NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

Erbestean dantzan 70 urtez

Pirmin Treku (Zarautz, 1930 - Donostia, 2006)

Testu-mota: Memoriak

Garaia: XX. mendea

Argitalpen-urtea: 2006

Atala: Historia


Arraroa badirudi ere, eta nik dakidala, Shornell-go kolonian (Woolwich, Kent) egon ziren 21 euskal ume errefuxiatuen aipamenik ez dago orain arteko bibliografian. Eta hala ere, Stoneham-go kanpamentuan 21 egun pasatu ondoren, haraxe eraman gintuzten gu the Royal Arsenal Co-operative Society-ren babespean, elkarte hori baitzen Shornell izeneko mantsioaren jabea.

Pirmin bere bi arrebekin Ingalaterran.

1939. urterako, ume gehienak aberrira itzulita zeuden eta nire bi arrebak eta hirurok bakarrik geratzen ginen etxe hartan, gurasoak Mexikora erbesteratuta zeuden eta. Aita eta amak dena antolatu zuten guk Mexikorako itsasontzia hartzeko, prest geneuzkan maletak, baina zoritxarrez, Bigarren Mundu Gerra hasi berria zen, oso ondo gogoratzen naiz. Nolabait, iruditzen zait nire maletatxo zarpail hura desegiten aritu naizela beti. 9 urte nituen orduan.

Bigarren Mundu Gerran, bonbardaketak ia etengabeak ziren gure inguru hartan, juxtu gure etxe ondoko basoaren azpian baitzegoen the Woolwich Royal Arsenal delakoa, hau da, Erresuma Batuko armategirik handiena. Beti esaten diot neure buruari 10 urte betetzerako bi gerratatik atera nintzela bizirik: Bilboko setiotik eta Londreskotik.

Are gehiago, historia-ezagutza handirik ez da behar pentsatzeko Bilbon bonbardatzen gintuzten pilotu berak zirela orain Woolwichen bonbardatzen gintuztenak, zeren eta, orain jakina denez, Göringek pilotu alemanak mundu gerrarako entrenatzeko erabili zuen Espainiako gerra. Garai horretan, goitik behera zetozen bonbak saihesten nituen bitartean, Welling-eko Saint Stephen Lehen Hezkuntzako eskolara joaten nintzen, bosten bat miliako joan-etorria egunero. Autobuserako dirua ematen bazidaten ere, nahiago nuen diru hori neuretzat gorde, jateko zerbait erosteko.

1944an, Euskal Haurren Batzordeak (‘the Basque Children’s Committee’) arreba Lore eta biok Carshalton-go koloniara bidaltzea erabaki zuen, Shornellen bizi ginen euskal ume bakarrak baikinen ordurako, Eli arreba zaharrena Londresera joana zen eta. Carshaltonen, Pepe Estruch antzerki-zuzendari katalan ospetsuak Croydongo arte eskolara joateko aukera eskaini zidan, eta –beti izango du nire esker ona honengatik– Reginald Marlowe izeneko irakasle bikaina ezagutzeko zortea izan nuen han. Eskola orduak amaitzean, ikasle taldetxo bat Tour Handi bat egitera eramaten zuen Londresen barrena, hau da, museo nagusietara, kontzertuetara eta… New Theatre-ra –gaur the Albery Theather (St. Martin´s Field, West End)–, ballet saio bikoitza ikustera: Frederick Ashton-en Les Patineurs, Harold Turner-ekin, eta Giselle, Margot Fonteyn-ekin, biak the Sadler’s Wells Ballet-en eskutik. 14 urte nituen garai hartan eta sekula ez nuen izan halako…, nola adieraziko dut, sentipen askatzailerik –bi gerretako esperientziaren guztiz kontrakoa– nire bizi osoan. Oraindik ere entzuten dut nire burua esaten: “Horixe egin nahi dut!”.

Pirmin 15 urterekin.

Ballet esperientzia aztoragarri haren ondorengo egunetan ezin nintzen kontzentratu ez nire arte ikasketetan ez beste ezertan; ez nuen esnatu nahi erabat biltzen ninduen txundidura gozo hartatik. Handik egun gutxira, irentsita neuzkan Croydongo Liburutegi Publikoko ballet liburu bakan, baina zoragarri ilustratuak –Cervi Beaumontek idatziak denak. Arte eskolara joan beharrean, liburutegira jotzen nuen zuzenean, ilustrazioen bitartez balletaren munduan areago barneratzeko. Liburu haietan izan nuen aurrenekoz Ninette de Valois, Margot Fonteyn, Robert Helpman, Michael Soames, Frederick Ashton eta beste hainbaten berri.

Nire bat-bateko aldarte aldaketa ikusita, Reginald Marlowek iradoki zidan idazteko Ninette de Valois-i, Sadler’s Wells Ballet-eko zuzendariari, eta eskatzeko audizio bat, 14 urte nituen arren eta sekula balletik egin gabea banintzen ere. Hala eta guztiz, edo, hobeto esanda, zorionez, audizioa egiteko aukera eman zidaten, eta azkenean, doako matrikularekin onartu ninduten Sadler´s Wells Ballet School-en. Gorputz aproposa omen nuen balleterako, eta behar zen nortasun artistikoa ere ba omen nuen. 1947an kontratua sinatu, bigarren konpainiako dantzari izateko, eta Erresuma Batu osoan barrena dantzatu nuen. Baita USAn ere: 74 hiritan jardun genuen sei hilabetean. Paper nagusiak jokatu nituen Andrée Howard-en La fête étrange-n, John Cranko-ren Harlequin in April eta Reflections-en, Frederick Ashton-en Les Rendezvous eta Capriol Suite-n; printzearen papera ere dantzatu nuen Nutcracker-en, poetarena Les Sylphides-en, eta beste asko.

1945ean, the Sadler’s Wells the Royal Ballet bihurtu baino hilabete gutxi batzuk lehenago, the Royal Opera House Covent Garden-go lehen konpainiara pasatu nintzen, eta protagonista izan nintzen Leonide Massine-ren The Three Cornered Hat-en; Elihu, Ninette de Valois-en Job-en; Frederick Ashton-en Symphonic Variations-en… Mundu osoan barrena ibili ginen, harik eta 1960an ezkerreko belaunean lesio larri bat izan eta dantza uztea erabaki nuen arte.

Horren ondoren neure eskola zabaldu nuen Porton eta Portugalgo Ballet Nazionaleko punta-puntako hiru bailarina hezi nituen. 2004an erretiratu, eta jaioterrira itzuli nintzen, Zarautzera.

Habanara igo ginenean Santurtzin esan ziguten Ingalaterrako gure egonaldiak hiru hilabete iraungo zuela gehienez. Niri gehixeago kostatu zitzaidan itzultzea, ia 70 urte.

Newsletter, Basque Children of’37 Association: UK, 5. zk, 2006ko apirila, 12. or. [Itzulpena: Asun Garikano]

«Londresen, dantza-ikuskizunen programetan nire izena jartzeak zer esana sortu zuen. Han agertzen zen, Pirmin Aldabaldetreku, eta bere luzeragatik beste guztietatik nabarmentzen zen. Zuzendariak kargu hartu zidan: “Aizu izen hau ezin da horrela jarri, moztu egin behar duzu”. Nik ezetz eta ezetz, “ni Aldabaldetreku naiz eta hala izango naiz”. “Ezetz ba, Ingalaterrarako ez da izen egokia. Aldabalde jarriko dut”. “Aldabalde ez, jarri Treku”, esan nion, eta Treku gelditu zitzaidan».

«Konpainiako zuzendaria irlandarra zen, Ninette de Valois. Asko gustatzen zitzaion folklorea zen guztia, eta hark esan zuen ni interesgarria izan nintekeela. Euskaldunak ikusiak zituen dantzan, eta pentsatu zuen: "Hau haiek bezalakoa baldin bada, balio du guretzat". Hala izan zen. Bestalde, hain gazte izanik nuen konbikzioak konbentzitu zituen denak. Ikusi zuten mutil hari nahi zuena egiten utzi behar zitzaiola, bestela alde egin edo zer edo zer egingo zuela. Baina esan behar da nahiko bihurri eta menderakaitza ere banintzela, eta ez neukala balletak eskatzen duen diziplinarik. Bizitza librea eduki izan genuenez ordura arte, asko kosta zitzaidan puntualtasunera jartzea. Berandu heltzen nintzen klaseetara, eta de Valois-en liburuan hala jartzen du: "Guregana datorren haur euskaldun honi kasu egitea erabaki dugu, bere dantzarako talentua leku guztietara berandu iristeko duen gaitasuna bezain handia baita". Hori piropo handi bat da niretzat».

Pirmin Treku: "Konpainia on bat ikusita ezinezkoa da balleta ez gustatzea". Argia, Amets Arzallus, 2004/07/22.

Ikus hau ere

Pirmin Aldabaldetreku: «Egin nahi nuena egin eta gero, etxean nago». Berria, Amagoia Iban, 2006/03/05.

Irudiak

Photomuseum Argazki & Zinema Museoa, Zarautz.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper