EHUN URTE eta Euskaltzaindiaren zuhaitza sendo eta irmo dago, besteak beste, aldatzen eta egokitzen joan delako urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi. Gaitasun hori da gure euskararena, etengabe egokitzen eta estekatzen dena gure euskal gizartearekin.
Beste horrenbeste egin nahi dugu guk.
Baina EHUN URTE eta gure betiko zuhaitza zuhaitz berri bihurtu da, ordenagailuetako plaka nagusietan hain ohikoa den zirkuitu baten modura bere betiko adorea eta bizitasuna erakusteko. Lau haizeetara zabaldu nahi du Euskaltzaindiaren nahia, euskal gizartearekin batera aurrera egiteko nahi hori, euskarak hauspoa har dezan XXI. mende korapilatsu honetan.
EHUN URTE eta, betiko leloarekin batera, betor mendeurrena ospatzeko lelo berria: euskara ehuntzen.
Ez da hitz joko hutsa. Mendeurrenaren pisua azpimarratzen du lemak, baina, aldi berean, bestelako ideiak ere iradokitzen ditu: hala nola, euskara zaintzen, ikertzen eta lantzen jarraitu behar duela euskararen Akademiak, bai, baina euskalgintzarekin bat eginez, gure betiko zerbitzu bokazioa indartuz, gaur-gaurko premia eta eskabideei erantzuna emanez.
EHUN URTE eta koloreztaturik dator gure zuhaitza. Azken 25 urteotako berdea argitu dugu eta urre kolorez eman dugu lelo berria, mendeurrena ospatzeko.
EHUN URTE eta hemen gaude, bizirik eta bizi-bizi, beti egin duguna egiten, euskara ehuntzen, gure hizkuntza doitzen eta egokitzen, ekin eta jarrai, euskara bera eguneroko mintza-tresna izan dadin.
Bada, ehun(du) dezagun euskara!"
Sagrario Aleman (euskaltzain osoa eta Sustapen batzordeko burua)