Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=esker 4 sarreratan aurkitu da.

esker

1 iz. Mesede edo zerbitzu bat hartu duenaren ezagutzazko sentimena. Esker erakutsitzat. Batzar lagunekiko dudan eskerra eta zorra adierazi nahi nituzke. Esker hobea merezi zuela usterik. Bilauaren eskerra, pokerra (esr. zah.). || pl. Eskerrak zor dizkiot.

2 iz. Batez ere Ipar. edo Jas. Aintzat hartzea, estimua. Nire bihotzak ez die eskerrik lur honetako ondasun iragankorrei. Esker gutxi zien zuen opariei.

esker anitz Eskerrik asko. Ik. eskerrik anitz. Esker anitz, oso goxoak daude.

esker beltz Eskergabekeria. Israeldarren esker beltza eta gaiztakeria ikusirik.

esker beltzeko adj. Eskergabea. Honelako mesedea Zuk niri egin, eta esker beltzekoa beti izango naiz?

esker egin Bizk. g.er. Eskerrak eman. Hik heurea egin duk, eta esker egiok Jainkoari.

esker eman Eskerrak eman. Gaur Jainkoari esker ematera noakio. On da esker ematea, dezakegun dina. Esker dizut nire bihotz guztiaz.

esker emate, esker-emate Eskerrak ematea. Erregu eta esker-emateak egin daitezela.

esker erakutsi, esker-erakutsi g.g.er. Esker ona erakustea. Olagizonari ezaguera onezko gure esker-erakutsiak egin ondoan. Esker erakutsitzat.

esker gaizto Eskergabekeria. Esker gaiztoa da horrelakoek hartu ohi duten saria.

esker gaiztoan (-en atzizkiaren eskuinean). Norbaiten nahia edo zerbaiten eragozpena aintzat hartu gabe edo are horien aurka ere. Ik. damuz 3. Aita Larramendi gogoangarria, zeinak argitaratu zituen Gramatika eta Hiztegia, etsai ozpindu txar askoren esker gaiztoan, halere.

esker gaiztoko adj. Eskergabea. Esker gaiztoko semea. Gai honetan inor esker gaiztoko azaldu bada, ez gara gu izan. Ez garela hain esker gaiztokoak.

esker mila Mila esker. Esker mila, adiskidea.

esker on Eskerra. Esker ona erakutsi. Esker onez eta beldur gaiztoz. Esker onezko otoitza.

esker oneko adj. Mesedeak eta on eginak eskertzen dakiena. Esker oneko semea. Esker onekoak izan behar dugula beti.

esker otoitz, esker-otoitz Esker onezko otoitza.

eskerrak 1 Eskerrak emateko erabiltzen den esapidea. Ik. eskerrik asko. Eskerrak zure laguntzari! Eskerrak zuri, nire Jesus maitagarria. Eskerrak borondate eder horregatik.

2 (Perpaus osagarri bat lagun duela). Eskerrak ez dela etorri. Eskerrak etorri ez den.

3 (-i atzizkiaren eskuinean). -i esker. Sebastian honi eskerrak, jan eta lo ederki egiten genuen.

eskerrak bihurtu Eskerrak eman.

eskerrak eman Eskertu. Jainkoari eskerrak ematen. Egin dizkigun mesedeengatik eskerrak emateko. Eskerrak eta laudorioak bihotzez emateko.

eskerrik anitz Eskerrik asko. Eskerrik anitz zure eskutitzagatik.

eskerrik asko Eskerrak emateko erabiltzen den esapidea. Eskerrik asko, Alberdi jauna. Eskerrik asko zuen harrera onagatik. Ez, eskerrik asko.

esker txar Eskergabekeria. Seme-alaben esker txarra.

esker txarreko adj. Eskergabea. Esker txarreko ez agertzearren.

-i esker -en bitartekotasunagatik, laguntzagatik, eraginagatik. Bizi banaiz, zuri esker bizi naiz. Horri esker salbatu zen gure baserria.

mila esker Eskerrik asko. Ik. milesker. Mila esker, jauna, mesede honengatik. Mila esker guztioi.

jainko

1 iz. (J larriz). Erlijio monoteistetan, izaki gorena, pertsona-izaera ematen zaiona eta munduaren sortzailetzat hartzen dena. Sinesten dugu badela Jainko egiazko bakar bat. Jainkoak gauza guztiak dakuski eta gauza guztiak dakizki. Jainkoagan sinetsi. Jainkoa ukatu. Jainkoa maitatzea gauza guztien gainean. Ni naiz Jainko Jaun guztiahalduna. Jainko gure jauna. Jainkoaren grazia. Jainkoaren Hitza. Jainkoaren borondatea egiteko. Jainkoaren erreinua. Jainkoaren Legeko aginteak. Jainkoagandik hartutako dohainak. Jainkoaren beldurra. Ene Jainko Jauna, oroit zaitez nitaz. Jainko handia, Jainko guztiz ahaltsua. Sei egunean sortu zuen Jainkoak mundua ezerezetik. Abrahamen Jainkoa. Hire begira Jainko Jauna aingeruekin zeruan. Jainkoaren hiru pertsonak (Ik. hirutasun). Jainko seme gizon egina. Jainkoaren Semea: Jesu Kristo. Jainkoaren ama: Ama Birjina. Jesus, Jainko eta gizona. Jainko-Bildotsa.

2 iz. (Zenbait esapidetan). Jainkoak gorde zaitzala! Jainkoak dizula egun on. Egun on Jainkoak (digula). Bihar arte, Jainkoak nahi badu. Laster, Jainkoak nahi badu, agertuko dena (Ik. Jainkoa lagun).

3 iz. Erlijio politeistetan, gizakiaz gaineko izakia, ahalmen eta botere bereziz hornitua dena. Ik. jainkosa. Marte jainkoa. Greziar mitologiako jainkoak. Itsasoetako jainkoa. Jentilen jainkoak. Eguzkia jainkotzat daukatenak. Jainko gezurrezkoak gurtzen dituztenak. Jainko eroria dirudi gizonak. Honela, bere bizia galbidean ipintzen duelarik, jasotzen du bere burua, hilkorra izan arren, jainko hilezkorren gainetik. Jainko etsaiei, Izadiaren indar itsuei alegia, gogor egitean dago gizonaren handitasuna. Jainko-jainkosak, hain giza irudiko eta, hala ere, hain bestelako.

4 iz. (Hitz elkartuetan, lehen osagai gisa). Ik. jainkozko. Ez zion honi jainko maitasunak gehiegi eragingo, baina bai jainko begiramenak edo, garbiago esateko, jainko beldurrak. Jainko herria. Jainko legea irakatsiz.

Jainkoagatik Zerbait eskatzen denean erabiltzen den esapidea. Ik. Jainkoarren; Jainkoaren izenean. Zaude isilik, Jainkoagatik!

Jainko Aita Kristau doktrinan, Aita, Hirutasun Santuko lehen pertsona. Jarririk dago Jainko Aita botere guztia duenaren eskuineko aldean.

Jainkoak begira Batez ere Ipar. Aipatzen dena gertatzea ez dela nahi adierazteko erabiltzen den esapidea. (Gehienetan -tik atzizkia duen osagarria hartzen du). Jainkoak begira gure euskararen galtzetik.

Jainkoak daki Hitz egiten duenak zerbait inondik ere ez dakiela adierazteko erabiltzen duen esapidea. (Bera bakarrik, erantzunetan erabil daiteke; ondoan galdetzaile bat edo galdetzaile batez hasten den perpaus txertatua har dezake). Ik. auskalo. Errudun edo errugabe, Jainkoak daki. Noiz arte? Jainkoak daki. Idatzi baino 80 urtez geroago argitaratua, eskuizkribu batetik eta Jainkoak daki nola. Zorion betean bizi izan ziren, Jainkoak daki zenbat urtez. Jainkoak daki non ibilia den!

Jainkoak guarda Aipatzen dena gertatzea ez dela nahi adierazteko erabiltzen den esapidea. Jainkoak guarda, maitea, ni traba bat izatea zure zorionean!

Jainkoa lagun Jainkoak nahi badu. Gertaera zoriontsu hau, Jainkoa lagun, urriaren 15ean izango da.

Jainkoaren graziaz adb. Jainkoaren grazia bitarteko dela. Izan ere, Jainkoaren graziaz eta haren kontseiluari jarraituz, geure gogoz egin gara behartsu.

