NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

'Help the Basque Children' zigiluak

Natalia Benjamin

Erresuma Batuak ez zuen hasieran euskal umerik aterpetu nahi, Espainiako gerran ez parte hartzeko ituna sinatua baitzuen Europako beste 27 herrialderekin batera; baina, gizarte zibilaren presioaren aurrean, eta Gernikako bonbardaketak nazioartean eragindako zirrararen eraginez, amore eman, eta lau mila ume inguru hartu zituen azkenean. Hartu bai, baina besterik ez. The Basque Children’s Committee eta beste boluntario-elkarte batzuen bizkar geratu zen ume haiek guztiak zaintzeko eta haien egonaldia finantzatzeko ardura.

Testu-mota: Artikulua

Garaia: XX. mendea (1936-1939)

Argitalpen-urtea: 2005

Atala: Historia


Euskal Haurren Batzordeak (‘the Basque Children’s Committee’, BCC) zigilu batzuk atera zituen 1938an “Help the Basque Children” izenpean. Horrelako zigiluei “Cinderella” edo “Marixor” deritze filateliaren arloan, zigiluen itxura bai, baina posta-baliorik ez dutelako edota posta-administrazio ofizial batek argitaratuak ez direlako. Multzo horretan sartzen dira dirua biltzeko zigiluak edota Gabonetakoak, besteak beste.

Hiru bineta inprimatu zituzten. Lehenengoa, urdina, mutiko baten irudia erakusten zuena, 1938ko irailean argitaratu zen. José María Puertas zen mutikoa, Street-eko koloniakoa. Beste bi zigiluak, bata berdea eta bestea gorria, neskato baten irudia zeramatenak, 1938ko abenduan atera ziren. BCCren diru-bilketa kanpainaren barruan saldu ziren, honako azalpen honekin:

Mila euskal ume errefuxiatu Erresuma Batuak eskainitako bake ederraz eta segurtasunaz gozatzen ari dira oraindik. Hemen bizitzen jarraitu nahi dute Espainiako Gerra amaitu eta berriro beren amekin eta aitekin elkartzeko aukera izan arte, haietako gehienak preso politikoak baitira une honetan, edota berak ere errefuxiatuak. Baina haur horiek mantentzea dirua kostatzen da, eta horregatik, zigilu hauetako batzuk erosiz laguntzeko eskatzera datozkizu.

24 zigiluko orri bat 6 penny besterik ez da kostatzen. Oso gutxi da, baina 100.000 lagun batzen badira ahalegin honetan, pentsa zer izango den.

Zenbat saldu ziren jakiteko aztarnaren bat badugu, Spanish Relief-en 1939ko iraileko zenbakian (National Joint Committee for Spanish Relief-en 15. buletina) argitaratutako ohar bati esker: “Euskal haurren zigiluak martxa onean saltzen segitzen du. Ehun liberatik gorako irabazia ekarri digu orain artean”.

1939ko hasieran, Peace Pledge Union erakundeak, Langham-en (Colchester) kokatutako The Oaks kolonia finantzatzen zuenak, bere zigilua atera zuen, haiek ere dirua biltzeko asmoarekin eta “Oraindik Ingalaterran” izenpean. Zigilu horiek dohainik banatu ziren, baina donazioak eskatuz. Badakigu, Peace News-en argitaratutako artikulu bati esker (1939ko ekainak 30), irudian agertzen den haurrak sei urte zituela, koloniako hiru haur gazteenetako bat zela, eta Esperanza Careaga zuela izena.

Aita fusilatuta, ama gaixorik, eskea egiten da Esperanza Careaga haurra familia ingeles batek adopta dezan. Peace News 1939-06-30, 4. libk., 159. zk., 10. or.

Newsletter, Basque Children of’37 Association: UK, 3. zk, 2005eko martxoa, 5. or.
[Itzulpena: Asun Garikano]

INGALATERRAKO EUSKAL HAURREN ALDE DIRUA BILTZEKO BESTE EKIMEN BATZUK

Warwick Digital Collections

1. The National Council of Labour erakundeak ateratako eskuorria. Diru-laguntza eskatzen du Erresuma Batuan errefuxiatutako euskal haurrentzat.
2. Haur errefuxiatuentzat dirua biltzeko jaialdia iragartzen duen eskuorria. Royal Albert Hall, Londres, 1937ko ekainaren 24a. Izen handiak ageri dira parte-hartzaile eta babesleen artean: Pablo Picasso, Heinrich Mann, Paul Robeson, Pablo Casals, E.M. Forster, H.G. Wells, Virginia Woolf… Paul Robesonen mintzaldiak eta haren abestiek markatu zuten jaialdiko une gorena.
3. Royal Albert Hall-eko jaialdiko programaren azala, Pablo Picassok diseinatutakoa. Hizlarien artean iragarrita zegoen Picassoren izena, baina azkenean ez zen agertu.
4. Euskal umeentzat dirua biltzeko grabatutako diskoaren iragarkia. Parte-hartzaileak: Euskal Haurren Abesbatza eta Paul Robeson kantaria. Sometimes I Feel Like a Motherless Child abestu zuen Robesonek.
5. Euskal haurren kontzertua Londresko Rudolf Steiner Hall-en.
6. The New Spain filmaren estrainaldia eta euskal umeen kontzertua Londresko Phoenix Theatre-n. Argazkian, umeak antzoki batean ageri dira.
7. Euskal umeen kontzertua Londresko Wyndham's Theatre-n.
8. Donazioak egiteko eta haurrak adoptatzeko inprimakia, 1937ko abendua.
9. Euskal Haurren Batzordeak bultzatutako Gabonetako diru-bilketa.

Irudiak

1, 2, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9. Warwick Digital Collections.

3. www.basquechildren.org

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper