Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=ihintz 2 sarreratan aurkitu da.

ihintz

1 iz. Gau eta goizalde hotzetan, aireko hezetasunagatik, lur, landare eta kidekoen gainean eratzen diren ur tanta xeheen multzoa. Ik. garo2; basur. Goizeko ihintz gozoa. Ihintz tantak. Bart ez du ihintzik egin. Lurralde honetan hiru urtez ez da eroriko ez euririk ez ihintzik. Oinak ihintzez bustiak zituen.

2 iz. Irud. Isur ezazu guregana zeure graziaren ihintza. Zure beratasuneko ihintzaz gozatu duzu nire bihotza. Negar ihintzez bustia.

ihintzetan adb. Larrugorrian irauliz ihintzetan. Ortozik ihintzetan.

izar

1 iz. Zeruan distiratzen ikusten den zernahi argizagi, Eguzkia edo Ilargia izan ezik. Eguzkia, Ilargia eta izarrak. Zeruko izar argiena. Gau argi izarrez josia. Izarrei begira. Izar eder distiratsua. Izarrak dirdiraka ari ziren. Izarren keinua. Izar dardartiekin ametsetan. Izar geldiak eta kolokak. Izar adasdunak: kometak. Egunsentiko, goizeko izarra (Ik. artizar).

2 iz. Irud. Agur Maria, itsasoko izarra. Emazte maitagarria, gure etxeko izarra. Ene izarra zaren ama amultsua.

3 iz. Astron. Energia sortzen eta igortzen duen argizagia. Eguzkia ere izar bat da. Izarrak eta planetak. Izarren ibilbidea. Izar erraldoi gorriak. Izar bikoitzak. Izar aldakorra.

4 iz. Izar formakotzat jotzen den irudia. Izarrezko koroa. Sei puntako izarra. Estatu Batuen banderako izarrak. || Irudi hori, hierarkia edo mailakatze bateko maila adierazteko erabilia. Jeneralen mahuketako izarrak. Bost izarreko hotela.

5 iz. Zaldi baten kopetako zuriunea.

6 iz. Ileak ateratzen diren gunea. Ile izarra. Izarra hedatuagoa eta behia esnedun hobea.

7 iz. Lanbide batean, batez ere zineman eta kiroletan, nabarmentzen den edo jendeak miresten duen pertsona. Telebistako izar bat. Izar ospetsu guztiak bizi diren tokia. Bai, izar bat izango haiz, eta jende guztia esku-igurtzika ibiliko zaik.

izar belar, izar-belar Caryophyllaceae familiako landarea (Stellaria holostea).

izar egon Izarrez betea egon. Ik. izartsu. Zerua izar dago. Izar dagoen gauean.

izar iheskor Atmosferan sartzean lorratz argitsua uzten duen meteoritoa. Ik. izarloka; izar uxo. Atzo egin ez zutenek nekez izango dute gaur izar iheskorrak ikusteko aukera, eguzkiak ez baitu utziko.

izar ihintz, izar-ihintz Ipar. Ihintza.

izar laino, izar-laino Nebulosa.

izar multzo, izar-multzo Konstelazioa.

izarretik izarrera adb. Goizetik gauera, egun guztia. Izarretik izarrera egiten dute lan.

izar uxo Izar iheskorra. Pentsamendu batek zeharkatu zidan gogoa, udako gaua une batez argitzen duen izar uxoaren antzera.

Oharra: azken eguneraketa 2019-07-09

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper