1. Europako satorra. Iturria: Illustrierter Leitfaden der Naturgeschichte des Thierreiches, 1876. Egilea: Jos Zwarts.
Hemendik urrun, gaskoi herri batean gertatua omen da hau. Satorrez betea zuten herria. Hiri bateko karriken pare, bere karrika itsuak gurutzatuz, ezarria zuten lur azalaren pea. Pentzeetan eta larreetan zangoaren eta dailuaren azpian ez zen lur metarik baizen. Ezin burutziarik gehiago eginez, herriko gizon guziek betan gerla eman zieten sator guziei. Bai arteekin, bai aitzurrarekin, bere ustez, funditu zuten sator kasta guzia. Lur metak barreiaturik, betikotz bakea zeukaten alde horretatik.
Zonbeit egunen buruan horra non agertzen diren lur meta bat edo bertze. Bazen beraz oraino sator bat herioari eskapatua. Segur hargatik ez zitekeen bertzerik; hain ontsa garbituak zituzten… Egiten dute behar dutela azken hau bizirik atzeman, eta bizirik jalgitzen dute. Larderiaren erakusteko eta sator arrazaren sekulako izutzeko eta herritik urrun atxikitzeko, behar zen etsenplu bat egin. Herriko kontseilua biltzen da zer kastigu emanen dioten azken satorrari. Hil behar duela ageri da, baina zer heriotza behar ote diote pairarazi.
Batek dio lepoa behar zaiola pikatu; bertze batek ganibetean behar dela pasatu; bertze batek berriz goserik hilarazi behar dela. Azkenean, ordu arte isilik egonik, kontseiluko serios bat mintzatzen da donuarekin. Hona zer ateratzen duen:
–Jaunak, nik aditu dut aitaso zenarengandik zaharragoen errana, gizonarentzat heriotzarik izugarriena dela bizirik ehorztea.
Eta orok erran zaharra on harturik, satorra kondenatzen dute bizirik ehorztera. Eta gero badoaz berehala, bertze asko herritarrekin –ez dakit jaun auzapeza xarparekin zenetz–, badoaz beraz azken satorrari heriotza izugarri horren ematera. Bizirik ehorzten dute! Handik laster...
Irudiak
1.
via Wikimedia Commons.
2.
Bilketa.eus.
















