
R.T.M. Scott-en The Spider Strikes istorioko ilustrazioa.
The Spider aldizkaria (1933ko urria, 1. lib., 1. zk.).
Mutil batek bazeukan andregai bat, eta harekin ateratzen zen. Andregai hori oso neska ederra zen, eta gainera hiztuna eta atsegina. Aldi batean elkarrekin ibili ondoren, mutilak erabaki zuen ezkondu egin behar zutela, baina jakin nahi zuen hobeto neska haren berri, haren gurasoak zein ote ziren etaaa…
Neska, bera bakar-bakarrik bizi zen etxe batean, eta mutilak zerbait galdetzen zionean, beti barre txiki bat egin ohi zion, behin ere erantzun garbirik eman gabe.
Hala ere, behin biak hizketan ari zirela, neskak sorginkeria batzuk esan zituen, eta mutila kezkatzen hasi zen, berak maite zuen neska eder hura sorginen bat izango ote zen.
Galdezka ibili zen auzoko emakume batzuei, neska hura nor izan zitekeen, baina inork ez zion garbitasunik ematen. Mutilak geroz gehiago maite zuen neska hura, baina geroz gehiago hasi zen konturatzen ere neska hura ez zela erabat besteak bezalakoa. Gehiago eta gehiago buruan sartzen ari zitzaion neska hura sorginen bat izan behar zuela.
Azkenean, kezketatik ateratzeko, neskari berari galdetzea izango zela onena pentsatu zuen, eta egun batean biak hizketan ari zirela, horrela galdetu zion:
—Zure gurasoak ez ote ziren sorginak?
—Eta ni sorgina banintz —erantzun zion neskak—, ezkonduko al zinateke nirekin?
—Baita sorgina izanda ere —esan zion mutilak, begietara begiratuz—, ezkonduko nintzateke zurekin.
—Sorgina naiz bada ni —erantzun zion neskak, barre txiki bat eginez—. Nire aurreko guztiak ere sorginak ziren.
Mutila ikaratuta gelditu zen gauza hori hain garbi jakitean, baina oraindik hobeto ezagutzearren, galdetu zion berriz neskari:
—Nola konturatuko nintzateke ni zu sorgina zarela?
—Etor zaitez bihar iluntzean gure etxera, eta esango dizut.
Neska hark bere guraso eta beste sorgin batzuekin hitz egin nahi izan zuen, mutilari erantzuna ematerako. Gauerdian izan ohi zituzten beren bilkurak, eta orduan erabakiko zuten mutilari zer esan.
Horrela, hurrengo iluntzean, mutila neskaren etxera etorri zenean, hau beti bezain alai eta itxura onekoa zegoen.
—Orain esango al didazu? —galdetu zion mutilak.
—Bai —hasi zen neska—. Holako etxetan, gaur gauean haurra izango du hango andre gazteak. Ni han izango naiz. Zu ere joan. Haurra jaiotzen denean, ni armiarma baten antzean jaitsiko naiz goiko habetik haurraren buru gainera, eta nik ukitu orduko, haurra hilda geldituko da. Hortik ezagutuko duzu ni sorgina naizela. Gauza bat esan behar dizut: haurra hiltzen denean, inori ez utzi ur bedeinkaturik haren burura botatzen, bestela ni hilda geldituko naiz.
Mutila geroz larriago eta estuago zegoen, gauza horiek denak entzunda. Joan zen haurra jaio behar zen etxe hartara, eta ordurako han zebiltzan bat mediku bila eta besteak etxeko gauzak zuzentzen. Harrituta gelditu ziren mutil hark esan zienean:
—Badakit ez dela oso gauza egokia mutil bat gauza hauetan sartzea, baina ni gaur gauean umea jaiotzen denean, kuarto hartan egon beharrean nago.
Denek pentsatu zuten mutil hark izango zuela bere arrazoiren bat, eta ez zioten ukatu.
Haurra jaio zenean, mutila han zegoen zain, baina haurrari baino gehiago begiratzen zion hark goiko habeari. Haurra jaio orduko, hasi zen handik behera armiarma bat jaisten, eta zuzen-zuzen umearen buru aldera jaitsi zen. Berehala mutilak atera zuen poltsikotik horretarako eramanda zeukan ontzitxo bat, eta ur bedeinkatuaz igurtzi zituen haurraren burua eta armiarma. Alditxo bat egon zen ezer gertatzen ote zen, eta umea ez zela hil ikusi zuenean, inori ezer esan gabe, bere etxera joan zen.
Hurrengo egunean, andregaiaren etxera joan zenean, hantxe zegoen hau, luze-luze etzanda sukaldean. Hilda zegoen.
Josefa Zurutuza ama zenari entzuna.
ARRATIBEL, Jose (1980). Kontu zaharrak. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca. (147-149).
Ikus hau ere
ARRATIBEL, Joxe (1995). Kontu zaharrak. Donostia: Erein. [Euskara batuan. Miel Anjel Elustondoren edizioa].
Joxe Arratibel Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.
Irudia
Popular Publications, , via Wikimedia Commons.