Ezagutza transferitzeko modurik eraginkorrena eragileak prestatzea da. Prestakuntzan murgildu aurretik, ordea, mintegiak antolatuko dira eta sortzen diren albisteak Euskaltzaindiaren webgunearen eta sare sozialen bidez gizarteratuko dira.
Mintegiak bi motatakoak izan daitezke. Batetik, abiatze-mintegiak: gai bat abiarazi aurretik, horretaz ditugun kezkak bildu, adituak elkartu eta oinarrizko galderak abiarazteko mintegiak. Horietako bat baino gehiago egin beharko dira lehen urteetan, formulatzen ari diren gaien inguruko hasierako galdera eta intuizioak biltzeko, eta horietatik ikerketak abiatzeko. Horrelako mintegi bat antolatu liteke Mintzolaren aro berri honen hasieran.
Bestetik, aurkezte-mintegiak: egindako ikerketen abiada edo ondorioak interesdunei eta komunitateko eragileei aurkezteko mintegiak. Horiek, jakina, aurretik ikerlanean aurreratzea eskatzen dute.
Aurrerago, ikerketak sendotu ahala, horietatik ateratako emaitzekin, ikastaroak eta prestakuntza-saioak abiarazi nahi dira.
Mintzola Fundazioak 2008-2021 aldian antolatutako ekimenak ezagutu nahi badituzu, klikatu hemen.