Euskaltzaindiaren Hiztegia

Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=babes 4 sarreratan aurkitu da.

babes

1 iz. Gordetzen, zaintzen edo zerbaitetatik begiratzen duen gauza. Ik. geriza 2. Haizearen ihesi babesaren bila. Horma baten babesean atseden apur bat hartu zuen. Gauaren babesean gorde. Mendizaleak nekeak jota iritsi ziren beheko kanpalekuaren babesera. Gurasoen babesa. Ontzia haize babesean jarri. Ginbailtxo hura beroaren babes bikaina baitzen.

2 iz. Gordetzea, zaintzea edo zerbaitetatik begiratzea. Babes eskubidea. Babesa eskaini, eman, eskatu, ukatu.

3 iz. Egitasmo edo ekimen bati ematen zaion laguntza. Euskaltzaindiaren babesa lortu nahiz. Coca Colaren babesaz.

4 adj. Lekuez mintzatuz, babesean edo babestua dagoena. Leku babesean dago. Sakonik babesenean.

babes erakunde, babes-erakunde Arrisku edo premia egoeran dagoen norbait edo zerbait babesten duen erakundea. Nerabe horietatik ia gehienak adingabekoentzako babes-erakunde publikoek hartzen dituzte.

babes etxe, babes-etxe Behartsuei eta gabetuei babesa eskaintzen zaien etxea. Emakume askok bizilekua utzi behar izaten dute eta babes etxeetan aurkitzen dute beharrezkoa duten laguntza eta aldi baterako ostatua.

babes neurri, babes-neurri Batez ere pl. Zerbait babesteko hartzen den neurria. Babes-neurririk gabeko sexu-harremanak. Informatikan, babes-neurri guztiak hartu behar direla zioen, eta ez dugula inoiz fidatu behar.

buru

1 iz. Gizakiaren edo animalien gorputzaren goiko edo aurreko zatia, ahoa eta zentzumenak kokaturik daudena. Zezen burua. Burua estaltzeko. Adarrak, zenbait gizasemeren buru-kopetak zinetan eta benetan apaintzen dituzten edergarri horiek. Burua (apustu) egingo nuke berandu heltzen dela. Buru gaina. Burt Lancaster buru-urdinak. Gizon buru-luzea. Gizon iletsu buru-beltza.

2 iz. (Esapideetan). Inori burutik behera kaka egin: iseka larria egin. Norbaitek burua lehengo lepotik, betiko lepotik izan: iritzietan, ohituretan ez aldatu. Zerbaitek bururik ez hankarik, bururik ez buztanik ez izan: zentzugabea, itxuragabea izan. Jakinduriaz eta sakontasunaz diozunak ez du ez bururik ez zentzurik. Besteren buruan zentzatu, ikasi.

3 iz. Burua adimenaren eta oroimenaren iturburutzat hartua. Bihotz euskaldunaren eta buru erdaldunaren arteko borroka amaigabea. Haizea buruan eta ibili munduan; joan bazen, joan zen; ez lanerako eta ez ezertarako. Buru-loka izan: buruarina izan. Buru gogorra duen gizona (Ik. burugogor). Gaizki egin dudala ezagutzeko adina buru badut. Norbaitek buru argia izan. Urrestarazu jaunaren adorea, kemena, buru jantzia eta bihotz kartsua. Norbaitek buruan gatza izan: buruargia izan. Burua oso duenak: zoraturik ez dagoenak. Buruak huts egiten ez badit. Filologoarentzat zail eta buru-nekagarri izan ohi diren hitzak. Buru-berotzaileak.

4 iz. Gauzaki baten mutur zabala edo biribila. (punta-ren aurrez aurre). Ik. buru orratz. Iltze, torloju baten burua. Orratz buru-zuria.

5 iz. Hainbat gauzaren muturra. Mahaiaren buruan zeudenak (Ik. mahaiburu). Titiaren burua (Ik. titiburu). Zoazte bide buruetara. Haritzaren buru orritsuan.

6 iz. Zerbait bukatzen den gunea. Errotik bururaino ezagutu. Buru batetik bestera, dena da ongi aukeratua eta egoki euskaraz emana. Etxe bat gaitza, ordoki baten buru-buruan. Urtearen bururaino.

7 iz. Buruzagia. Elizaren burua. Leinu santu haren buru egin zuen. Provenzano 1933an jaio zen Sizilian, eta mafiako buru nagusietako bat izan da.

8 iz. Buruxka. Ik. galburu; artaburu. Bihiak ereiten eta buru beteak biltzen.

9 iz. Hainbat landareren hosto zabalek osatzen duten bilduma biribil antzekoa. Ik. azaburu.

10 iz. Zerbait hasten den gunea. Ik. izenburu. Hitz buruan maiz aurkitzen da b-, d-, g-/p-, t-, k- aldaera.

11 iz. Kapitulua. Liburuaren laugarren burua. Legearen lehen burua, zazpigarren atala.

12 iz. Aziendaz edo jendeaz mintzatuz, banakoa. Bi mila, bi mila eta bostehun buru izaten ditu artalde bakoitzak.

13 iz. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean, aditzaren era bihurkaria gauzatzeko erabilia). Jonek bere burua hil du. Bere burua bota du zubitik behera. Erantzi soinekoa eta han bota nuen neure burua uretara. Geure buruaren jabe gara. Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik. Zeuen buruak salduz. Bere burua eta Barthes aipatzen ditu liburu horretan. Geure buruen kaltean egin dugu hori. Zeure burua zeure eskuko zenuenean. Zeure burua erakusteagatik egin ohi duzun hainbat gauza.

(bere...) buruaz beste egin (Bere...) burua hil. Bere buruaz beste egin du, etsipenez.

burua agertu Azaldu; nabarmendu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Erizain batek burua agertu zuen atetik. Ez zuen bere burua aitaren aurrean agertu nahi. Lebita eta ginbail ederrik badu etxean baina ez du bere burua agertu nahi izaten.

burua altxatu 1 Burua gorantz higitu. Ikusten zuen nola zerbait idazten zuen burua altxatu gabe.

2 Harro azaldu, nabarmendu. Euskaldun den gizon orok altxa beza burua.

burua apaldu Burua makurtu. Bazterka so egiten zidan halako irri maltzur batekin eta burua apaltzen zuen. Burua apaldurik zebilen. Ez bururik apaldu inongo jaunekin.

burua arindu 1 Kezkak eta nekeak arindu. Joan zen behin ehizara, burua arintzera.

2 Buru gaitasuna galtzen hasi. Gauza onik ez dago zahartuz gero: burua arindua eta odola bero.

burua azaldu 1 Burua erakutsi. Burua azalduko dut, sator zulotik bada ere. Atea jo eta burua azaldu zuen, irribarretsu.

2 (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). Norbaitek bere burua ezagutarazi. Komunikazio grafikoan dabiltzanek euren burua azaltzeko modu bat ere izan daiteke. Munduaren aurrean herri gisa geure burua azaltzea ahalbidetu izan dutenak.

burua bat egin Bizk. Norbaitekin elkar hartu, bereziki azpilanean aritzeko. Ez dut nahi nik burua bat egin zuekin, ez eta zuen antzeko beste batzuekin ere.

burua beheratu Burua makurtu. Jesusek bere burua beheratzean, borreroari egin zion keinua. Gaizki egin ote dut, zuen goratzeko ene buruaren beheratzea.

burua berotu 1 Burua hautsi. Gutxi dira Jaunaren borondatea ezagutzeko burua berotzen dutenak.

2 Norbait zerbait egitera bultzatu. Ik. haize eman 2. Nire semeari burua berotu diozu, niri dirua lapurtzeko.

burua erakutsi Burua agertu. (bere eta kidekoekin nahiz gabe erabiltzen da). Jesusek erakusten duenean bere burua arantzez inguratua. Eraztunez josia eta erdara harroa dariola dabil, hor zehar, bere burua erakutsi beharrez.

burua galdu Zentzua galdu, zoratu. Horrek nauka bada burua galdurik. Zahartu zenean, burua erdi galdu zitzaion.

burua gora adb. Harro, harrotasunez. Burua gora itzuli zen bere herrira.

burua hartu 1 Buruzagitza hartu. Sarkozyk eskuinaren burua hartu du.

2 Lasterketez, sailkapenez eta kidekoez mintzatuz, lehenengo lekuan jarri. Kortaren mutilek estropadaren burua hartu dute, eta Bizkaiko txapelketa irabazi dute. Sailkapeneko burua hartu zuen Baskoniak.

3 (Batez ere burua hartua izan esapidean, 'burua erabat pentsamendu edo ideia batek betea izan' adierazteko). Erabat burua hartua eta bere liburuen gezurretan blai-blai egina zegoen. Pentsaketa horretaz burua hartua dago.

burua hautsi 1 Burezurra hautsi. Azpijokoren bat egiten saiatuz gero, burua hautsiko ziotela mehatxu egin zioten.

2 Zerbaiti buruz behin eta berriz pentsatu, zerbaiten inguruan hausnartu edo kezkatu. Zuk oraindik ez duzu bururik hautsi arimaren onari dagozkien gauzetan. Hori horrelaxe izan dela jakiteko, burua hautsi beharrik ez dago.

burua jaso 1 Burua gorantz higitu. Jesusek burua jaso eta esan zien: (...).

2 Beheralditik atera, adoretu. Zorrez beteta, bururik jaso ezinda. Burua jasorik ibili. Euskal Herriak gehiago burua jasoko ez zuelako etsian. Euskarak burua jasotzea Jainkoak nahi du.

burua joan Konortea galdu, zorabiatu.

buruak eman dio ad. Bururatu. Zoro hari buruak eman dio, ikusi duen neska bat behar duela. Esan behar nuenik ere ez niri eman buruak.

burua makurtu 1 Burua beherantz higitu. Burua makurtu eta besoez aurpegia estaltzen zuen.

2 Umildu. Burua makurtzen dutenak edo umiltzen direnak. Ez daki burua makurtzea beharrezkoa dela sarritan. Jaunaren esanari burua makurturik.

burua nahasi Burua galdu. Burua pitin bat nahasi zitzaidan, nahi ez nuena esateko.

buruan eduki Gogoan izan, eduki. Adibide hau eduki behar da buruan meditazio guztietan.

burua nekatu Pentsatzen nekatu. Gehiago burua nekatu gabe, baratzean sartzea erabaki zuen. Horrek pentsatzen ez du bururik asko nekatu.

buruan erabili Zerbaitetan pentsatu, hausnartu. Ik. gogoan erabili. Ametsetan ere beti bere praka berriak darabiltza buruan. Gazte haiek gezur zoroak eta auzi-borrokak zerabiltzaten buruan.

buruan eraman 1 Buru gainean eraman. Buruan zeraman pegarreko esnea saldu eta txitak erosi.

2 Buruan jantzirik eraman. Berak egindakoa zen Azpirozek buruan zeraman txanoa.

3 Buruan erabili. Buruan daramatzan esaldiak idazten hasi da. Aspaldian buruan daramadan istoriotxo bat kontatuko dizut.

buruan gorde Oroimenean gorde. Gorde itzazu buruan ondo zure amaren hitzak. Ez du jakinduria makala, haiek guztiak buruan gordetzeko!

buruan hartu 1 Gogoan hartu, aintzat hartu. Jendearen esanik ez har buruan. Adi ezak, Mattin, eta har ongi buruan erratera noan hau.

2 Sinetsi, konbentzitu. Handiak holakoak dira, buruan hartua dute guztiak haientzat jaiotzen direla.

buruan ibili 1 da ad. Gogoan ibili. Adierazi egiten zuen hartara, modu ezin laburragoan, sasoi hartako erromantiko guztien buruan zebilena. Buruan zebilkiona ahanzteko, denbora-pasa saiatu zen hantxe emakume zenbaitekin dantza lizunetan.

2 du ad. Buruan erabili, gogoan erabili. Miguel Sanzek 2011n Espainiako egungo erregearen aurrean jaurtitakoa buruan ibili dut egunotan.

buruan ipini Buruan jarri. Zer zabiltza, buruan traste hori ipinita? Etsaiak buruan ipini zidan asko galduko nuela nire faman aitortzen banuen nire bekatua.

buruan izan du ad. Gogoan izan. Beste kezkarik deus ez dugu buruan, Loiola ikustea baizik.

buruan jarri 1 Buruaren gainean jarri. Txapela buruan okerka jarria.

2 Bururatu, zerbait buruan sartu. Guztiek bere lepotik barre egiten zutela jarri zitzaion buruan.

buruan pasatu Bururatu. Ik. burutik pasatu. Buruan orduan pasa zitzaizkidanak!

buruan sartu 1 Gogoan sartu. Mutil koskor hauei ingeles apur bat buruan sartzeko asmoz. Gauza bat buruan sartzen zaizunean. Hizkuntzen iraupenari eta azkenari buruz buruan sar adina gai ikasi behar izan ditut.

2 Bururatu. Buruan sartu zaio gauza txarren bat gertatuko zaiola.

buruaren jabe 1 adj. Askea, burujabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ez da hizkuntza bere buruaren jabe, besteren mirabe baizik.

2 Bere egintzen erantzule dena. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Harrotua dabil, ezagun du ez dela bere buruaren jabe.

buruaren nagusi Askea, inoren mendekotasunik gabea. (bere eta kidekoekin erabiltzen da). Ik. buruaren jabe; burujabe. Gehienok, geure buruaren nagusi eta zeharo libre garela uste dugu. New Yorken zeure kabuz, zeure buruaren nagusi izanez lan egitea askoz errazagoa da.

buru-argi Ik. buruargi.

buru argiko adj. Buruargia. Buru argikoa izanik, argi jabetu zen asmo horietaz.

buruari eman 1 Ipar. Kontu egin, imajinatu. Emaiozu buruari eguzkia argizko itsaso bat dela.

2 Naf. Burua nahasi. Buruari emana dabil, semea istripuan hil zitzaionetik.

buru-arin Ik. buruarin.

buru atxiki Buru egin, aurre egin. Ez duzu oraino buru atxiki odoleraino.

burua urratu 1 Buruan zauriak edo urratuak egin. Burua eta lepoaldea ebaki zabalez urraturik.

2 Burua hautsi (irudizko adieran). Burua gehiegi urratu gabe, badaukat zer jan eta zerekin jantzi.

buru babes, buru-babes Kaskoa, burua babesteko estalkia.

buru babeski, buru-babeski Buru-babesa.

buru-belarri 1 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Auzian buru-belarri sartu gabe. Zintzoa izaten saiatu zen buru-belarri. Lanean ari da buru-belarri.

2 adb. Adi-adi.

buru-bero Ik. burubero.

buru-bihotz pl. Burua eta bihotza. Eta kaletarron buru-bihotzak ez izaki beti lehengo euskaldunenak bezain garbi.

buru-buztan pl. g.er. Zentzua. (Ezezko esaldietan erabiltzen da). Kantu horietako hitzek ez dute buru-buztanik.

buru-buztanka adb. Atzekoz aurrera, alderantziz.

buru egin 1 dio ad. Aurre egin. Ik. gogor egin. Tentaldiari buru eginez.

2 Buruzagi izan. Hurreratu zitzaion morroien artean buru egiten zuena.

buru eman 1 dio ad. Amaitu, burutu. Lanari buru emateko denbora iritsi zen.

2 dio ad. Buru egin, aurre egin. Haizeari buru emanaz. Bere gauza guztiak saldu zituen zorrei buru emateko.

buruenik adb. Azkenik. Zer esan, buruenik, euskal hitzen erdal azalpenei buruz?

buru estalki, buru-estalki Burukoa, burua estaltzeko erabiltzen den jantzi edo zapia. Emakume zaharrenak ile zuri ondo orraztuak buru-estalki zuri garbi baten azpian gordetzen zituen.

buru eta bihotz 1 adb. Erabat, oso-osorik. Ik. gorputz eta arima. Buru eta bihotz, hire lagun.

2 adb. Ahaleginean, gogoz eta lehiaz. Ik. buru-belarri. Irakasle zenez gero, buru eta bihotz irakasteari ekin zion.

buru gibel, buru-gibel Buruaren atzeko aldea. Ile zuri-beltzeko txirikorda lodi batzuk buru-gibelean antze handiarekin kiribilkatuak.

buru-gogor Ik. burugogor.

buru-gorri Ik. burugorri.

buru-handi Ik. buruhandi.

buru-harro Ik. buruharro.

buru-has adb. Buru hutsik. Buru-has agurkatu. Bi lerrotan jarririk, guztiak buru-has. Buru-has eta ortutsik gelditu zen.

buru hausgarri, buru-hausgarri iz. Buruhausteak ematen dituen gauza.

buru hezur, buru-hezur Burezurra.

buru-huts adj. Ergela, burua hutsa duena. Agure zahar eta buru-huts, batera, izan ez zaitezen.

buru hutsean, buru-hutsean adb. Buru hutsik. Baserritar bat buru hutsean sekula ez zen ikusten.

buru hutsik, buru-hutsik adb. Buruan txapelik edo antzekorik gabe. Ik. buru-has; buru hutsean. Buru hutsik eta paparra zabalik.

buru-jantzi adj. Ikasia. Prosan ere badira edozein euskaldun buru-jantzik ezagutu behar lituzkeen obrak.

buru kasko, buru-kasko Burezurra.

buruko adj. Ik. buruko. Pentsatze hutsak buruko ile guztiak lazten zizkidan. Haizeak buruko kapela eraman zion.

buru kolpe, buru-kolpe 1 Burukada.

2 Burutazioa.

buruko min 1 Buruan sentitzen den mina. Buruko minez nago. Buruko mina dut.

2 Ardura, kezka. Auzitegietan nahiko lan eta buruko min badarabiltzagu. Gurasoei buruko min bat ez nahigabe bat eman ez dieten seme-alaba zintzoak.

buru lan, buru-lan Batez ere adimenaz baliaturik zertzen den lana. Buru-lanetako aproposagoa zen eskulanetako baino. Elizgizonen eskuetan utzi dugu hemen buru-lana.

buru langile, buru-langile Batez ere adimena erabiltzea eskatzen duen lanean aritzen den pertsona. Eskulangile eta buru-langileak. Buru-langileen zereginak.

buru-makur Ik. burumakur.

buru-motz Ik. burumotz.

buru nahaste, buru-nahaste Buruhaustea.

buru oneko adj. Buru argikoa; zentzuduna. Esku onetan zaude guztiz, artaldea, txit buru onekoa da zure jabea. Ez zituen oraino hogei eta bortz urte baizik, baina buru onekoa zen.

buru orratz, buru-orratz Orratz buruduna, lepoko zapiak eta kidekoak lotzeko erabiltzen dena.

buru oskol, buru-oskol g.er. Buru-babesa, kaskoa.

burura ekarri Gogora ekarri. Ik. bururatu. Zuen gabon-kantak gure ama xaharraren oroitza ekarri dit burura.

burura eman Ipar. Bururatu, burura ekarri.

burura etorri Gogora etorri. Gauden pixka bat, ea zerbait datorkigun burura.

burura heldu 1 Bururatu, burura etorri. Koplak gaindika burura heldu zaizkio eta abiatzen da kanta errepiketan.

2 Amaierara iritsi, amaitu. Laxoko txapelketak ari dira burura heltzen. Proiektu hau burura helduko den itxaropena dute.

burura igo Zerbaitek burua ilundu, burua lausotu. Ardoa burura igo zitzaion eta ez zekien zer egiten zuen.

bururako (-en atzizkiaren eskuinean, batez ere ezezko esaldietan). Ez da hori zure bururako egiten den gauza: ez da hori zuri dagokizun gauza.

bururen buru Burutik burura, hasieratik bukaeraraino. Laburra da erreka: bospasei kilometro baino gehiago ez duke bururen buru.

buru-soil Ik. burusoil.

burutan atera Bururatu, amaitu. Utz ezazu ene gainean zure egitekoen arta, nik burutan aterako ditut zein bere denboran.

buru(ta)tik adb. (neure, zeure, bere eta kidekoen eskuinean). (Neure, zeure...) kabuz, kasa. Heure burutatik hoa, ala aginduta? Hobe da beti mundu zabalean ontzat hartuak dauden hitzez eta izenez baliatzea nor bere burutik asmaketan abiatzea baino.

burutik aldaratu da ad. Burutik egin, zoratu. Bere anaia hil dela esan diote eta burutik aldaratu da.

burutik beheiti Burutik behera. Arrautza erauntsia atertu dela ikusi dutenean, hautetsiak berriz atera dira; orduan beste arrautza batzuk bildu dituzte burutik beheiti.

burutik behera adb. Goitik beherantz; burutik hasi eta oinetaraino. Burutik behera jantzi behar den soinekoa. Burutik behera bustia agertu zen.

burutik beherako 1 iz. Marranta, hotzeria.

2 iz. Buruko isuria.

burutik buru Bururen buru. Liburua burutik buru irakurriz gero.

burutik burura Buru batetik bestera, hasieratik bukaeraraino. Liburua burutik burura irakurri zuen.

burutik egin zaio/du ad. Zoratu. Ik. burutik jauzi; burutik joan; burutik jo; burutik egon; burutik nahasi. Hori aditu zuenean, burutik egin zitzaion. Burutik egin zaizu? Eroetxera daramate bukaeran, burutik egin duelakoan. Burutik egina bezala zegoen. Burutik eginda al zaudete?

burutik egon Zoratuta egon. Burutik dagoela, zentzua galdu duela.

burutik eragin dio ad. (nor osagarririk gabe). Norbait nahasarazi, zorarazi. Emakumea, ez iezadazu burutik eragin!

burutik izan du ad. Ipar. eta Naf. Burutik egon. Trufatzen zara nitaz, ala baduzu burutik? Ni kapitalista?, baduk burutik?

burutik jauzi da ad. Burutik egin. Sinetsi ez zioten, esanaz burutik jauzi zela.

burutik jo Burutik egin. (Ia beti burutik jota (egon) esapidean erabiltzen da). Burutik jota zaude ala?

burutik joan 1 da ad. Burutik egin. Burutik joan zara? Gizon hori burutik joanda dago.

2 da ad. Ahantzi. Ez zait burutik joango esan didazuna.

burutik kendu Zerbait pentsatzeari utzi. Burutik ezin kendu dut haren agur tristea. Burutik ez zitzaion kentzen herriko norbaiten jukutria zela.

burutik nahasi Burua, zentzua galdu. Ik. burutik egin. Bestela esango dute burutik nahasia zaudela. Jaunak burutik nahasten ez banau.

burutik oine(ta)ra adb. Goitik behera. Ik. burutik behera. Zazpi arrarik ez zuen burutik oinera. Burutik oinetara guztia legenarrez eta gaitzez betea nago.

burutik oine(ta)raino adb. Burutik oinera. Etxekoandrea burutik oinetaraino begira gelditu zitzaion. || Burutik oinetarainoko aldakuntzak.

burutik pasatu Bururatu. Ik. buruan pasatu. Ez zitzaion burutik pasatzen ere, ate hura bere aurrean itxi ziezaioketenik.

buruz ari izan Oroimenaz bakarrik baliaturik ari izan. Buruz ari naiz eta beharbada hutsen bat egingo dut.

buruz aurrera adb. g.er. Muturrez aurrera. Buruz aurrera erori da.

buruz beheiti adb. Ipar. eta Naf. Buruz behera. Baina, etxekoandrea, buruz beheiti emana duzu-eta zure liburua!

buruz behera 1 adb. Ahuspez, beherantz begira. Buruz behera etzan da ohe gainean.

2 adb. Gorputzaren goialdea beherantz dagoela. Done Petri gurutzean buruz behera josita hil zen. Buruz behera erori beharrean zutik gelditu zen.

buruz buru adb. Aurrez aurre. Uharteari buruz buru zegoen etxea. Aukera egokia da buruz buru hitz egiteko. Buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra aritu ziren bertsolariak.

buruz buru egin 1 Topo egin. Hola doalarik, buruz buru egiten du gizon batekin: Agur, adiskidea!

2 Talka egin. Elkar ez ikusirik, bi trenek buruz buru egin dute.

buruz buruka adb. Buruz buru, aurrez aurre. Iluntzean eta arratsean eginen dira finalerdiak esku-huska, bai buruz buruka eta bai binaka.

buruz buruko adj. Aurrez aurrekoa; banakakoa. Buruz buruko borrokan indartsuenak ziren. Buruz buruko txapelketa. Buruz buruko txapeldun izandako sei pilotari.

buruz esan Buruz ikasitakoa esan.

buruz gain 1 adb. Buruaren gainetik. Buruz gain labana luze bat jaurti zuen airean.

2 adb. Ahalbideen gainetik. Buruz gain egin: gainditu. Anitz urte baino lehen buruz gain egiten diote bere zor zahar eta berriek. Buruz gain ibili: erabat lanpeturik ibili. Gure buruz gain bizi nahiak egiten du gure malurra.

buruz gora 1 adb. Ahoz gora, gorantz begira. Emakumea buruz gora etzanda zegoen.

2 adb. Gorputzaren goialdea goian dagoela. Buruz gora edo buruz behera zuenik ere jakin gabe, egunkariari begira.

buruz ikasi Hitzez hitz errepikatzeko eran ikasi.

buruz jakin Oroimenaz bakarrik baliaturik jakin. Hutsa dela dotrina buruz jakitea, ulertzen ez bada.

buru-zuri Ik. buruzuri.

buru-zut Ik. buruzut.

-en buruan Aipatzen den denbora-bitarteaz gero. Ik. barru 7. Bost urteren buruan: bost urte igaroz gero. Hiru egunen buruan piztuko naiz. Denboren buruan: munduaren azkenean. Ororen buruan. Azterketa nekagarrien buruan baizik ez du jakingo. Han hil zen zenbait urteren buruan.

-en buruko -en buruan. Zenbait egunen buruko osoki sendatua zen.

-i buruz 1 -rantz, -ganantz. Gizona heriotzari buruz doa. Nik ez dakit jendea zeri buruz doan.

2 -z, -en gainean, -i dagokionez, -a gaitzat harturik. Nahikoa hitz egin dugu gai honi buruz. Arana Goiri eta Azkue ez ziren talde berekoak euskarari buruz. Ez da hizkuntzarik Europa osoan euskara bezain ilun ageri denik bere jatorriari buruz.

-i buruzko -i buruz esapidearen bigarren adierari dagokion izenlaguna. Mogelen lanei buruzko argitasun asko dator ikerketa horretan.

(neure, zeure...) buruarekin (egin, egon, esan aditzekin). g.er. Neure, zeure... artean. Neure buruarekin egin dut, zuregana behar nuela etorri. Nengoen neure buruarekin, ez ote nuen zuk baino gehiago sufritzen. Behin baino gehiagotan egona naiz neure buruarekin, nola onartzen dituzun horiek zure etxean.

haize

1 iz. Eguratsaren higidura; higitzen den airea. Haize hezea, lehorra, hotza, epela, beroa, errea, zakarra, gogorra, nahasia. Jainkoak haize handi bat igorri zuen. Haize biguna, eztia, gozoa, mehea. Haize erasoa, haize erauntsia. Haize motak. Ipar haizea, hego haizea. Toki garbia bada eta haize lekua ez, urteko landarea ona duzu. Haizea dabil. Ipar haizea ari zen marruka. Haizea atera du. Haizea jaiki da, altxatu da. Haizea baretu zenean. Haizezko ekaitza. || Haizez puzturik zeuden zahagiak. || Itxi ezazu atea, haizea ez zait komeni eta. Leihotik haizea sartzen zen autobusean. || Esr. zah.: Haizea nora, kapa hara. Hara haize, hara aise. Laguna, izorra hadi airez, erdiko haiz haizez.

2 iz. (Musika-tresnez mintzatuz). Perkusio, hari eta haizezko instrumentuak. Haize instrumentuak jotzen dituzten musikariak.

3 iz. (Esapideetan). Lau haizeetara barreiatu. Haize huts eta ergelkeria dira munduko ohore guztiak. Haizea buruan eta ibili munduan; joan bazen, joan zen; ez lanerako eta ez ezertarako. Haizea bezain arina eta aldakorra. Azkar, haizea bezain azkar, bideari ekin zion. Ez dakit zer haizek jo duen, halako astakeriak esateko. Zerbait egiteko haizeak erabili: zerbait egiteko asmoak erabili. Haizezko dorreak. Ea Europako haizeak onak ala kaltegarriak ditugun. Gazte horiek batzordera dakarten haize berria. Herriko eta atzerriko haize berrien eraginaz. —Noiz pagatuko didazu? —noiz?, haizerik ez den urtean.

4 iz. pl. Sabelean gertatzen den gas pilaketa. Ume horrek haizeak ditu.

5 iz. (Singularrean nahiz pluralean). Handiustea, harrokeria. Haize batzuk baditu neskatxa horrek!, ezta markesaren alaba balitz ere!

haize alde adb. Ipar. Aldeko haizearekin. Ik. haizealde. Haize alde, ontzia bost egunez sartu zen Gaetan. Haize alde, nornahik egin dezake auzapez baten lana.

haizea poparean Haizea popatik.

haize arka, haize-arka Haize emateko tresna, zurezko kutxa batez eta ura darion hodi bertikal batez osatua, antzinako oletan larruzko hauspoen ordez zenbaitetan erabiltzen zena.

haize arrosa, haize-arrosa Hogeita hamabi puntako izar itxurako irudia, ostertzeko norabide nagusiak irudikatzen dituena.

haize-babes adj. Tokiez mintzatuz, haizeak jotzen ez duena, haizetik babestua dena. Toki hezea eta haize-babesa.

haize beltz Haize hotz eta gogorra; euri haizea. Han, neguak epelak dira eta haize beltz garratzek ez dute behin ere jotzen.

haize bolada, haize-bolada Haize kolpea. Ik. haizealdi; haize burrunba. Inongo haize boladak ere ez dizkio hostoak erauzten. Orduko 100 kilometroko haize boladak izango ditugu.

haize bunbada, haize-bunbada Haize bolada. Haize bunbada gogorrak.

haize burrunba, haize-burrunba Lap. eta BNaf. Haize bolada. Horretan, haize burrunba zakarra atera zuen.

haize egin Putz egin, haize eman. Aulkiko hautsari txukun-txukun haize eginda, bertan ezarri zuen. Vantur-ko haize goxoak haize egiten zuen.

haize eman 1 Putz egin, haize egin. Suari haize ematen ari bazara. Haize eman zuen haien gainera, eta esan zien: har ezazue Espiritu Santua. Hauspoak haize ematetik gelditzen direnean.

2 Norbait zerbait egitera, batez ere burugabekeriak egitera, bultzatu. Senargaia haize ematen ari zaio.

haize errota, haize-errota 1 Haizeak ibilarazten duen errota. Ik. errota. Haize errota bezala narabilzu beti.

2 Garia eta antzeko laboreak haizatzeko tresna.

haize gorri Haize oso hotza. Bai, aurten haize gorria ibili da, eta horrek galdu dizkigu artoak.

haize hego Hego haizea. Ehiztariak haize hegoaren beha dira. Haize hego gauetan.

haize kirri Haize leun eta atsegina. Haize kirriaren eraginez dardaratzen diren hostoak. Haize kirria eragotzi nahi eta zikloia eragin.

haize kolpe, haize-kolpe Bat-bateko haize gogorra, berehala baretzen dena. Erroak barna dituen arbola ez du edozein haize kolpek lurreratzen.

haize kontra adb. Ipar. Kontrako haizearekin. Haize kontra doanak mila arteka eta ataka baditu igarotzeko.

haize laster, haize-laster iz. Aire masa baten higidura jarraitua. Deusek ere ez du gaitz gehiago ekartzen hezetasunak eta haize-lasterrek baino.

haize oihal, haize-oihal Bela. Mastak eta haize oihalak. Haize oihala eraitsi, jaso, bildu. Haize oihala zabaldu.

haize orratz, haize-orratz Metalezko pieza birakorra, eraikinen goienean kokatzen dena, haizeak nondik jotzen duen adierazten duena. Haize orratz berriak jiraka teilatuetan.

haize zabalean Aire zabalean.

haize zirimola, haize-zirimola Haize zurrunbiloa. Gaur goizean, euri eta haize zirimola izugarri batek inarrosi gaitu.

haizezko soinu Haizezko musika-tresna.

haize zulo, haize-zulo Labean urtzen diren piezetan gerta daitekeen aire burbuila.

haize zurrunbilo, haize-zurrunbilo Haizezko zurrunbiloa. Ik. haize zirimola. Bitartean haize zurrunbilo gaitza sortu zen.

lohi

1 iz. Urezko eta hauts edo lurrezko nahastura, leku jakin batean, euria egitean, esaterako, eratzen dena. Ik. lokatz; istil; basa2. Bide-bazterreko lohia. Oinak lohian sartu. Lohiz betea zegoelako. Tu egin zuen lurrera, eta tu hartaz lohia. Lur eta lohi besterik ez gara.

2 iz. Zikintasuna. Nire lohiak garbi itzazu. Atera nazazu lohitik. || Irud. Bekatuaren lohian baltsatua. Ez da lohirik gabe egiazko giza maitasunik.

3 adj. Ez dagokion zerbaitez garbitasuna edo xahutasuna galdu duena, zikina. Esku lohiak. Jantzi lohia. Ostatu lohi batean.

4 adj. Lohitzen, zikintzen duena. Legenar lohi batek joa. Listu eta karkaxa lohi atsituak.

5 adj. Moralarekiko garbia ez dena. Ik. likits; lizun 2. Bekatu lohia. Hitz lohiak. Amodio lohiak. Ipuin lohi eta ezainak. Atsegin lohien guraria.

lohi babes, lohi-babes Auto, kamioi eta kidekoetan, gurpilen gaineko pieza, ibilgailua ur edo lohi zipriztinetatik babesten duena.

Oharra: azken eguneraketa 2020-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper