Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=euri eta ateri 2 sarreratan aurkitu da.

ateri

1 iz. Euririk, elurrik edo antzekorik gabeko eguraldia. (Gehienetan artikulurik eta kasu markarik gabe erabiltzen da). Gauak egun, euriak ateri, minak gozo iruditzen baitzaizkigu. Eguzkirik ez bada ere, ateri dugu.

2 iz. Aterpea. Zatoz aterira.

ateri egin Ateri egon.

ateri egon Euririk, elurrik edo antzekorik ez egin. Goazen ateri dagoen bitartean. Ateri dago, baina ugariak dira putzuak bide bazterretan.

ateri izan da ad. Ateri egon. Kanpoan ateri da, eguraldia goibela izan arren.

euri eta ateri adb. Nahiz euria izan, nahiz ateri izan. Euri eta ateri, han dabil.

euri

iz. Hodeietatik tantaka erortzen den ura. Uda eta negu, euri nahiz eguzki, lanean. Euri ongarria. Euri haizea. Euri denborak. Euri ondoko eguzkiaren irribarre bustia. Arratsaldeko bostetan euria hasi zuen. || Egin zezala zeruan gauza harrigarriren bat, esaterako eguzkia geldiarazi, suzko euri bat egin edo horrelako zerbait.

euria ari izan du ad. Euria ari du. Euria ari zuelako.

euria egin Goiz guztian euria egin du. Aurreko zortzi egunetan ez du euririk egin. Donostian hainbeste euri egingo ez balu. Goiz gorri, euri daidi; arrats gorri eguraldi (esr. zah.).

euria izan da ad. Euria denean desagertu egiten dira, urak kalte egiten dielako.

euri azido iz. Atmosferara igorritako sufre dioxidoa eta nitrogeno oxidoa aireko hezetasunarekin nahastean sortzen den euria, ohikoa baino azidoagoa dena. Azken urteetan, euri azidoa gutxitzeari esker, lurzoruen azidotasuna ere gutxitu egin da.

euri bisuts, euri-bisuts iz. Euri lanbroa. Ez zaizkit bihotzaren taupadak lasaitu, baina kaleko euri-bisutsa laguntzera etorri zait.

euri erauntsi, euri-erauntsi iz. Euri zaparrada. Paganoen sorginak beren zuloetarik atera ziren orduan, barraskiloak euri erauntsi baten ondotik bezala.

euri eta ateri adb. Nahiz euria izan, nahiz ateri izan. Euri eta ateri, han dabil.

euri jasa, euri-jasa iz. Euri zaparrada. Euri-jasak estali zuen urez mundua.

euri lanbro, euri-lanbro iz. Tanta guztiz xeheetan erortzen den euria. Ik. lanbro 2; langar. Kanpoan, euri lanbroa ari zuen.

euri neurgailu, euri-neurgailu iz. Toki batean denbora jakin batez egin duen euri kopurua neurtzeko gailua.

euritan adb. Euripean. Euritan ibili. Euritan eta eguzkitan. Gazteak euritan saltoka.

euri tanta, euri-tanta iz. Lehenengo euri tanta lodiak kristalaren kontra hautsi ziren. Euri tanta xehe batzuk erori ziren. Malko bat lerratu zitzaion masailean behera euri tanta distiratsu baten antzera.

euri ur, euri-ur iz. Teiletatik euri ura hartzen duen erretena. Loiola auzoan euri ura biltzeko biltegi erraldoi bat eraikitzen hasiko dira. || pl. Euri urak jasotzeko hodiak. Baionak baliatzen duen sistemak ez ditu ur zikinak eta euri urak bereizten. Nafarroako euri ur gehienak Ebro ibaira doaz.

euri zaparrada, euri-zaparrada iz. Zaparrada. Ik. euri jasa; euri erauntsi. Tarteka, euri zaparradak botako ditu. Abiatu aurretik, euri zaparradak hartu du Maulen manifestazioa. Goizaldera botatako euri zaparrada larriak. Euri zaparrada handi bat.

[Oharra: euria ari izan eta euria izan, aspektua puntukaria denean soilik erabiltzen dira (euria ari du mendian, euria da mendian); euria egin, berriz, aspektua ez puntukaria denean (iaz euri asko egin zuen)].

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper