
Je suy le poure Diable, XVI. mendea. Egile ezezaguna. Jeronimo Bosch-en (ca. 1450-1516) arabera.
Mundûn beste asko bezela mendi ’atên etxe ‘at ementzeôn, eta etxe artan anaie-areba gazte bi bizi ementzien.
Autse bildu ta autse saldu, ala bizimodue atâtze ementzoên.
Pertz batên autse biltze ementzoên, eta pertz orekiñ, kirten-aldêrdi banatati bakoitzek elduta, bîk ibiltze ementzien...
Munduan beste asko bezala, mendi batean etxe bat omen zegoen, eta etxe hartan anai-arreba gazte bi bizi ziren.
Hautsa bildu eta hautsa saldu, hala bizimodua ateratzen zuten.
Pertz batean hautsa biltzen zuten, eta pertz horrekin, kirten alderdi batetik bakoitzak helduta, biak ibiltzen ziren.
Behin mendian gizon bat agertu zitzaien, eta hark emango ziela beste bizimodu bat esan omen zien.
Eskopeta bat eta bi zakur, handiak, eman zizkien, eta ehiza harrapatu eta saltzeko esan zien.
Hala, anaia ehizan hasi zen, eta arreba etxean egoten zen.
Behin deabrua joan zen etxe horretara, arreba bakarrik zegoela. Eta atetik hots egin omen zion:
—Dar-dar-dar, eskuineko lehenengo behatza.
—Ez diat emango —erantzun zion neskak.
—Ematen ez badidan, jan egingo haut.
Hau aditu zuenean, neska hori beldurtu, eta ate-zulotik luzatu egin zion behatza.
Deabruak txupatu eta ximelduta utzi zion. Gainera esan omen zion:
—Bihar goizeko hamarretan etorriko naun. Ez inori esan, bestela jan egingo haut.
Hurrengo eguneko hamarretan joan zitzaion berriz ere deabru hori eta atetik hots egin zion:
—Dar-dar-dar, ekatzan eskuineko bigarren behatza.
Luzatu omen zion bigarren behatza, eta deabruak txupatu eta ximel-ximel utzi zion.
Neska geroz eta tristeago jartzen ari zen, eta anaiak nonbait igarri, eta halako batean ea zer gertatzen zitzaion galdetu zion.
—Ezer ez —erantzun zion.
Hurrengo egunean ere joan zitzaion deabrua, eta esan zion:
—Dar-dar-dar, ekatzan eskuineko hirugarren behatza.
Luzatu zion hirugarren behatz hori, eta deabruak beti bezala txupatu eta ximelduta utzi zion.
Laugarren egunean laugarren behatza txupatu zion.
Neska hori gaixotu egin zen.
Anaia beti galdezka omen zeukan, eta azkenean zer gertatzen zitzaion aitortzera behartu zuen.
Ehiztari hori etxean geratu zen bosgarren egunean. Bere bi zakurrak neskaren ohe-adarrari lotu eta bera erdian eskopetarekin jarri zen.
Deabruak, etorri, eta atetik hots egin zion:
—Dar-dar-dar, ekatzan eskuineko bosgarren behatza.
—Ez, ez diat emango —erantzun zion neskak.
—Biok jango zaituztet, ematen ez badidan.
Eta hala deabrua, ateak hautsita, barrura sartu omen zen.
Orduan mutilak askatu zakurrak eta xaxatu zituen, eta bien artean deabru hori txiki-txiki eginda utzi zuten.
Behin mutil horri, mendian ehizan zebilela, gizon bat agertu zitzaion, eta esan omen zion:
—Goazen nire etxera.
Eta hala, eraman zuen palazio batera, sartu zuen barrura, eta kuarto batetik atera eta bestean sartu, kuarto batetik atera eta bestean sartu, pasarazi zizkion hamabi kuarto, eta hamahirugarrenean sartu zenean, esan omen zion:
—Ba al dakik nork hil zuen nire anaia?
Eta hamahiru ateak hamahiru giltzarekin itxi eta han utzi zuen mutil gizajoa.
Orduan ehiztari mutil horrek bere zakurrei deiadar egin zien.
Baina dena isilik.
Berriz eta berriz ere deiadar egin zien.
Eta halako batean, mendian, urruti, zaunka-hotsa zelakoa edo ez zelakoa aditzen omen zen.
Deiadar egin berriz ere.
Zaunka-hotsa geroz eta erosoago eta geroz eta erosoago aditzen omen zen.
Noizbait ere bi zakurrak iritsi omen ziren palazioko ateetara, baita bertan txikitu deabrua, hautsi hamahiru ateak eta beren nagusia libratu ere.
Gero hango ondasunak hartu eta etxera joan omen zen. Eta hala uste gabe erabat aberastu, herri batera jaitsi, eta han anai-arrebak eta zakurrak ondo bizi izan omen ziren.
Hori hala bazan, sar dadila kalabazan…
Ataungo Murkondo auzoko andre batek kontatua Barandiarani.
BARANDIARAN, José Miguel (1925). “Eusko-Folklore. Cuentos y leyendas”, Revista Internacional de Estudios Vascos, RIEV 16, 2: 174-177.
Ikus hau ere
AIZPURUA, Jon, AIZPURUA, Jexux (2000). Joxe Migel Barandiaran. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Irudia
Rijksmuseum, , via Wikimedia Commons.