NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

JENTILAK NOLAKOAK ZIREN ETA HAIEN AZKENA

Jose Migel Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1889-1991)

Testu-mota: Elezaharra

Atala: Ahozko Literatura

1. Jentila harkaitz bat jaurtitzen.
Ilustrazioa: Jean Paul Tillac (1880-1969).


Jentilak indar handiko erraldoi basatiak ziren. Sekulako harkaitz puskak hartu eta urrutira jaurti zitzaketen. Harkaitz horiek, Sanson harriak izenez ere ezagunak, Euskal Herriko toki askotan aurki daitezke.

Haitzuloak zituzten bizileku: Jentilzulo Orozkon, Leitzan eta Eginon, Jentilkoba Ispasterren, Basainzulota Bidanian, Jentiletxe eta Jentiletxeeta Mutrikun, Beraun Berastegin, Artzate eta Jentilbaratza Ataunen…

Lehen gari-ereileak, lehen errementariak eta lehen errotariak izan ziren. Beren indar handiarekin, kristau eliza asko eraikitzen lagundu zuten: Muxikan, Ondarroan, Markinan, Elgetan, Zumarragako Antiguan, Oñatin, Opakuan, Zurbanon, Urdiainen, Ataunen, Oiartzunen eta abar. Baita ermita asko ere. Urdiaingoa adibidez, haiek egina omen.

Harrespilak edo jentilbaratzak ere egin zituzten. Eta trikuharriak ere bai: Jentiletxe, Ataun-Burundako mendietan, eta Aralarko Jentilarriak, jentilen hilobiak.

Paganoak ziren, eta bakean bizi ziren kristauekin. Langile amorratuak, auzoekiko jarrera lagunkoi eta eskuzabala erakutsiz agertzen dira elezaharretan.

Jentilen azkena kontatzen duten elezaharren artean, J.M. Barandiaranek 1917an jasotako bat da ezagunena. Bere lehen espedizio arkeologikoari ekitera zihoan Barandiaran, Aralarren, eta hango baserritar bat hartu zuen laguntzaile. Gizon hark esan zion berak bazekiela non zeuden lurperatuta azken jentilak, eta bai lekuaren berri zehatza eman ere. Hurrengo egunean elkarrekin joatekotan geratu ziren, baina baserritarra agertu ez, eta bakarrik abiatu zen Barandiaran. Esandako tokira iritsi zenean, harritzar batzuen gainean eseri zen, atseden hartu eta hamaiketakoa egitera. Eta hantxe, bere makilarekin sator-zulo bat arakatzen ari zela, giza hortz bat agertu zitzaion. Eserita egondako harritzar haietara begiratu, eta hilobi bat zela ohartu zen, eta harriek ganbera moduko bat osatzen zutela erdian.

Artzain gazte bat zebilen inguruan, eta egitura hura zer zen ba ote zekien galdetu zion Barandiaranek. Gazteak baietz, azken jentilak lurperatuta zeuden hilobia zela hura. Segidan, jentilak nola desagertu ziren azaltzen zuen elezaharra kontatu zion mutilak, “Jentilen akabera” izenaz ezagutzen dena.

Elezahar beraren aldaera ugari jaso zituen aurrerago Barandiaranek Euskal Herriko leku askotan.

Hamaiketakoa egiteko hautatutako harritzar multzoa, berriz, dolmen bat zela erakutsi zuten ondoren egindako ikerketek: Jentilarri trikuharria.

2. Jentilarri trikuharria, Aralarren.

JENTILEN AKABERA

Jentilek Leizaiko kobâten bizi ziela, sekulako izar eder bat odaietan agertu ementzan… Alako izarra ikusi zoenên...

Jentilak Leizadiko koba batean bizi zirela, sekulako izar eder bat hodeietan agertu omen zen. Halako izarra ikusi zutenean, jentil horiek, erabat ikaratuta, munduan zer gertatu behar ote zuen ezin asmaturik omen zebiltzan.

Halako batean, koba barruan erdi itsututa zegoen jentil zahar bat ataka aurrera atera, eta zabaldu endaiekin betazalak, eta hodeietara begira jarri omen zuten, hark izar hari zer zen antzemango ziola eta.

Baita ikusi orduko deiadar egin omen zuen:

—A, nire umeak! Kixmi jaio duk, galduak gaituk oraintxe. Bota nazazue ni hemendik gain behera.

Jentilek Jesukristori Kixmi deitzen omen zioten. Kixmik, berriz, tximua esan nahi omen du.

Berak esan bezala, mailoak behera amilka bota zuten, eta hala jentil zaharra hil omen zen.

Gero kristandadea munduan zabaltzen hasi zenean, jentil denak sakabanatu eta berehala galdu omen ziren.

3. Etzandako zutarri edo menhirra Alotza izeneko zelaian, Aralarko alde gipuzkoarrean. Hiru metroko luzera du, eta izena, Saltarri. Jentil batek Murumenditik harri handi bat bota omen zuen, asmoz Salamancarantz. Bidean bi puska egin zen: bat Ausa Gaztelun erori omen zen, eta bestea hemen, Alotzan. Pilotaleku bat dago ondoan, eta baita dantzalekua ere. Han, ilargi betea zenean, jentilak dantzan ibiltzen omen ziren, bakoitza bere errainuarekin. Gizakiaren itzala da errainua, Barandiaranek azaltzen duenez.
4. Kurtzeganeko zutarria, Gorbeiako natura parkean. Euskal Herriko altuena da, bere 5,40 metroko luzerarekin.
5. Okabeko harrespila edo jentilbaratza, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea).
6. Jentilzubi, Diman (Bizkaia).

Erreferentziak

BARANDIARAN, Jose Miguel (1973). Obras Completas II. Bilbao: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca. (29-30).

________ (1980). “Euskalerriko leen-gizakien eta ireluen bizilekuai buruz ikasgai eta esaunda batzuek”, Munibe 3-4. Donostia: Sociedad de Ciencias Naturales Aranzadi. (386).

________ (2008). Selected writings of José Miguel de Barandiarán : basque prehistory and ethnography. Reno : Center for Basque Studies, University of Nevada, Reno.

Ikus hau ere

AIZPURUA, Jon, AIZPURUA, Jexux (2000). Joxe Migel Barandiaran. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

  1. Jean Barbier, Légendes du Pays Basque, 1931.
  2. Mauri, Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 2.0 lizentzia baten mende dago. Via Wikimedia Commons.
  3. Asier Iturralde Sarasola, Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago. Via Wikimedia Commons.
  4. Mikel Romo Uriarte, Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago. Via Wikimedia Commons.
  5. No machine-readable author provided. Asp. assumed (based on copyright claims), , via Wikimedia Commons.
  6. Theklan, Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago. Via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper