NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

IKAZKINA ETA HERIOA

Resurreccion Maria Azkue (Lekeitio, Bizkaia, 1864 - Bilbo, Bizkaia, 1951)

Testu-mota: Ipuin miresgarria

Atala: Ahozko Literatura

Gako-hitzak: heriotza
Jatorrizkoa

Herioren lorategia, 1896.
Ilustrazioa: Hugo Simberg (1873- 1917).


Etxola batean ikazkin bat, baba, talo eta gazta beste jakirik gabe, estu eta bizi zen. Behin bere afari puska egiten ari zela, atean norbaitek hots egin zuen:

—Nor da?

—Gau honetarako nahi nuke.

—Baina nor zara?

—Ni Jainkoa naiz.

—Zuri lehorra! Batzuk ondasunez beterik dauzkazu; besteak, egun guztian lan eginda ere, jatekoa urri dutelarik. Ez, zoaz hortik.

Gero, apurtto baten buruan, Jainkoa bera itzuli zen eta atea jo zuen.

—Nor da?

—Gau honetarako lehorra nahi nuke.

—Baina nor zaitut?

—Ni herioa naiz.

—Zuri bai, gogotik. Zu guztiekin berdin zara: nahiz aberats nahiz erromes, nahiz handi nahiz ttipiekin.

Eta atea zabalduta, afaria ere berak zuenetik eman zion, ohatzea ere bai, eta hurrengo egunean gosaria. Herioak, orduan, eskerrak eta eskerrak emanez:

—Zer nahi duzu nik zuri egitea? —galde egin zion.

—Nik… nik…, beti honela ibili gabe, zerbait zabaltasun eta aisetasun izatea nahi nuke.

—Zoaz bada errege-hirira. Erregina da. Aspaldion medikuek ez dakite zer egin hura sendatzeko. Sar zaitez han, eta ni burualdean ikusten banauzu, segur hilen dela erraten ahal duzu, eta bere egitekoak bere-berehala egin ditzala. Oinen aldetik baldin banaiz, enplastu zerbait nonahi jarrita berehala sendatuko dela erran dezakezu.

Ikazkina soineko hoberenak jantzita, ahal bezain poliki bere burua apaindurik, pozez eta arin hiri hartara joan zen eta erregeren jauregira bere urratsak zuzendu zituen. Han ez zion nehork sinetsi nahi medikua zela, ezta erreginarengana sartzen utzi ere; baina hark, uluka, ez zituen bakean uzten: erregina ikusi behar zuela eta erregina ikusi behar zuela, eta berriz ere gauza bera.

Erregek ulu haiek entzun eta nor zen jakin zuenean, nor zebilen galde egin zuen, eta mediku zelakoa berarengana sarrarazi eta biak erreginaren ohatze aitzinera hurbildu ziren, han zebiltzan bertze mediku zenbait lagun zituztela. Sendatzaileen itxurak egin zituen: mingaina aterarazi, betazalak ikertu, pultsua hartu… eta, honetan, herioa eriaren oinetako aldean ikusi zuen. Ikazkinak orduan:

—Nik eri hau berehala sendatuko dut —erran zuen.

Hartarako enplastugai batzuk eskatu zituen: ardo, linazi, zahi, ... eta holako.

Han ziren medikuek irri egin zioten. Erregek, hala eta guztiz ere, eskatu zuen guztia ekarrarazi zuen, eta eria, gaitza eskuz kenduta bezala, sendaturik gelditu zen.

Medikuek orduan, beren buruak haurturik ikusi zituztenean, ez zekiten zer erran eta zer egin. Txoko batean elkarturik, beren arteko zaharrena ohatzean jar zedila erabaki zuten. Erregeri erran zioten gero:

—Zuk, errege jauna, mediku hotsean etorri zaigun gizontto horren deuseza ezagutu dezazun, hauxe eta hauxe egin dugu, eta mana ezazu ikustera etor dadin.

Ikazkinak, sartu eta lehenbiziko begi-ukaldian herioa eriaren burualdean ikusita, itxurak egin beharrik gabe:

—Bere-berehala hilen da eri hau —erran zuen.

Lehen baino ere irri-ajaja handiagoak egin zituzten ohatzekoaren lagunek. Laster sartu zitzaizkien irriak, beren laguna zegoela ohartu baitziren. Erregek bere emaztea sendaturik eta, ikazkinak erran zuen bezala, sendo zen mediku zaharra hilik ikusiz, mediku guztiak marmarka jauregitik atera zituen.

—Zer nahi duzu nik saritzat ematea? —erran zion gero ikazkinari—. Eta zer, hemendik aitzina nire mediku izateagatik?

—Jauna, nik nahi dudana? Aise eta poliki bizitzeko bidea.

Geroztik ikazkinak, erregeren mahaian otorduak egiten zituelarik, baratze eta oihaneko haritz, ametz, pago eta artepean ematen zituen gozoki behin ere ez bezalako egunak.

Behin, ibilaldi haietako batean, herioa agertu eta honela mintzatu zitzaion:

—Eup! Zer diok, ikazkin? Ezagutzen al nauk?

Ikazkinak beldurturik:

—Non habil, Herio? —erran zuen.

—Hire eske heldu nauk.

—Nire eske! Ikazkin gaixo nintzen urte luze haietan bizi izaten utzi, eta orain, zorioneko egun labur batzuk izan ditudaneko, nire eske heldu haiz?

—Ez hidan herorrek niri erran ni guztiekin, nahiz aberats nahiz erromes, nahiz handi nahiz ttipiekin, berdin nintzela? Orain hire aldi baita, nirekin etorri behar duk.

—Etxolan gau hartan egin nian laguntzaren saritzat, otoi!, emadak Aita Gurea eta Agur Maria errateko astia.

—Hori izanen duk, baina gero erne egon hadi.

Ikazkinak Aita Gurea bai, baina Agur Maria egunetan ere ez zuen erran. Herioak ez zekien zer egin, eta denboraren buruan oihaneko haritz besanga batetik dilindaka, alegia urkaturik, bere burua eman zuen. Ikazkinak, herioa hilik ikusita, poz-pozik Agur Maria ere erran zuen. Herioak orduan burua goratu eta:

—Nirea haiz! —erranik, berekin eraman zuen.

Elbeteko (Baztan) Cruz Goienetxek kontatua.

AZKUE, Resurreccion Maria (1942). Euskalerriaren Yakintza. Literatura popular del País Vasco II. Madrid: Espasa Calpe. (166-170).

Ikus hau ere

ARANA MARTIJA, Jose Antonio (1993). Resurreccion Maria Azkue. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudia

, via Wikimedia Commons.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper