NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

ERREGEA ALA GATZA

Jose Migel Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1889-1991)

Testu-mota: Ipuin miresgarria

Atala: Ahozko Literatura

Gako-hitzak: neska zorritsua

Hans Christian Andersen-en Fairy Tales and Stories, 1900. Ilustrazioa: Hans Tegner (1853-1932).


Mundûn beste asko bezela, errege atek ementzeuzken iru alaba.
Beiñ alaba zârrenâri galdetu ementzion:
—¿Zer derizkiozu: ni ala gatza da bearrâgoko gauzea mundûn?
—Zu bearrágokoa zea gatza baño —eantzu’ ementzion…

Munduan beste asko bezala, errege batek omen zeuzkan hiru alaba.

Behin alaba zaharrenari galdetu omen zion:

—Zer deritzozu: ni ala gatza da gauza munduan?

—Zu beharragokoa zara gatza baino —erantzun zion.

Galdera berbera egin zien beste bi alabei ere. Zaharrenak bezala erantzun omen zion batek; baina gazteenak esan zion:

—Mundua zu gabe izan liteke, baina ez gatz gabe.

Orduan errege hori erabat sutu omen zen, eta bere morroiei agindu zien alaba gazteenari, urrutiko mendi batera eramanda, han bizia kentzeko; eta haren begiak eta bihotza aterata, berari ekartzeko.

Erregek agindu bezala, alaba hori morroiak mendira eraman zuen. Txakur bat ere haiekin batean joan zen.

Morroiak oso errukitu eta elkarri egiten omen zioten:

—Zertarako kendu bizia neskato gaixo honi? Hobea duk, horrako zakur hori hilda, berorren begiak eta bihotza erregeri eramatea.

Baita esan eta egin ere. Larrutu zakurra, eta kendu bihotza eta bi begiak eta, neska mendian utzita, joan omen ziren erregearengana.

Neskato gaixoa han zebilen mendian, jo batera eta jo bestera.

Halako batean etxe txuri bat ikusi zuen eta harantz joan zen. Handiki baten palazioa omen zen hura.

Hango etxekoandrea bere neskameekin labesua egiten omen zebilen garai hartan.

Deitu zuen atean, eta baita galdetu ere neskamerik behar zuen.

Lehengo neskameek aurpegi iluna jartzen zioten, eta etxekoandreari berari ere neskametzarako neskato apaintxoa zela hura iruditzen zitzaion.

Baina neskatoak berriz ere hura neskametzat har zezala erregutu egiten zion. Etxekoandreak, errukituta, azkenean hartu egin zuen.

Egunero-egunero mendira bidaltzen omen zuen artzain.

Ardiak larrean zebiltzan bitartean, bera lore biltzen ibiltzen zen. Eta lore horiekin hango ermita bateko Ama Birjina apaintzen zuen.

Behin Ama Birjinak poltsa txiki bat gatzez betea eman zion. Eta esan omen zion:

—Poltsatxo hau kolkoan eraman behar duzu beti, eta gauetan etxera joan eta sutondoan jartzen zarenean, aldian-aldian gatz ale bat sutara bota behar duzu.

Beste neskame-morroi denak berehala ohartu ziren zerbait sutara botatzen zuela, eta zorriak kolkotik ateratzen zituela-eta zorritsuka ibiltzen zuten.

Baina etxekoandreak beti erruki handia izaten zion eta beti ondo hartzen zuen.

Loreekin ermita apaintzera joan zen batean, Ama Birjinak esan omen zion:

—Gaur holako herritan festa da, eta hara joan behar duzu.

—Baina nola ardiak zainduko ditut hara joanda?

—Nik zainduko ditut.

—Jantzirik ere ez daukat, ordea.

—Begira. Hartu honako intxaur-ale hau eta zabaldu ezazu.

Hartu intxaurra eta zabaldu zuen, eta halako zilar-hariz egindako soineko eta oinetakoak zeuden barruan.

Jantzi haiexek eta festara joan zen. Berez neskato ederra omen zen oso, eta, gainera halako soinekoarekin ikusita, jende guztia harritzen zen.

Bere etxekoandrearen seme zaharrenak berarekin dantza egin omen zuen, eta gero iluntze aldean haren ondoren abiatu zen, etxeraino lagundu behar ziola eta. Baina ez omen zuen ezagutu nor zen.

Herritik atera zirenean, neskato horrek mutilari esan omen zion:

—Atsegin har dezagun hementxe eserita, ni nekatu naiz eta.

Eseri omen ziren, eta mutil hori loak hartu zuen.

Orduan neskak bere mendira alde egin zuen. Han, jantzi bere soineko zaharra, eta beti bezala artaldearekin etxera joan zen.

Gau hartan ere, kolkotik aterata, gatz-aleak aldian-aldian sutara botatzen zituen. Gatzak zirt-zart egiten sutan, eta beste neskame-morroiek, sutara zorriak botatzen zituela-eta, zorritsuka ibili zuten.

Beste batean, bere loreekin ermita apaintzera joan zen batean, Ama Birjinak esan omen zion:

—Holako herritan gaur festa da ba, eta hara joan behar duzu.

—Baina nola zaindu ardiak hara joanez gero?

—Nik zainduko ditut.

—Ez daukat, ordea, nik soinekorik ere holako lekura joateko.

—Horrako hurritz horri kenduta ekar ezazu hur-ale bat.

Ekarri omen zion, bada. Eta Ama Birjinak hur-ale hura zabaltzeko agindu omen zion. Zabaldu zuen, eta halako urrezko soineko eta oinetako ederrak zeuden barruan tolestuta.

—Horiek jantzi eta zoaz —esan zion Ama Birjinak.

Joan zen ba, festara. Eta halako neskagazte ederra eta dotorea ikusita, harriturik omen zegoen jende guztia.

Egun hartan ere bere etxekoandrearen seme zaharrenarekin dantza egin zuen. Mutilak ez ezagutu hura orduan ere; baina egun horretan eraztun bat eman omen zion.

Iluntze aldera mutil hori, etxeraino lagundu behar ziola-eta, ondoren hasi omen zitzaion.

Herritik atera zirenean, neskak esan zion:

—Hementxe atsegin har dezagun eserita, ni nekatu naiz eta.

Eseri ziren ba; eta gero mutil hori loak hartu zuen, eta neska bere mendira joan zen.

Gero, bere jantzi zaharrak hartzera ermitara joan zenean, Ama Birjinak esan omen zion:

—Bihar zure etxekoandreak labesua du, eta opil bat egiten zuri uzteko esan behar diozu. Eta opil horren erdian sartu etxekoandrearen semeak eman dizun eraztun hori.

Gero, bere artaldea aurretik zuela, etxera joan omen zen.

Hurrengo goizean etxekoandreari erreguka hasi zitzaion, opil bat egiten hari uzteko esanez.

Beste neskame guztiak muturka hasi omen zitzaizkion, ea nork jan behar zuen zorritsu hark egindako opila.

Hala ere, horratio, etxekoandreak opil bat egiten utzi zion.

Egin omen zuen bere opil hori, eta baita barruan eraztuna sartu ere.

Labetik opilak atera zituztenean, denetan opilik ederrena neskato hark egindakoa gertatu omen zen. Eta huraxe, eguerdian jateko, eramanarazi zuen etxekoandreak seme zaharrenarentzat.

Mutil horrek, mahaian jarri zen orduko, opila erdibitu zuen. Eta hantxe bilatu eraztuna. Orduan abisatu zuen opil hura egin zuena joateko beregana.

Hau neskame-jendeak jakin zuenean, han omen zen iskanbila.

Zorriren bat bilatuko zuela seguru ere opilaren barruan, omen zioten denek.

Neskato gaixo hura joan zen ba, mutil haren mahaira, eta ordutik hartu omen zuten ezkontzeko lana.

Handik berehala ezkondu omen ziren.

Gizona handikia zen, eta inguruko errege eta beste askori ezteietara deitu zien.

Andregaiaren aita ere han zen. Andregaiak, bere aitari jana gatz gabe jartzeko agindu omen zuen.

Gero bazkalondoan joan omen zen bere aita horrengana eta ea bazkaria ona al zegoen galdetu omen zion.

—Bazkari ederra zen; gatzik gabe egotea… —erantzun omen zion.

—Ez al zara akordatzen nola hiltzeko bidali ninduzun, gatza munduan beharragoa zela errege bat baino esan nuelako?

Hau aditu zuenean, errege horri nahigabe batek eman zion, eta bertan hil omen zen.

Neska hura erregearen alaba zela, orduantxe azaldu zen.

Gero senar-emazte horiek ondo bizi izan omen ziren.

Hori hala bazan sar dadila kalabazan.

1902. urte aldera Ataunen bildua.

BARANDIARAN, Jose Miguel (1973). Obras Completas II. Bilbao: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca. (294-297)

Ikus hau ere

AIZPURUA, Jon, AIZPURUA, Jexux (2000). Joxe Migel Barandiaran. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

, via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper