Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=tasa 9 sarreratan aurkitu da.

tasa

1 iz. Indizea. Euroaren eremuko inflazio tasa % 2,4koa izan zen urtarrilean.

2 iz. Ofizialki erabakiriko prezioa. Itsasontzi askok produktore handiekin dute tratua, arraina tonaka arrantzatzen dute eta horren araberako tasa kobratzen dute.

3 iz. Zenbait zerbitzu publiko erabiltzeagatik ordaindu beharreko tributua. Udalek tasak igotzen dituzte urtero KPIaren arabera.

enplegu

1 iz. Enplegatu edo soldatapeko baten ogibidea. Enplegu bila. Enplegu agentzia pribatuek Espainiako Enplegu Institutuaren baimena behar dute jarduteko. Dirulaguntza horien onuradunek enplegu-eskatzaile gisa izena eman beharko dute enplegu zerbitzu publikoan.

2 iz. Ekon. Ekonomia-sistema batean, egiatan gertatzen eta ordaintzen diren giza lanen batura. Enplegu beteko egoera. Enplegu eskaintzaren beherakadaren ondorioz.

enplegu tasa, enplegu-tasa iz. Lan egiteko adinean egonik, soldatapean edo beren kontura lanean ari diren pertsonen eta adin tarte bereko pertsona guztien arteko ratioa. Eurogunean, enplegu tasa % 65,5 izatetik, 2020an, % 70etik gora izatera pasatuko da.

heriotza

1 iz. Biziaren etena; bizitza baten bukaera . (Batez ere gizakiez mintzatzean erabiltzen da). Ik. hiltze. Zuk bizia aukeratu zenuen; nik, ordea, heriotza. Bizitza nolakoa, heriotza halakoa. Bizitzan eta heriotzan. Lazaroren gaitza, heriotza eta piztea. Haren heriotzaren mendeurrenean. Berezko, ustekabeko heriotza. Heriotza on bat izateko. Heriotzako orduan. Heriotzako arriskuan. Heriotzaraino belaun gorrien gainean ibilita ere. Heriotza dakarren pozoia. Oraingo urkamendiko heriotza baino askoz gogorragoa zen gurutzekoa. Halakoak heriotza merezi du. Zerbait heriotzaren azpian agindu, debekatu. Heriotzara kondenatuak. || Zaldiaren heriotza.

2 iz. (Gizaki eragiletzat harturik, izen berezi nahiz izen arrunt bezala). Ik. herio. Heriotza izugarriaren atzaparretan. Goiz hartan Heriotza ikusi zuen azokan; eta Heriotzak keinu bat egin zion morroiari.

3 iz. Zerbaiten desagertze edo suntsitzea. Garbitasuna da haragiaren heriotza eta arimaren bizitza. Bide horretatik heriotzara doa euskara.

4 iz. Giza hiltzea, hilketa. Heriotza bat eginda, Ameriketara joan zen. Bizkaiko baserri batean harrigarrizko heriotza egin zutela. Bazekien nor zen heriotza ikaragarri haren egilea. Hainbeste lapurreta, etxe erretze eta heriotza ikusita.

heriotza agiri, heriotza-agiri iz. Norbaiten heriotza egiaztatzen duen agiri ofiziala. Norbaitek 36ko heriotza-agiriak kendu zituen hilerriko liburutik; dokumentuak falta dira. Gure amak aitaren heriotza agiria eskatu behar izan zuen.

heriotza arrisku, heriotza-arrisku iz. Hiltzeko arriskua. Ik. bizi arrisku. Gibeleko transplante hauetan heriotza arriskua dago bai hartzailearentzat eta baita emailearentzat ere.

heriotza eman dio Hil, bizia kendu. Erabaki zuten Jesusi heriotza ematea. Hitz horiezaz heriotza ematen didazu, ama.

heriotza epai, heriotza-epai iz. Auzipetua hiltzera kondenatzen duen epaia.

heriotzara eman Heriotzara eraman. Pilato zorigaiztoko hark eman du heriotzara Jesus.

heriotzara eraman Hiltzera eraman. Bildots gaizgabea bezala heriotzara eramana. Eritasun hau ez da heriotzara daramana.

heriotza tasa, heriotza-tasa iz. Leku jakin batean, aintzat hartzen den kopuru osoarekiko, denbora tarte batean hiltzen diren pertsonen kopurua. Ik. hilkortasun tasa. Errege familiako haurren heriotza tasa % 29,4koa zen, garai hartako batezbestekoa % 20koa zenean. Inork ez du zalantzan jartzen, antibiotikoak desagertuko balira, heriotza-tasak gorantz egingo lukeela nabarmen.

heriotzaz hil Hil; erail. Bere aitari edo amari biraoa esaten diona heriotzaz hil bedi. Santuen eta profeten odola, eta lurrean heriotzaz hilak izan diren guztiena.

heriotza zigor, heriotza-zigor iz. Auzipetua hiltzera kondenatzen duen zigorra. Nigerian 487 pertsona daude heriotza-zigorraren zain.

hilgarritasun

iz. Hilgarria denaren nolakotasuna, hilgarria izatea. Hilgarritasunagatik baino gehiago kutsakortasunagatik da arriskutsua.

hilgarritasun tasa, hilgarritasun-tasa iz. Med. Denbora-tarte batean eritasun edo gaitz bat izan duten guztien eta tarte horretan eritasun edo gaitz horren ondorioz hil diren guztien arteko ratioa. Koleraren hilgarritasun tasa % 40-50 bitartekoa da.

hilkortasun

iz. Hilkorra denaren nolakotasuna. Giza gorputzaren hilkortasuna.

hilkortasun tasa, hilkortasun-tasa iz. Leku jakin batean, aintzat hartzen den kopuru osoarekiko, denbora tarte batean hiltzen direnen kopurua. Ik. heriotza tasa. Umeen hilkortasun tasa asko jaitsi zen.

interes

1 iz. Norbaiti axola dion gauza, doakiona edo onuragarri zaiona. Interes orokorraren arabera. Bere interesak eta are bizia arriskuan jartzeko prest. Besteren interesen zerbitzari bihurtu zelako. Ea orduko klase gidari eta nagusi horrek, klase interesen alde jokatzen zuelarik, ez ote zuen, gainera, herri interesen alde jokatu. Azterturiko bankuek beren urteko mozkinen batez besteko % 2,4 baizik ez dute bideratzen interes sozialeko egintzetara.

2 iz. Arreta merezi duela uste denaren aurrean pizten den gogo egoera. Irakurlearen gogoa eta interesa beti erne edukitzeko. Inoiz ez duelako enpresa indartzeko interesik erakutsi. Baina jendeak badauka halako kontuei buruzko interesik? Inguruan gertatzen denarekiko interesa galdu du.

3 iz. Interesgarria denaren nolakotasuna. Interesik gabeko liburua.

4 iz. pl. Etekina, irabazia. Zorra eta interesak itzultzeko.

5 iz. Ekon. Interes-tasa. Zuk etxebizitza bat erosteko 10 milioiko mailegua eskatzen duzu, % 5eko interesarekin, baina handik hiru hilabetera interesa % 8ra igo dizula esaten dizu banketxeak eta zuk ez duzu kexatzeko aukerarik.

interes gatazka, interes-gatazka iz. Alderdi biren interesak eta helburuak bateraezinak direnean sortzen den egoera; pertsona batek bere eginkizuna behar bezala betetzeko oztopo izan daitezkeen interes pertsonalak edo ekonomikoak dituenean sortzen den egoera. Gobernuko kideen eta Estatuaren Administrazio Orokorreko goi kargudunen interes gatazkak arautzeko apirilaren 10eko 5/2006 Legea. Baldin eta izendapen horrek ez badu interes-gatazkarik sortzen. Eskaerari onespena emateko, ezinbestekoa izango da interes gatazkarik ez egotea.

interes tasa, interes-tasa iz. Ekon. Denbora jakin batean kapital bat erabiltzeagatik ordaindu beharrekoa, kapitalaren ehuneko jakin bati dagokiona. Interes tasa altuek ekonomia-atzeraldia ekartzen dute. Interes-tasak jaistea eta zorrak ordaintzeko epea luzatzea begi onez hartu dute sindikatuek.

kanbio

1 iz. Aldaketa.

2 iz. Truke-tasa. Kanbioak dituen arriskuetatik babesteko, bankuak egoki iruditzen zaizkion klausulak sartuko ditu maileguen eta bermeen kontratuetan. || Gobernu aldaketarekin, dibisen merkatua berrantolatu zen eta kanbio-sistema bateratua sortu zen.

3 iz. Diru xehea.

kanbio letra, kanbio-letra iz. Ekon. Indar betearazlea duen merkataritza-agiria, igorleak hartzaileari bidaltzen diona epe jakin batean onuradunari diru kopuru bat ordain diezaion. Epeka egindako eragiketa bat kanbio-letra bidez ordaintzen bada (...).

kanbio tasa, kanbio-tasa iz. Ekon. Dibisa biren arteko proportzioa, dibisa batek bestearekiko zenbat balio duen adierazten duena. Ik. truke tasa. Euroak sendo eutsi zion dolarrarekiko kanbio tasari.

langabezia

iz. Lanik gabe gelditu denaren edo lanik lortu ez duenaren egoera. Langabezia gero eta handiagoa zen.

langabezia sari, langabezia-sari iz. Gizarte Segurantzan kotizatu duen langile batek, lanik gabe gelditzean, estatutik jasotzen duen diru saria. Langileak lan egindako urteko, 4 hilabeteko langabezia-saria jasoko du, eta lehenengo sei hilabeteetan kotizazio oinarriaren % 70 kobratuko du.

langabezia tasa, langabezia-tasa iz. Lan egiteko adinean egonik, soldatapean edo beren kontura lanean ari ez diren pertsonen eta biztanleria aktiboa osatzen dutenen arteko ratioa. Langabezia-tasa % 7,06koa da Hegoaldean.

truke

1 iz. Trukatzea. Ik. trukada; trukaera. Diru trukea. Ondasun baten trukerako balioa.

2 adb. Trukean, ordez. Hire gorputza nire arimaren truke. Ai, zure bizia nirearen truke erosi ahal baneza! Eta zenbait pezetaren truke bihotzeko bake hori ateratzea gutxi al da? Jainkoaren dohaina diru truke ematen dela uste izan duzulako. Zenbat neke, alferrak atorra janztearen truke.

trukean adb. Ordez, aipatzen denaren lekuan edo ordainetan. Ik. truke 2. Ardoaren trukean irungo dizut. Besteentzat dirutan eta zuretzat laztan-trukean. Horren trukean, munduko neke eta penak zer dira?

truke egin Trukatu.

truke tasa, truke-tasa iz. Ekon. Dibisa biren arteko proportzioa, dibisa batek bestearekiko zenbat balio duen adierazten duena. Ik. kanbio tasa. Flotazio erabateko batek izan ditzakeen eragozpenak gorabehera, truke tasa guztiz finko batera itzultzeak arrisku handia ekarriko luke.

Oharra: azken eguneraketa 2022-07-08

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako Atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Conde Oliveto, 2. 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper