lehen errefuxiatuez edota emigrazioaz ere mintzatu zen, AEBetako mendebaldera nahiz Parisa joan ziren jendeez nagusiki, eta laborantzara iritsitako iraultzaz. Hizkuntzari buruz, bestalde, “euskararen alde egiten ziren eskaerak zakarrontzira zihoazen zuzenean, eta unibertsitatea utzi berria zutenek, Ximun Haran tarteko, joko umiliagarri horrez asperturik, euskara politizatu beharra zegoela uste zuten”. Hala sortu zen Enbata kazeta eta mugimendu politikoa.
Beste ildo batetik heldu zioten Piarres Xarriton hazpandarrak eta ekintza katolikoari loturik idazten hasiak ziren beste zenbait euskaltzalek ere, politikatik erabat urrunduz, alegia. “Xarritonek beldurra agertzen zuen, euskara kimikoa antola genezan, eta ingeniarien euskara finka zedin”, aipatu zuen Davantek. Izan ere, ingeniariak ziren euskara batuaren ardura nagusia hartua zutenak. Adibidez, Txillardegi, Mitxelena eta Davant bera.
Euskara Batuaren lehen oinarriak finkatuko zituen lantaldea garaiko indar politiko abertzaleen arabera osatu zen, eta apaizak ere gehitu zitzaizkien. Nagusiki ortografia, deklinabidea eta Izan eta Ukan aditz laguntzaileen formak arautu zituzten. H letrak piztu zituen polemikak zirela-eta, “guk zuhurki jokatu genuen”, nabarmendu zuen Davantek, eta jarraian, Txillardegiren lana azpimarratu: “Hark zuen lan guzia gidatu, gainerakoak amateurrak ginen”.
Batua praktikara eramateko zailtasunak
Euskara Batuaren hastapenak ez ziren inon errazak izan, ez Hegoaldean, ezta Iparraldean ere, eta lehen urrats horiek gogora ekartzea izan zuten helburu Davanten atzetik heldu zirenek.
Eneko Irigarai moderatzaileak, besteak beste, Goiztiri argitaletxearen garrantzia eta irrati frantsesetan egiten ziren saiotxoen ekarpena nabarmendu zituen hizlariei bidea eman aurretik. Gexan Alfarok bere praktikatik heldu zion gaiari: “Txillardegiri esker ohartu nintzen batua beharrezkoa zela Iparraldean ere, eta nire gisako euskara batua erabiltzen hasi nintzen Ekaitza eta Eskualduna aldizkarietan edota irrati frantsesean egiten nituen saioetan”. Zeruko Argia eta Anaitasuna irakurriz lantzen zuen euskara batua, eta batik bat hitz berriak erabiliz (geltoki, argazki, osasun, harpidetu, atzerriratu, zapaldu…) ekin zion bideari. Aditz formak heldu ziren gero, tokiko ditaike formaren aldamenean, daiteke emanez, esate baterako, “aditz batuaren finkatzea bizkarrezur baten ematea bezala zelako”. Itzulpengintzan ere baziharduen ordurako, eta hitz egokien falta zuen eragozpenik handiena: “Iruditzen zitzaidan euskara hitz berriz hornitu behar zela, eta berrehundik gora hartu genituen, Manex Pagolak lagundurik. Batzuk frantsesetik moldatu genituen, esate baterako, hitzordu”.
Batzuentzat H, besteentzat X
Janbattitt Dirassarrek ironiaz eta umorez zipriztindu zituen hara bildutako guztiak, baita barre algarak atera ere, bati baino gehiagori. Hasteko eta behin, prentsa idatziaren panoramari egin zion errepasoa, besteak beste, Zeruko Argia, Herria edo Etxea emazteen hilabetekaria aipatuz. Izan ere, Dirassarrek oso gazte zela ekin zion kazetari ibilbideari, Herria astekarian, eta bere esperientzia hura baliatu zuen euskara idatziak eta bereziki batuak ekarri zituen kalapitak ilustratzeko: “Ez ginen berehala lotu aditzari, eta ortografia berdintzea ez zen egun batetik bestera egin. Gure zuzendaria, Lafitte, ez zen batere bortxatzearen aldeko”. Hegoaldean liskarra H-ak sortu bazuen, Iparraldean X-k eman zituen lanak. Hala, 1974ko aldizkariak hartu eta ale berean X-z nahiz CH-z idatzitako hitzak elkarren alboan aurki zitezkeela gogoratu zuen. “Gero eta gehiago aipatzen genuen euskara batuaren beharra geure artean, baina denak ez ziren X-ren aldekoak. Irakurleak galtzeko beldur ziren, baina ez ziren Lafitteri kontra egiten ausartzen”. Hautua bakoitzaren esku uzten omen zuen Lafittek, “urre nola idatzi ez badakizu, idatz ezazu zilar, antzekoak baitira”, zioen.
Amaitzeko, hiruzpalau ohar egin zituen Dirassarrek. Horietariko bat, jendeak adina euskalki ditugula: “aniztasun horrek salatzen du era berean, badugula batuaren beharra ere, bizi dadin, hori baita gure ondasun paregabea”.
Zedarriz zedarri, esparruz esparru
Joseba Intxausti idazle eta euskaltzain urgazleak eman zuen bazkalaurreko azken hitzaldia. Bere hizkuntzarekiko kezkan, eta bereziki batasunerako bidean, bizitzan erabakigarri izan zitzaizkion elementuak aipatu zituen: Axularren lanarekin topo egin izana, Eusko Gogoa, Salbatore Mitxelena, Iparraldetik Arantzazura heltzen ziren erromesak, Jakin aldizkariaren zuzendaritza hartu zuenekoa, eta bertan, euskalki guztietako kolaboratzaileak izanik, denen estiloa berdintzeko helburuz egiten zituzten biltzarrak eta erabakien aurrean ezartzen zuten diziplina, Donapaleuko komentua…
Bazkalosteko saioak hitzalditxo multzoaren taxua hartu zuen, mahai-inguruarena baino gehiago, hara batutako sei lagunak bata bestearen jarraian aritu baitziren, Battittu Coyos moderatzailearen aurkezpenen ostean. Itxaro Borda idazleak literaturaren ikuspegitik heldu zion gaiari, baina gaiak eragiten dion ozpina ezkutatu gabe: “Batzuetan batuegia da eta besteetan ez da batua, batzuetan errazegia eta besteetan zailegia, inoiz ez dakit zein oinetan dantza egin”. Donostiako lagun batek gipuzkoarrek bezala idatzi beharko lukeela esan omen zion behin, eta handik heldu zen bere gogoetetako bat: “Euskal komunitateak Hegoaldekoek bezala idaztea eskatzen dio Iparraldekoari, gero eta gehiago”. Haren ustez, ordea, hitzak berak baino gehiago, hitzen edukia da arazoa. Itxaro Bordarentzat, “euskaraz idaztea batuaz idaztea da, baina beste euskalkietatik jasotzen ditudan molde, hitz eta gainerakoak txertatuz”. Literaturak, euskaraz egiteko beste moldeetan ez bezala, hitzekin jolas egiteko eta hitzei bizi berri bat emateko libertatea ematen duela azpimarratu zuen Bordak.
Peio Jorajuriak, Herria astekariko problematika azaldu zuen, eta halako medio batean, irakurle gehienak adin handikoak izanik, batura erabat lerratzeko leudekeen zailtasunak nabarmendu: “Erabiltzen den euskara ezin ulertu dutela esaten digute zahar batzuek, eta gazteek, gehientsuenek diote batua dutela ikasten eta arrotza zaiela Herria-n ikusten dutena”. Hitzak emeki sartzen dituzte, parentesian tokikoa emanez, eta horrela aitzinatzen dira, baina batuak gero eta agerikoagoa beharko lukeela iritzi dio.
Euskal Irratietako programazio arduradun Jose Luis Aizpuruk irratien eguneroko errealitatea azaldu zuen, euskaldunok bereziki konplexutik ari garela nabarmendu ostean. Inguru geografikoetatik heltzen diren albisteak hartu eta beretu egin behar izaten dituzte esatariek. “Terminologia frantsesaren mendekotasuna, siglen gehiegikeria, etengabe itzuli eta egokitu beharra… Ez gara itzultzaile, ez filologo, baina horri guztiari egin behar diogu aurre, egunero, geure kazetari lanetan, eta bakarrik egin behar izaten dugula esan behar”. Autodidaktak direla azpimarratu zuen, eta, izatekotan, Berria dela haien katixima, eta haien lanaz baliatzen direla, “itzulpen asko egin behar delako etengabe”.
Irakaskuntza eta Administrazioa
Aines Dufauk, Ikas erakundearen izenean, irakaskuntzaren erradiografia egin zuen, haien zeregina ikasmateriala sortzea denez. “Funtsezko beharra ez da euskalkietan finkatzen”, azaldu zuen Dufauk, “ikasleen %46 elebidunean hasten da, kolegiora heltzean %20 dira, baina lizeora heltzen direnak %10 besterik ez. Euskararen aldetik, molde beretik aritzen dira, euskara-marka azkarrik gabe nahasten dira, beraz ez dugu batua vs euskalkia delakorik. %10 horretan euskara bermatzen bada, hortxe da koska”.
Naroa Gorostiagak, berriz, administrazioa eta plaza publikoak euskalduntzeko problematikari heldu zion, Euskararen Erakunde Publikoaren izenean. Dena delakoa lantzen dutenean, bereziki kontuan hartzen dituztenak hartzaileak direla aipatu zuen: “Erabiltzaileak du azken hitza baina ematen ditugun irizpideen aldetik hartzailea izaten dugu gogoan. Departamentuko bide seinaleak ematen direlarik, Iparraldean diren termino batzuk kontuan hartzea nahi genuke”. Seinaleztatzea tokian tokikoaren arabera egin ohi dute: “Donapaleun eta beste tokitan ez dugu berdin ematen. Administrazioetako hizkera beti da arrotza; badugu esperantza euskaraz errazki ulertuko dutela, beharbada, frantsesez baino errazkiago”.
Xiberoko AEK-ko irakasle Joseba Garaik euskalduntze-alfabetatzearen ildotik egin zuen diagnosia. Batetik, euskarari buruzko adostasuna aski zabala dela aitortu zuen, ikastolak, hedabideak, helduen euskalduntzea eta gainerakoek osatzen duten “inteligentziari dagokionez”, hark esan zuen moduan esanda. “Euskaltzaindiak berak ere, euskalkiak errespetatuz, euskara batuaren pertzepzio baikor batean jarri gaitu”, gaineratu zuen, “baina bekaturik ere badu jatorriz, lehen urratsak Baionan eta erdialdeko euskalkietan kokatuak izanik, Iparraldeko zenbaitentzat ez delako sinesgarri gertatzen, eta hizkuntza bada identitatearen bektoriala ere”. Zuberoan euskara batua erakustea ez dela sinesgarri nabarmendu zuen eta AEKn xibereraz aritzen direla azaldu zuen, Iparraldeko AEK-k tokiko euskalkien aldeko deliberoa hartua duenez. Nolanahi ere, euskalkiak eta batua talkan jartzea “zentzugabekeria” handia litzateke bere ustez, eta euskararen bilakaera matriuskekin alderatu zuen, “batua, panpina handia izanik”. Haren irudiko, “hizkera bakoitza besteen sinergiez elikatu behar da. Halere, indar berezia egin beharko litzateke gazteen adierazpide eta hiztegian, gero eta gehiago frantsesera jotzen baitute”.
Sagrario Aleman eta Xarles Videgain euskaltzainen laburbildu zituzten jardunaldiko lerro nagusiak, baina haien aurretik aldarrikapen sozialak ere hartu zuen tokirik, programaziotik kanpo izan bazen ere. Euskararen oinarriak finkatu zireneko garai hartan, emakume idazlerik eta euskararekin engaiaturik ere bazelako Ipar Euskal Herrian, haien ekarpenak inon jaso ez diren arren: Marijane Minaberri, Marijeanne Malharin, Martxelin Arbelbide, Maria Jauregiberri, Etxelet, Jone Forkada...
Garbiñe Ubedaren kronika