NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

LAMINAK NONAHI

Jose Migel Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1889 – 1991)
Jean Barbier (Donibane Garazi, Nafarroa Beherea, 1875 – Senpere, Lapurdi, 1931)

Laminak, gaur egun, fantasiazko izakitzat hartzen dira, baina lehengo garaietan esaldi borobil batekin erabakitzen zen haien edo sorgin, iratxo eta abarren izateari buruzko zalantza: “Izena duen guztia da”.

Laminek gizakiekin izandako hartu-emanen lekukotza ugari iritsi dira gaurdaino. Hemen dituzu adibide batzuk.

Testu-mota: Elezaharra

Atala: Ahozko Literatura

1. Artzaina lamina baten ihesi.
Ilustrazioa: Jean Paul Tillac (1880-1969).


ZEANURIN (BIZKAIA)

Muñegi’ko etzearte-alboan be esaten daube bixi ziriala lamiñek, eta sarri ulia orraztuten egoten ziriala…

Muñegiko auzo alboan ere esaten dute bizi zirela laminak, eta sarri ilea orrazten egoten zirela.

Baina ezer ez zen pasatu inoiz haiekin; bakarrik, beldur handia edukitzen zuten Muñegiko andreek, esaera zelako andreen koipea gustatzen zitzaiela laminei.

Zeanuriko Lino Larrazabalek Pedro de Atuchari kontatua 1920ean.

Lamiñek Lanbreabeko Laminapotsuetan bixi ei-ziran da bat Gorostiaga’ko mutil bategaz enamorau zen…

Laminak Lanbreabeko Laminapotsuetan bizi ei ziren eta bat Gorostiagako mutil batekin enamoratu zen. Mutil hori hil zen eta lamina gaubeila egitera etorri ei zen. Eta atera zuen izara bat intxaur oskokoletik, eta harekin tapatu zuen mutilaren gorputza, eta han zeuden iltzeekin josi. Eta goizean oilarrak jo zuenean, izara bertan utzita, eskapatu egin ei zen.

Zeanuriko Juan de Añibarrok kontatua 1931n.

 

UREPELEN (NAFARROA BEHEREA)

Yentilia-borda’n bizi zen oai dela biogoi urte Putiko izena ziin gizon xaar bat…

Jentilia-bordan bizi zen orain dela berrogei urte Putiko izena zuen gizon xahar bat.

Hark erraten zuen Maltsoenmaldako leizearen aitzineko aldean den zelaian ikusi zuela gaitzeru bat urre eguzkitan idortzen.

Berak erraten zuen han laminak omen zirela eta barnean ganberak eta bertze harrarteak bazirela.

Urepelgo Beñat Aranbelek kontatua 1948an.

 

EZPELETAN (LAPURDI)

Nere andreain amak, Gaxuza Mendigibel Ezpeleta-Hartsugaina’koak, erratentziun Mondarrain’go kaxko-kaxkoan andere bat ai zela behin bere buruko iliain orrazten urre-orrazeaikin.

Nire andrearen amak, Gaxuza Mendigibel Ezpeletako Hartsugainekoak, erraten zigun Mondarraingo kaxko-kaxkoan andre bat ari zela behin bere buruko ilearen orrazten urre orraziarekin.

Itsasuar artzain batek ebatsi omen zion urre orrazia eta lasterka eskapatu omen zen. Omen! Omen erraten baita ez bada ikusia.

Gero andere hark gibeletik erran omen zion:

—Eskerrak emazkiok eguzkiari.

Eguzkia ateratzen ari baitzen orduan, eta erraten dute sorginek eta laminek ez dutela indarrik eguzkiarekin.

Ezpeletako Hartsugainea etxeko Manes Daliak kontatua 1942ko irailaren 14an.

 

ZUGARRAMURDIN (NAFARROA GARAIA)

Zugarramurdi’n, lezetik hurbil, bada etxe bat: Lekuberria du izena.
Errate’ute, lenauko denboretan lezean bizi zen lamiña bat gaten omentzela gau guziz etxe ortaa…

Zugarramurdin, leizetik hurbil, bada etxe bat: Lekuberria du izena.

Erraten dute, lehenagoko denboretan, leizean bizi zen lamina bat joaten omen zela gauero etxe horretara, eta tximiniatik sartzen omen zen sukaldera, etxekoandrea iruten ari zelarik.

Eta etxekoandreari xingarra errearazten omen zion zartaginean eta artoa xigorrarazi, eta xingar-urinetan artoa busti eta ederki afaltzen omen zuen.

Etxekoak asperturik omen ziren beti arratsero hari jaterat ematen.

Nagusia gelditu omen zen arrats batez sukaldean etxekoandrearen arropak jantzita. Eta etxekoandrea bezala iruten hasi omen zen.

Lamina etorri tximiniatik, eta gizonari begira gelditu. Eta erran omen zion:

—Atzo piririn-piririn ari hintzen eta gaur purdunga-purdunga: nor haiz hi?

Nihaurk neure buru —erantzuna gizonak.

Gizonak xingarra erre omen zion, eta xingar haren urina laminari bota bisaiara.

Lamina tximinia goiti joan omen zen marrumaka.

Leizeko lagunak bidera atera eta:

—Nork egin dik? Nork egin dik?

—Nihaurk neure buru —erantzuna.

—Herorrek heure buruari egin badiok, zer egingo diagu ba? —erran omen zioten lagunek.

Zugarramurdiko Dominica Giltzuk kontatua 1941eko martxoaren 4an.

 

BEHORLEGI MENDIAN (NAFARROA BEHEREA)

Beorlegi-Mendin non nahi baziren lehenago Lamin-ziloak…
Artzain batek, egun batez, ikusi zuen Bas’Andre bat, urhezko orhaze batekin zilo hetarik batean orhaztatzen ari: ez baitzen guti harritu!

Behorlegi mendian nonahi baziren lehenago lamina-zuloak…

Artzain batek, egun batez, ikusi zuen basandere bat, urrezko orraze batekin zulo haietarik batean orrazten ari. Ez baitzen guti harritu!

Baina basandereak erran zion ez izutzeko eta zulo hartarik, bizkarrean hartuta, eramaten bazuen Aphanizeko gailurrera, diruz zer nahi emanen ziola.

Artzainak baietz, eramanen zuela gogotik.

Hartu zuen beraz bizkarrean; baina, zulotik atera ere gabe, sekulako animaliak jalgi zitzaizkion bidera. Harritu zen artzaina, eta, basanderea han berean jaurtirik, eskapatu zen ahalik eta lasterrena.

Basandereak, orduan, oihu bat egin zuen ikaragarria, eta erran zuen marrumaz: “Madarikatua ni! Mila urtez egon behar baitut orain zulo honetan!”.

Geroztik han da, zulo hartan, eta artzainik ez da sekula harat menturatzen.

2. Lamiña ziloa terma Gamere-Zihigan (Zuberoa).

Erreferentziak

BARANDIARAN, Jose Miguel (1973). Obras Completas II. Bilbao: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca. (425, 445, 423, 428 eta 436).

Azken pasartea: BARBIER, Jean (1931). Légendes du Pays Basque. Paris: Librairie Delagrave.

Ikus hau ere

AIZPURUA, Jon, AIZPURUA, Jexux (2000). Joxe Migel Barandiaran. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

DUHAU, Henri (2009). Jean Barbier. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

  1. Jean Barbier, Légendes du Pays Basque, 1931.
  2. Utolotu, , via Wikimedia Commons. Lan hau Creative Commons Aitortu 4.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper