Ligikoek bazuten aspaldian zubi baten beharra, baina inor ere ez zen atrebitzen lan hari lotzera, gunea basa eta gaitz zelakotz.
Behin batez haatik, beren artean hitzartu zuten behar zutela zubia laminei eginarazi. Deitu zituzten arren herrira, eta erran beren ezinbestea. Laminek hitzeman zuten zubia eginen zutela harri landuz, biharamun gauean oilarrak kantatu baino lehen, baina eskatuko zutenaren pean.
Ligiar batek erran zuen:
―Zeren eske zarete?
Eta laminek arrapostu:
―Ligiko neskatilarik ederrena nahi dugu zubi egitearen sari.
Nahiz eta bihozmin handia ematen zien neskatila eder haren galtzeak, halere onartu zuten ligiarrek laminen eskea. Hitzartu bezala laminak lanean hasi ziren biharamun gauean.
Guziek dakiten bezala, neskatila ederrek badute leku orotan arrakasta. Ligiko hark ere bazuen bere maite gorte-egilea. Maite hura, baitzekien zer zebilen, joan zen erran delako gauean laminen lantokiaren ondora. Ikusten zituen lazturarekin denbora erdi gabe lana bertan bukatzera zihoazela. Han zen so, higitu gabe, izerdi hotz batek harturik, zer egin ezjakinean, noiz eta zerbait gogora jin baitzitzaion.
Joan zen oilategi bati buruz, emeki hango borta zabaldu, eta handik bere eskuez jo zituen bizpalau zafla, oilarrak kantatu baino lehen hegalez jotzen dituenak bezala. Oilarra iratzartu jauzi batekin, ustez berandu zela, eta hain sarri egin zuen: “kukurruku!”
Ordu zen. Laminak azken harria altxatzekotan ziren; baina entzun zutenean oilarraren kantorea utzi zuten erortzera harria uretan behera, eta zarata handi batekin tarrapataka eskapu, oihuz ziotelarik:
―Dela madarikatua bere kantorea tenorea gabe eman duen oilar hori!
Geroztik, diote zaharrek, ez harri jaurti hura ez besterik ez du inork ere hutsune hartan geldiarazi ahal ukan.
Ikus hau ere
Gotaineko eta Muskildiko bertsioak. (Wikipedia)
irudiak
- Via Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.
- Via Wikimedia Commons Lan hau Creative Commons Aitortu Partekatu Berdin 3.0 lizentzia baten mende dago.