Jainkoaren izenean Zerbait eskatzen denean, indargarri gisa, erabiltzen den esapidea. Ik. Jainkoarren; Jainkoagatik. Limosnatxo bat, Jainkoaren izenean! Buka ezazu berehala, Jainkoaren izenean!

Jainkoari esker(rak) Ez dira gutxi, Jainkoari eskerrak, horretan ari direnak. Jainkoari esker, oraino ere badira herri onak.

Jainkoari nahi dakiola adb. Zerbait gertatzeko nahia adierazteko erabiltzen den esapidea. Jainkoari nahi dakiola ongi bukatzea. || Jainkoari nahi ez dakiola.

Jainko maitea interj. Harridura edo ustekabea adierazteko erabiltzen den esapidea. Zein da hor barreneko bidetik datorrena? Jainko maitea!, Joana da eta!

jainko txiki 1 Idoloa, jainko gisa gurtzen den pertsona. Cánovas zen orduko jainko txikia, baita kultura gauzetan ere.

2 Sasimedikua.

3 Horrek jainko txikiaren berri ez daki: hori pertsona tolesgabea da, ez daki mundu honetako gauzen berri.

jaun

1 iz. Frantziako Iraultza aurreko gizartean, lurralde, herri edo pertsonen gainean eskua edo aginpidea zuen gizonezkoa; gizarte horretan goi mailako gizonei ematen zitzaien ohorezko titulua. Bizkaiko jaunak. Zalgizeko jauna. Dukerri bateko jauna. Jaun eta handikiak.

2 iz. Zerbaiten edo norbaiten gainean erabateko eskua duen gizonezkoa. Zeruko eta lurreko erregea eta jauna delako. Zure anaien jaun izan zaitez. Nire bihotzeko jauna. Senar duenak jaun du (esr. zah.). || Jaun egin zait amodioa.

3 iz. Zernahi gizon, bereziki gizarteko behe mailetakoa ez dena. Jaun aberats bat. Erromako jaun gazte bat. Egun batean pobre, beste batez jauna. Leon du jaun horrek izena. Jaun eta andre multzo bat zetorrela.

4 iz. (Bokatibo gisa). Bai, jauna. Egun on, jauna. Jokaldi bat bakarra egingo dut, jaunak.

5 iz. Gizonezkoekin erabiltzen den gizalegezko hitza, hainbat kargu edo bizibide itzaltsuren izenaren edo izen berezi baten eskuinean edo ezkerrean jartzen dena. Erretore jauna. Alkate jaunari. Gorostiaga euskaltzain jauna. Jaun apezpikua. Jaun kondeari goraintzi! Eusebio jauna. Zubizarreta jaunagandik. Mikel Segurola jaunari. Jaun Etxaus neure jabe noblea.

6 iz. (J larriz). Jainkoa. Agur, Maria, graziaz betea, Jauna da zurekin. Hemen nauzu, Jauna. Goiko Jaun ona. Igandea, Jaunaren eguna. Hankak sano ditugu, Jaunari graziak!

7 iz. Ostia, eukaristiako ogia. Jauna eramaten zaie gaixoei. Jauna agerian dago alboko aldarean.

Jauna eman Eukaristiako sakramentua eman. Ahizpei Jauna emateko, zilegi bekio kapilauari monasterio barruan meza ematea.

Jauna hartu Eukaristiako sakramentua hartu. Ik. jaunartzaile; jaunartze. Jauna hartu aurreko otoitzak. Bekatu larrian Jauna hartzen duena.

jaun-andre 1 iz. pl. Jauna eta andrea. Olañeta jaun-andreak pozarren daude. Ugazaba jaun-andreak kanpoan dira.

2 iz. pl. (Agurtzeko formula gisa). Arratsalde on, jaun-andreak! Alkate jauna, jaun-andreak, agur.

Jaunari esker(rak) Jainkoari eskerrak. Guk, Jaunari eskerrak, inoren beharrik ez dugu.

jaun done Kristau erlijioko santu jakin batzuei aurretik ezartzen zaien hitza. Ik. san; done 2. Jaun Done Petri.

jaun eta jabe Zerbaiten edo norbaiten gainean erabateko nagusitasuna edo aginpidea duen pertsona edo gauza. Munduko ondasun guztien jaun eta jabea. Eskoletatik eta gizartetik baztertua izan da bertako hizkuntza luzaroan, ingelesa geldi zedin jaun eta jabe. Han eta hemen, baita hizkuntza gaietan ere, argitasunak, lekukoak, dokumentuak dira jaun eta jabe; jaun eta jabe bakarrak.

jaun handi 1 Gizartean maila gora duen edo iritsi duen gizona; noblea. Errege bat edo jaun handi bat. Jaun handi batekin solasean ari zela.

2 (J larriz). Jainkoa. Ik. jaun 6.

jaun on 1 (Agurtzeko esapide gisa). Sar zaitezte jaun onak; ongi etorri!

2 (J larriz). Jainkoa. Goiko Jaun onak emango ahal digu, eramateko indarra!

Jaun zeruko, zeruko Jaun Jainkoa. Jaun zerukoak saritu zaitzala. Han dago zeruko Jauna, gurutze batean iltzez josia.

[Oharra: bosgarren adieran, erretore jauna bezalakoen lekuan, Iparraldean, jaun erretorea erabiltzen dute, izenaren ezkerrean, alegia. Jaun done izen jakin batzuekin erabiltzen da; ik. Euskaltzaindiaren 125. araua].

mila

1 zenbtz. Hamar aldiz ehun, 1.000. Mila eta bat. Mila eta berrehun. Mila berrehun eta bi. Mila urte igarota, ura bere bidean. Sei mila izan ziren bizia galdu zutenak. Hamar mila gizoni bizia edeki zielako. Mila arroa urre. Mila kilo zikiro prestatu dira. Bi mila hitzeko hiztegi berria. Mila aldiz handiagoa. Batek mila balio, eta milak batere ez. Doi-doia aurkituko dira, hainbeste milaren artean, ehun salbatuko direnak. Beste mila eta milaren ondoan. Milatik bat-edo izan daitezke Touretteren sindromeak jotakoak. || Mila bat ardi dauzkat aurrean (Ik. mila bat). Bosna mila pezeta zor dizkigute (Ik. mila bana). Urtean hamar bat mila euro ematen dizkio. Lau bat mila euro astean. || Honenbeste mila pezetatan eskaini zidaten liburua. Gertaera horiek hurkoak ditugu, zenbait mila kilometro gorabehera.

2 iz. Zenbaki arrunten segidan milagarrena. Mila zenbakia. Mila eta bi mila hiru mila dira.

3 zenbtz. Kopuru handia; asko. Mila aldiz entzun den kontua. Eta nahiago nuke, mila bider nahiago, uste hori ustel agertuko balitz. Horrelako beste mila. Tradizio luze batek metatu dituen ehun mila jakite ezkuturen lorea.

mila arraio interj. Haserrea edo harridura adierazteko erabiltzen den esapidea. Mila arraio!, horixe da gizonaren suertea! Nor mila arraio izan ote da niri hemendik diru biribil polit ederrak ostu dizkidana?

mila bana Bakoitzak mila, bakoitzari mila. Mila bana pezeta ordaindu dugu bazkaria.

mila bat 1 Mila inguru. Mila bat ardi dauzkat aurrean.

2 Asko, franko. Mila bat irain elkarri esaten nekatu zirenean (...).

mila deabru interj. Haserrea edo harridura adierazteko erabiltzen den esapidea. Koxmek atzera egiten badu, mila deabru!

mila demonio interj. Haserrea edo harridura adierazteko erabiltzen den esapidea. Eta ni bezalako gizon batek bidea galdu?, mila demonio! Zer mila demonio pasatzen da hemen?

mila esker Eskerrik asko. Ik. milesker. Mila esker, jauna, mesede honengatik. Mila esker guztioi.

mila sorgin interj. Ipar. Harridura edo haserrea adierazteko erabiltzen den esapidea. Ik. arraio2 1. Zer mila sorgin!, nork daki hori? Non mila sorgin egonak zarete orain arte? || Mila sorgina! errege baldin banintz, zer erregina!

milatan Mila aldiz; askotan. Ik. miletan. Baina ai, ai, ai eta milatan ai. Dohatsu eta milatan dohatsu izango zara. Milatan mila. Mila aldiz goratua izan denez gero lehen zeruraino eta beste milatan beheratua gero infernuraino. || Lauda bedi milatan eta milatan.

Oharra: azken eguneraketa 2020-07-08

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper