Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=neurriz sarrera bakarrean aurkitu da.

neurri

1 iz. Neurtzearen emaitza. Ik. izari; tamaina. Harresiaren neurriak. Zer neurritako oinetakoak erabiltzen dituen. Orain hartu behar genituzke haren luze-laburraren neurri zehatzak. || Irud. Bi bideak zilegi eta beharrezko dira, eta nork taxutuko ditu aldez aurretik bakoitzaren neurria eta mugak?

2 iz. Maila, gradua. Gure ezjakinaren neurria oparoegia da. Bi euskaldunek ez dituzte beti gauza berberak neurri berean maite. Bizitzaren neurrikoa izan du heriotza. Hobe dugu, inoren markak hausten saiatu gabe, besteren mailan eta neurrian geure burua gorde.

3 iz. Luzerak, azalerak, bolumenak edo kopuruak neurtzeko unitatea. Legoa bide neurri bat zen. Denbora neurri izenetan. || Irud. Neurri doia darabil, nori berea ematen. Hitzaren antzinatasuna eta hedadura hartzen baditugu neurri. Jakite gaietan ez da neurri bat baizik, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpora.

4 iz. Zerbait neurtzeko erabiltzen den neurri jakineko ontzia. Hiru neurri irinetan nahasia. Ardoa makala dagoela, neurri laburra ematen zaiela, lapurrak garela. Neurria mukuru bete. Egiten du bekatu neurri edo pisuan zerbait kentzen duenak.

5 iz. Egokitzat edo normaltzat hartzen den kopuru edo tamaina jakina. Guztiak du bere neurria. Jaunak gauza guztiei ipini diela beren neurria. Janean eta edanean neurri ona eta modu ona gorde. Azaltzen zuen, ez luze eta ez labur, neurri onean. Gauzak bere neurritik ateratzea: bere onetik ateratzea. Neurria igaro. Neurri gabe edaten duenak. Jainkoaren edertasun neurri eta mugarik ez duena (Ik. neurrigabe).

6 iz. Gehiegikeriarik eza; gehiegikerietatik urruntzen denaren jokabidea edo bertutea. Ik. neurritasun. Edozein nabarmenkeriatatik itzuri dabilen klasikoaren neurria.

7 iz. Mus. Doinu batean, hainbat zati berdinetan eginiko banaketa, erritmoarentzat oinarri gertatzen dena. Ik. konpas 2. Oso berezia dute neurria gure kantek. Bertsoak berezko du neurria.

8 iz. Neurtitzak izan behar dituen silaba klase eta zenbatekoa. Lizardi bera ere hizkera eta neurri herrikoiagoen atzetik zebilen azken aldera.

9 iz. Lortu nahi den helburuaren arabera aritzeko modua. Arima sendatzeko neurriak dira horiek.

neurria bete (Irudizko erabileran). Gizonak neurri bat du, eta nire neurria bete da. Gogoa bada neurri, ez da erraz neurria betetzen.

neurria(k) hartu 1 Neurtu. Jostunak berak neurriak hartuko dizkizu. Behar du oihala ekarri, neurria hartu eta jostera eraman.

2 (Singularrean). Tamaina hartu. Lanari neurria hartu. Hiri ere ederki hartu diat neurria, mutiko!

3 (Pluralean). Lortu nahi den helburuaren arabera jokatu. Nola, bada, ez ditu berehala neurriak hartzen arrisku ikaragarri honetatik alde egiteko? Hartu egun bakoitza ondo igarotzeko neurriak.

neurrian 1 adb. Neurriz. Gauzarik hoberenak sasoian eta neurrian baizik ez direla on guretzat. Igandeetan, berriz, urdaia banatzen ziguten, eta arroza, neurrian. || Ez dago ezer txarrik, berriz ere, bere neurrian eginez gero.

2 (Erlatibozko esaldi baten edo -en atzizkiaren eskuinean). Mailan, graduan; arabera. Guk ere horrelako zerbait, komeni zaigun neurrian, egin behar genuke. Ahal daitekeen neurrian laguntzeko. Adoratzen zuen Jauna bere jaieraren neurrian.

3 (Erlatibozko esaldi baten eskuinean, ekintza edo gertakari bat beste ekintza edo gertakari batekiko korrelazioan gertatzen dela adierazteko). Ik. ahala 1. Jainkoaren fedea behera doan neurrian, morala ere berebat amilka doakigu. Umeak hazten ari ziren neurrian, lanerako besoak ugaltzen hasi ziren.

neurri batean adb. Ez guztiz, baina bai halako neurriren batean. Ik. alde batetik; hein batean; gisa batera. Bizi honetan berean, aurki daiteke, neurri batean, gure bihotzak bilatzen duen zoriona. Hizkuntza gaiak, dirudienez, geure esku izango ditugu neurri batean. Neurri batean horrekin bizitzen ikasi dugu; ezin gaitezke egunero haserretu. || Hori, neurri handi batean, gure militantzia sutsuari zor diogu.

neurri berean adb. Ik. hein berean; era berean. Baina legeak ez al luke errugabeen aldekoa izan behar, errudunen aurkakoa den neurri berean?

neurriko 1 adj. Neurriari dagokiona, neurrira egokitzen dena. Egin zizkioten galtza batzuk neurrikoak, politak ezin gehiago.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). Bere neurriko galtzak egin zizkioten. Altzoko Handiaren neurriko gizon eta emakumeak. Egileak bere neurriko gaia aukeratu ez duela diotenak ere badira. Nire euskal jakite laburraren neurriko irakurgaiak. || Diru harekin, bi janzki josarazi zituen, bere neurri-neurrikoak.

neurrira 1 adb. Zerbaiten neurrien arabera. Neurrira eginiko soinekoa.

2 (-en atzizkiaren eskuinean). Oinetakoa, apur bat erabiliz gero, moldatzen da, oinaren neurrira etortzen da.

neurrira ekarri Neurri egokira ekarri. Zure desiraren abiadura ahal bezainbat ematzen duzula eta neurrira ekartzen.

neurritik kanpo 1 adb. Gehiegi, komeni den edo egokia den baino gehiago. Ik. neurriz kanpo. Edaten da neurritik kanpo.

2 adb. Gehiegikeriak egiten. Neurritik kanpo ari zarete. Neurritik kanpo ez gero hemen hasi.

neurriz adb. Gehiegikeriarik gabe, neurri egokian. Aski moduz eta neurriz mintzatu ginen. Ardoa neurriz edan. Ausarki, baina zentzuz eta neurriz jokatzen badakigu. Maitatu ere, neurriz.

neurriz gain adb. Gehiegi, neurririk gabe. Egarri hori neurriz gain itotzen duzu ardotan.

neurriz gaineko adj. Ohiz kanpokoa; bana-banakoa. Purrustada latzak eta neurriz gainekoak. Literaturan, Frantzian ez dago orain inor neurriz gainekorik.

neurriz gorako adj. Neurriz gainekoa. Neurriz gorako garapena.

neurriz kanpo adb. Gehiegi, komeni den edo egokia den baino gehiago. Ik. neurritik kanpo. Neurriz kanpo hitz egitea, inorentzat ez da haizu. Ez da komeni botika horiek neurriz kanpo hartzea. Errazago jotzen da haurra neurriz kanpo babestera, alaba edo seme bakarra denean.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper