NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

PATXI ERREMENTARIA

Jose Migel Barandiaran (Ataun, Gipuzkoa, 1889-1991)

Testu-mota: Ipuin miresgarria

Atala: Ahozko Literatura

Gako-hitzak: deabruamitologia

Errementaria. Egilea: Alphonse Legros (1837-1911).


Patxi-ermentarie erabateko gaiztoa ementzan.
   Beingo’atên Inparnuti deabru ‘at bialdu ementzioên, Patxi Inparnua eaman zezan.
    Ala deabru oi goiz batên Patxin sutegiñ agertu ementzan.
    Patxi an ai ementzan lanên…

Patxi Errementaria erabateko gaiztoa omen zen.

Behingo batean infernutik deabru bat bidali omen zioten, Patxi infernura eraman zezan.

Hala, deabru hori goiz batean Patxiren sutegian agertu omen zen.

Patxi han ari omen zen lanean: aldian behin ingude gainean mailuka eta beste aldian, berriz, hauspoari eragin, txingarrak astindu, aizkora, besare-hortz eta holako burdin tresna batzuk sutan sartu, eta hola ari omen zen.

—Egun on —esan zion deabruak.

—Baita hiri ere.

Egundainoko gaiztoa haizela eta, hi infernura eramateko asmoan etorri nauk ba.

—Ez duk gaizki esana. Goazemak, lehenago gosari-mokadu bat jan dezagun.

—Goazemak ba.

Eta hala, joan omen ziren gosaltzera. Biak mahaian jarri ziren ba, eta baita gosaldu ere. Gosalondoan jaiki zen Patxi eta deabruari esan zion:

—Bai, oraintxe abia gaitezkek.

Hasi zen ba deabru hori nagiak ateratzen bezala, baina ezin omen zen jaiki inola ere. Mahai alderdi hura bikez igurtzita zeukan Patxik, eta hantxe erantsita geratu zen deabru gizajoa.

Han eduki zuen Patxik deabrua hiru urtean, harik eta suarekin berotuz bikea urtu zion arte.

Deabruak bere burua libre ikusi zuenean, laster alde egin zuen handik, Patxiz gehiago ohartu gabe.

Patxi egiten omen zebilen.

Halako batean infernuak beste deabru bat bidali zion, infernura eraman zezan.

Lehengo deabruak esan zion bigarrenari:

—Motel, gero! Patxik mahaian jartzeko agintzen badik, ez hadila jarri.

Bigarren deabru hori goiz batean Patxiren sutegian agertu zen.

—Egun on —esan zion Patxiri.

—Baita hiri ere.

—Gaiztakeria gogorrak egiten omen dituk munduan, eta hi infernura eramateko ordena diat.

—Ez duk gaizki esana. Goazemak, lehenengo: gosari-mokadu bat har dezagun.

—Joan gaitezkek.

Biak Patxiren sukaldera sartu ziren.

—Jarri mahaian, adixkidea —esan omen zion Patxik deabruari.

—Ez, ez zeukaat mahaian jarri beharrik.

—Etzan hadi, orduan, nik gosaldu bitartean, horrako zizeilu horretan, hainbeste bidean nekatuta egongo haiz eta.

—Ondo esana duk.

Eta hala, etzan omen zen zizeiluan.

Patxik gosaldu zuenean:

—Bai, oraintxe joan gaitezkek —esan zion deabruari.

Baina deabrua, egin ahalak eginagatik, ezin jaiki omen zen zizeilu gainetik.

Zizeilua ere bikez igurtzita eduki Patxik.

Eta han eduki zuen hura ere hiru urtean, harik eta, azkenik, bikea suz urtu zion arte.

Libratu zenean, hankak arin zituela alde egin omen zuen infernura deabru gizajoak.

Patxi berriz ere munduan geratu zen. Eta lehen baino gaiztakeria handiagoak egiten omen zituen.

Ez zela hura gizabidea, eta berriz ere infernuak beste deabru bat bidali zion.

