
1. Laminen zubia Ligi herrian. Argazkia: Jean Michel Etchecolonea.
Lamiñek sorginen antzekoak ei ziren eta ur-ondoetan bixi edo egoten ei ziren.
Iñok ikusi ez egixen, nor-edo-nor urreratzen zanian, uretan zartzen ei ziren.
Laminak sorginen antzekoak ei ziren eta ur-ondoetan bizi edo egoten ei ziren.
Inork ikus ez zitzan, nor edo nor hurreratzen zenean, uretan sartzen ei ziren.
Ezetik mantentzen ziren. Hau da, esaterako, nekazari batek uste zuen hogei anega gari edukiko zituela, eta baten batek itauntzen bazion zenbat anegaren esperantza zeukan eta berak erantzuten bazion, esaterako, hamasei, gero, eduki zitzala hamalau, nahiz hemezortzi, nahiz hogei, esan zuen gezurragatik laminek kentzen zizkioten lau anega, hau da, berak erantzun zuenetik itxaroten zuenera zegoen aldea.
Don Félix de Zamalloak Barandiarani kontatua Amorebietan (Bizkaia) 1921ean
LAMINEN AZKENA
Elezahar batzuek kristautasuna zabaltzearekin lotzen dute laminen azkena: eliz kanpaien hotsak, kristauen otoitzek eta baselizen ugaritzeak uxatu omen zituen.
Beste kontaera batzuen arabera, ordea, laborantzako tresnek ekarri zuten laminen azkena. Bigarren multzo horretakoa da R.M. Azkuek jasotako elezahar hau.
Arratiako Igorre deritzon herrixkan, Garamendi izeneko etxe baten, gizon handi bat, itzela, Txilibristo zeritzona, bizi zen. Indarretan bazeukan, indarretan! Jesus, Maria eta Jose! Urkizun gora Garamendira gurdia lepoan eramaten zuen, kontuak atera.
Errekondo baten orrazi bat, lamina orrazia, aurkitu zuen behin, eta hura kolkoan, aurrera joan gure Txilibristo.
Lamina batek esan zion:
—Txilibristo, orrazia, ezpabere nik egingo dut zure bizia.
Txilibristok lamina lepotik oratuta etxera, Garamendira, eraman zuen. Lamina hau beste guztiak legez esnezale hutsa zen. Egunak eta egunak igaro zitzaizkien etxekoei, bahituta zuten piztia hari berbarik esanarazi ezinik. Mutua zirudien. Behin, bera su ondoan zegoela, esnea eltzean irakiten hasi zen. Laminak, esnea alferrik gal ez zedin, berba egiteari eman zion, hauxe zioela:
—Txuria gora, txuria behera.
Etxekoek orduan, berba gehiago eragitearren, gogor hartu zuten. Batek laminak zelan gal zitezkeen galdetu zion. Hauxe erantzun zuen:
—San Joan goizean jaioriko zekor nabar bi goldeaz errekan ibilita gal daitezke laminak.
Auzoz auzo behingo baten zabaldu ziren laminaren berba horiek, eta Arratiako korta guztiak arakatu zituzten San Joan goizeko zekor nabar bila. Hurrengo egunetan, soroko sokilak hausten bezain gogoz ekin zioten zekorrok erreketan goldea pasatzeari, laminak uxatu gurarik. Orduz geroztik ez da inguru haietan laminarik batto ere azaldu.
R.M. Azkuek Igorreko bati entzuna.
LAMINEN AZTARNAK TOPONIMIAN
Laminak aspaldi ezkutatu baziren ere erreka ertzetatik, haien arrasto ugari geratu dira toponimian. Zerrenda txiki bat besterik ez da honako hau:
Lamiako, Leioako auzoa (Bizkaia).
Laminategi, Mutrikuko erreka (Gipuzkoa).
Lamindano, Dimako auzoa (Bizkaia).
Laminen zilo, Isturitzeko historiaurreko kobazuloa (Nafarroa Beherea).
Lamitegi, Bedaioko etxea eta lekua (Gipuzkoa).
Lamiaran, Zalduondon (Araba), Usansolon eta Mundakan (Bizkaia).
Laminen ziluak, Gamere-Zihigan (Zuberoa).
Lamiosin eta Lamiosingo erreka, Bera inguruan (Nafarroa Garaia).
Lamien leze, Zugarramurdin (Nafarroa Garaia).
Lamiarri, Beran (Nafarroa Garaia) eta Biriatun (Lapurdi).
Lamierrieta, Arizkunen (Nafarroa Garaia).
...

2. Bertizaranako (Nafarroa Garaia) armarria, XV. mendea. Lamina bat erakusten du, ispilu bat duela eskuineko eskuan eta orrazi bat ezkerrekoan. Argazkia: Juan San Martin (1922-2005).

3. LAMIARRI tattoo & piercing, Hondarribian (Gipuzkoa).
Erreferentziak
AZKUE, Resurreccion Maria (1942). Euskalerriaren Yakintza. Literatura popular del País Vasco II.
BARANDIARAN, Jose Miguel (1973). Obras Completas II. Bilbao: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca. (421).
Madrid: Espasa Calpe. (217-219).
Ikus hau ere
AIZPURUA, Jon, AIZPURUA, Jexux (2000). Joxe Migel Barandiaran. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
ARANA MARTIJA, Jose Antonio (1993). Resurreccion Maria Azkue. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Irudiak
- Via Wikimedia Commons
Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.
- Gipuzkoako Foru Aldundiko Biltegi Digitala. http://hdl.handle.net/10690/87144 .
. Lan hau Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.
- https://lamiarri.bigcartel.com/info .