
Grimm anaiek jasotako Eskurik gabeko dontzeila ipuinaren ilustrazioa.
Egilea: Gordon Browne (1858 – 1932).
Mundûn beste asko bezela etxe atên senarremazte gazte batzûk bizi ementzien senarrên amâkin batên.
Beiñ senar oi urrutiko pâje’atea denboa luzeko jûn ementzan. Eta etxên amaiarreba eta errañe geatu ementzien.
Munduan beste asko bezala, etxe batean senar-emazte gazte batzuk bizi omen ziren senarraren amarekin batean.
Behin senar hori urrutiko paraje batera denbora luzerako joan omen zen. Eta etxean amaginarreba eta erraina geratu ziren.
Handik berehala errainak bi haur egin zituen: semea eta alaba.
Amaginarrebak errainari gorroto gaiztoa zion eta begiz ezin ikusi zuen. Eta semeari abisatu omen zion haren andreak txakurra eta katua egin zituela.
Orduan senarrak etxetik bidal zezala emazte hori agindu zion amari.
Eta hala, behingo batean amaginarrebak morroi bati deitu, eta erraina bere seme-alabekin urrutiko mendi batera eraman eta hil zitzala agindu zion, eta gero errainaren bi eskuak eta bihotza ekar zitzala.
Ba omen zihoazen morroi hori eta andre gaztea bi haurrekin, eta txakur txiki bat ondoren.
Mendira iritsi zirenean, morroiak andre gazte horri azaldu zion zer eginkizun zekarren. Eta orduan andre gaixo hark, negarrez, bera hil zezala, baina seme-alabatxo haiek ez zitzala hil eskatu omen zion.
Morroi hori errukitu zen; baina etxekoandre zaharraren beldur izan, eta andre gazteari bi eskuak kendu, eta txakur txikiari bihotza, eta hala emakume errukarri hura bere umeekin bizirik uztea erabaki zuen. Eta baita halaxe egin ere.
Emakumeari alportxa bi lepotik jarri, eta sartu han bi umeak, bat aurretik eta bestea atzetik, eta hala bakarrik mendian utzi zituen.
Andre gazte hori bere umeekin han omen zebilen gaixoa, jo batera eta jo bestera.
Behin errekatxo batera inguratu zen, eta bi umeak batera ur eske hasi zitzaizkion:
—Mama, mama!
Joan ibai ertzera, eta han zerbait makurtu zen ume horiek ahoarekin ura irits zezaten; baina ume biak uretara erori zitzaizkion eta bere begien aurrean hantxe ito zitzaizkion.
Andre gaixoa harri-tontor baten gainean omen zegoen negarrez.
Halako batean, ibaiaren beste aldeko ertzetik guztizko emakume eder bat eskuan makilatxo bat zuela agertu zitzaion.
—Zer darabilzu? —galdetu zion.
Esan omen zion ba, zer gertatu zitzaion.
—Sar ezazu uretan eskuineko eskua —esan zion emakume hark.
Sartu zuen, eta baita beso hori, bere esku ederrarekin, atera omen zuen.
—Sartu beste besoa ere.
Sartu zuen, eta, bestea bezalaxe, bere eskuarekin atera omen zuen.
Eta orduan bi umeen gorputzei heldu eta uretatik agudo atera zituen, eta kanporatu ziren orduko bizi-bizirik agertu ziren.
Orduan emakume eder hark esan omen zion:
—Hara hemen makilatxo bat: hartu hau, eta hor mendi gainera igo, eta handik berehala bilatuko duzu toki zelai garbi bat, eta haren erdian egin ezazu lurrean makila honekin arrasto bat eta han izango duzu zuk behar bezalako bizitokia.
Hori esanda, emakume hori, , ezkutatu zen. Ama Birjina omen zen hura.
Hark esan bezala, joan omen ziren mendi gainera, eta hango zelai baten erdian egin makilarekin arrasto bat, eta halako etxe txuri eder bat agertu zen.
Hantxe bizi izan ziren urte batzuetan.
Seme-alabak eguzkia baino ederragoak hazi omen ziren.
Behin batean hiru ehiztari agertu ziren mendi hartan, eta gauerako ostatu eske etxe txuri hartara joan gainera.
Etxekoandreak ondo hartu zituen.
Afalondoan, ehiztari horietako batek etxekoandrearen bizitokian deitu zuen, eta baita sartu ere bertan.
Orduan etxekoandreak esan omen zion:
—Itxi ezazu horrako leiho hori.
Itxi zuen leihoa; baina hark itxi orduko bera zabaltzen zen. Eta hartan, leihoa itxi eta leihoa zabaldu, ehiztari horrek gau guztia pasatu zuen.
Bigarren gauean ere ehiztari horiek ostatuz etxe hartan bildu omen ziren.
Eta gau hartan ehiztari haietako beste batek deitu zuen etxekoandrearen bizitokian. Baina hark ere, lehenak bezala, leihoa ezin itxirik gaua pasatu zuen.
Hirugarren gauean hirugarren ehiztaria joan zitzaion bere bizitokira etxekoandreari, baina etxekoandreak ez omen zion honi leihoa ixteko lanik eman.
Hurrengo goizean hirugarren ehiztari horri etxeko mutil koxkorrak, eskuetan ontzi bat zuela etorri, eta esan omen zion:
—Aita, tori ura, garbitzeko.
Gero neskatoa etorri zitzaion zapi batekin, esanez:
—Aita, tori zapia, esku-musuak lehortzeko.
Ehiztari hori ume haien hitzekin oso harriturik geratu zen, eta gero etxekoandreari ea hori zer zen galdetu zion.
Orduan emakume horrek bere bizitzako gertaera denak azaldu zizkion. Eta ehiztariak bere emaztetzat ezagutu zuen. Eta bere etxera eraman bere andrea eta bi umeak.
Eta gero amaginarreba sorgin hura herriko plazaren erdian errearazi omen zuten.
Hori hala bazan, sar dadila kalabazan.
1904. urte aldera Ataunen (Gipuzkoa) bildua.
BARANDIARAN, Jose Miguel (1973). Obras Completas II. Bilbao: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca. (495-496).
Ikus hau ere
AIZPURUA, Jon, AIZPURUA, Jexux (2000). Joxe Migel Barandiaran. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.