Hirugarren deabru honi lehengo biek esan zioten:

—Motel! Patxik mahaian jartzeko agintzen badik, ez gero jarri; ezta zizeiluan etzateko esaten badik ere.

—Ondo duk —esan zuen deabru horrek. Eta hala, mundura alde egin zuen.

Goiz batean deabru horrek, Patxiren sutegira sartuta, “egun on” esan omen zion Patxiri.

—Baita hiri ere.

—Erabat gaiztakeriari emanda hagoela ziotek denek. Ez al da hala?

—Ez duk hori egia.

—Ba, nik hi infernura eramateko ordena diat, eta joan egin beharko diagu.

—Ez duk gaizki esana. Baina goazemak, lehendabiziko: gosari txikia jan dezagun behinik behin.

—Joan gaitezkek, nahi izanez gero.

Sukaldean sartu zireneko, “jarri mahaian”, esan omen zion Patxik.

—Ez, ez zeukaat jarri beharrik.

—Etzan hadi, orduan, horrako zizeilu horretan, hainbeste bidean nekatuta egongo haiz eta.

—Ez, ez nagok nekatuta.

—Motel! Igo hadi orduan hor atariko piku gainera, eta jan ezak nahi duan adina piku nik bizigarri pixka bat hartu bitartean, ederrak zeudek eta.

—Bai, horixe egingo diat.

Deabru hori piku gainera arin igo omen zen.

Gosari txikia egin zuenean, atera atarira eta deabruari deitu zion ba Patxik. Baina deabrua ezin omen zen jaitsi.

Pikua ere bikez eginda egon, eta deabrua han erantsita geratu zen.

Eskola-ume guztiek egunero harrikaldi bat ematen zioten.

Aiumaz deiadarka egoten omen zen noizean behin; baina Patxik zion, eta han eduki zuen hiru urtean, harik eta bikea suarekin berotu eta urtu zion arte.

Orduan deabru horrek, gehiago Patxirekin egoteko gogorik gabe, egundoko lasterrena alde egin omen zuen.

Patxi berriz ere munduan geratu zen.

Denbora joan eta denbora etorri, atzenean Patxiri ere heriotzako ordua iritsi zitzaion.

Hil zenean, mailu bat, burruntzi bat eta tenazak hartuta, infernura joan zen.

Dan-dan-dan, jo zuen Infernuko atea mailuarekin.

—Nor da? —hots egin zioten barrundik.

—Patxi Errementaria —erantzun zien.

Hau aditu zutenean, deabru guztiak ateari eustera bildu omen ziren, Patxi Errementaria sar ez zedin.

Deabru bat, ezagutuko zuela Patxi Errementaria zen edo ez zen, eta atezulotik begira jarri zen.

Patxik burruntziarekin begia atera omen zion.

Beste batek, hitzetik ondo ezagutuko zuela-eta, belarria jarri zuen atezuloan.

Patxik tenazarekin atera omen zion belarria.

Azkenik, infernuak ez zuela ba hartzen, eta zeru aldera joan zen Patxi.

Jo du zeruko atea. Baita, san Pedro atera. Ea nor zen galdetu zion san Pedrok.

—Patxi Errementaria —erantzun zion.

San Pedrok ez omen zion sartzen utzi nahi.

Andre xahar bat azaldu zen orduantxe ate ondoan. Patxi Errementaria ikusi zuenean oso larritu zen eta, gaitzik egin ez ziezaion, beragatik ondo esanez hasi omen zen: sekulako gizon ongilea izan zela munduan, eta holako beste gauza asko.

Orduan san Pedrok atea zabaldu omen zion eta, hala, orain Patxi Errementaria zeruan omen da.

Hori hala bazan, sar dadila kalabazan.

Ataunen jasoa 1903 inguruan.

BARANDIARAN, Jose Miguel (1973). Obras Completas II. Bilbao: Editorial La Gran Enciclopedia Vasca. (291-293).

Ikus hau ere

AIZPURUA, Jon, AIZPURUA, Jexux (2000). Joxe Migel Barandiaran. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

National Gallery of Art, , via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper