
Danborra. Encyclopædia Britannica, 1911.

Erregina batek alaba ttipitto bat zuen eta, behin batez, hura orrazten ari zelarik, zorri bat harrapatu zion. Zorri hura, hil beharrean, nonbait gorde eta hazi behar zela erabaki zuten, zenbat handitzen zen ikusteko. Eta hala, egunak joan eta egunak etorri, zorria bargoxta bat bezalatsukoa egin zen. Baina zahartu ere egin zen, eta gero hil. Atsekabe handia hartu zuten horretaz erreginak eta alabak. Eta, zorriaz zerbait oroitzapen egin behar zutela eta, larrua kenduz danbor bat egin zuten. Gogoak ematen zielarik, danborra jotzen omen zuten, eta zorriaz oroitu.
Behin batez, jotzen ari zelarik, alabak bere amari erran zion:
—Nork igarri behar luke danbor hau zorri-larruz egina dela?
—Ez luke, ez, nehork igarriko —ihardetsi zuen amak.
Solas hori aitaren belarrietara heldu zenean, horretan diru puska bat irabazteko bidea izan zezakeela bururatu zitzaion. Sari handi bat eskaini zuen danbor hura zertaz egina zen igarriko zuenarentzat. Bertzeek, igarri ezin zuketenek, diru zerbait eman beharko zuten. Eskainitako diru hura irabaziko zutelakoan, anitz gizaseme eta emakume erregerengana joan ziren.
—Azeri-larruz egina da —erran zuen batek.
—Katu-larruzkoa da —bertze batek.
—Oilo-larruz egin dute —bertzeak.
Nehork ezin asma zezakeen.
Egun haietan, ez handik urrun, bazen gizaseme bat burutik zerbait makur zuena. Gurasoen menean ez egon nahiz, munduz mundu joan behar zuela erranik, etxetik atera zen. Bidean zihoalarik gizon bat etzanik aurkitu zuen, belarriz lurrari emanda zegoela. Zer ari zen galde egin zion.
—Belarra nola sortzen den entzuten ari naiz.
—Ez bide dituzu belarri txarrak! Zenbatean etorriko zara nire mutil?
—Honenbertzean.
—Jarraiki bada niri.
Biak beren bidean zihoazelarik, bertze gizon bat oihan batean aurkitu zuten, arbola handi azkarrak, belar-izpiak balira bezala, eskuz hartu eta erroetatik ateratzen zituela. Haren indarrak ikustean, bertzeek, harrituz, zer egin gogo zuen galde egin zioten.
—Hamabi dozenaz zama handi bat egin eta errege-hirira saltzera eraman nahi nituzke.
Zoroxka hark berari jarraiki nahi bazion sari ona emanen ziola erran zion. Harekin joan zen.
Beste bat aurpegia garbitzen aurkitu zuten.
—Zer ari haiz?
—Hementxe, pixka bat aldatzen, hirira joateko gertutzen. Bazkalorduko harat joan beharra naiz.
—Bazkalorduko! Berandu samar ez al duk?
—Zenbait orduko bidea bada ere, nire zango handi horiekin ordu-laurden batez sartuko naiz.
—Hik ere nire mutil izan nahi al duk?
Baietz erran, eta elkarrekin joan ziren.
Hiriratu zirenean ez zebilen han bertze solasik, erregek danbor bat bazuela nehork zertaz egina zen ez zekiena. Lau gizon horiek erregeren etxe ondoko ostatu batean sartu ziren, eta nagusi zoroxka hark bere mutil belarri-ernea erregeren etxe aldeko leiho batean jarrarazi zuen, erregeren etxeko solasak entzun eta hari errateko aginduz. Gau-erortzean, solas hauek entzun zituzten.
—Hau diruketa, geure danbor honekin bildu duguna!
—Eta oraindik bilduko ditugunak, bada nehork ez dezake asmatu danbor hau zorri-larruz egina dela!
Solas horiek mutilak nagusiari erran zizkion, eta hau biharamunean erregeren jauregira joan zen, bertze anitz bezala, danbor hura zertaz egina zen iritzia ematera. Eta lehenbiziko alditik esan zuen:
—Errege jauna: danbor hau zorri-larruz egina da.
Orduan erregek anarteraino bildu diru guztiak ez zituen aski, eskaini zuen saria emateko. Gizon batek jasan ahala diru emanez gero bertzea barkatuko ziola erran zion zoroxkak erregeri. Errege zen; baina bertzeak mutil azkar hura eramanik, hark jasan ahala diru hornitzeko ez zuen erregek jauregi txoko guztietan aski izan.
Elbeteko (Baztan) Cruz Goienetxek kontatua.
AZKUE, Resurreccion Maria (1942). Euskalerriaren Yakintza. Literatura popular del País Vasco II. Madrid: Espasa Calpe. (125-128).
Ikus hau ere
ARANA MARTIJA, Jose Antonio (1993). Resurreccion Maria Azkue. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.
Irudia
Encyclopædia Britannica, Volume 8, Slice 7., available freely at Project Gutenberg, , via Wikimedia Commons.