NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

LIMOSNATXO BAT

Pedro Mari Otaño (Zizurkil, Gipuzkoa, 1857 – Rosario, Argentina, 1910)

Bertsolaritzaren historiako sortarik ezagunenetakoa da “Limosnatxo bat” izena daraman hau. Gaiari buruz, azalpen hau eskaintzen du Antonio Zavalak: “Gure iritzirako, itsu hau ez da Otañoren irudimenaren asmakizun bat, bene-benetako gizon bat baizik. Pedro Marik dioen bezala, gizon burusoil, bizarzuri bat ikusi zuen behin batez kale-izkinaren batean, bi makuluren gainean eta inora ezin joanik, mutil koxkor bat itsuaurreko aldamenean zuela. Zein gerrate ote da dohakabe honek begietako bista galdu zuena? Bertsoak 1893koak izanik, karlisten lehenengoa izan daiteke (1833-1839). Baina seguruagoa dugu karlisten bigarrengoa izatea (1872-1876)”. (1)

Testu-mota: Bertso jarriak

Garaia: XIX. mendea

Argitalpen-urtea: 1995

Atala: Abestiak

1. Infanteria nafarra. Egilea: Fernando Miranda.
Álbum de las tropas carlistas del norte [Material grafikoa], 1844.
Album osoa, hemen.


1/ Mutil koxkor bat itsuaurreko
zuela aldamenean,
gizon burusoil bizarzuri bat,
bi makuluren gainean,
kale eskinan ikusi nuen
inora ezin joanean;
ta bera nor zan jakin nahiean
inguratu nintzanean,
limosnatxo bat eskatu zidan
Jainkoaren izenean.

 

2/ Zerbait emanaz galdetu nion,
ahal zan modu onenean,
jaiotzetikan al zeukan ala
gaitzak hartua mendean;
erantzun zidan: «Ez, semea, ez;
nik sasoia nuenean,
ez nuen uste iritsitzerik
honetara azkenean...
Gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkoaren izenean».

 

3/ Eta segitu zuen esanaz:
«Lehengo gerrate denean
ni aurren xamar ibiltzen nintzan
beti edo gehienean,
nekatu gabe aisa igoaz
aldapik luzeenean;
ez zan burura asko etortzen
gu hala genbiltzanean,
gero limosna eskatutzerik
Jainkoaren izenean.

 

4/ Odolak bero eta burua
harroa dagoenean,
edozein moduz sartutzen da bat
halako itsumenean;
atsekabe ta negar saminak
badatoz ondorenean;
nola ere bait batek bizia
utzitzen ez duenean,
limosnatxo bat eskatu behar
Jainkoaren izenean.

 

5/ Inoiz pentsatzen nere artean
ni jarritzen naizenean,
gaur ere asko dirala joango
lirakenak zuzenean,
ez luke inork sinistatuko
zer pena ematen di’an.
Ai!, horla nintzan ni ere sano
ta gazte nengoenean...
Gaur limosna bat eskatutzen det
Jainkoaren izenean.

 

6/ Ai!, txorakeri asko egiten
da zentzurik ez danean,
sinista zazu ur hau pasea
daukanaren esanean;
hobeago da sasoi dan arte
saiatutzea lanean,
negar eginaz ibili gabe
gero denbora joanean,
limosnatxo bat bildu ezinik
Jainkoaren izenean».

1893. urtea.

2. Pedro Mari Otaño Barriola.

Euskara batuan .

Lehen argitaraldia: OTAÑO, Pedro M. (1904). Alkar. Poesías escogidas de Pedro M. Otaño [en idioma éuskaro]. Buenos Aires: Tipografía La Baskonia, Victoria 1088.

Hemengo bertsioa: ZAVALA, Antonio [bizitzaren egille eta bertsoen biltzaille] (1993). Pedro Maria Otaño eta bere ingurua I. Sendoa. Donostia: Auspoaren Sail Nagusia. (381-382).

3. Pedro Mari Otañoren eskuizkribua
4. 1900 inguruko bertsopapera.

Entzun YouTuben Zazpi Eskale taldearen bertsioa (Bertso berriak pobreziari jarriak, Gor, 1995).

ERREFERENTZIAK

(1) ZAVALA, Antonio [bizitzaren egille eta bertsoen biltzaille] (1993). Pedro Maria Otaño eta bere ingurua I. Sendoa. Donostia: Auspoaren Sail Nagusia. (385).

IKUS HAU ERE

Alkar. Otaño´tar Pedro Mariren olerki onenak, Iñaki Deunaren irakorla, Donostia, 1930.

Pedro Mari Otaño Susa argitaletxearen “Literaturaren Zubitegia” webgunean.

EUZKITZE, Xabier (2010). Pedro Mari Otaño. Bidegileak bilduma. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Irudiak

1. Irudian kopiatzen den jatorrizko obra Bizkaiko Foru Liburutegia/Biblioteca Foral de Bizkaia erakundearen funts bibliografikoetakoa da eta bere jabetzakoa da. BFAk merkataritzakoa ez den erabilera baimentzen du.

2. Familiak emandako argazkia. Joxinazkue, via Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.

3. Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia-Gipuzkoako Foru Aldundia. https://kmk.gipuzkoa.eus/eu/liburutegia .

4. http://hdl.handle.net/10690/107262. Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 4.0 lizentzia baten mende dago.

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper