Euskaltzaindiaren Hiztegia

forma=aspaldiko sarrera bakarrean aurkitu da.

aspaldi

1 adb. Duela asko, orain dela asko. Aspaldi esana. Aspaldi asmatu zen gauza.

2 adb. Aspaldian, aspalditik. Aspaldi bizi gara Kristoren legean. Aspaldi nabil nola euskal herriak edertu eta jasoko ditudan. || (aspaldi da (zen) edo aspaldi du (zuen) esapideetan, perpaus osagarri bat lagun duela). Aspaldi da horrekin zabiltzala. Aspaldi du sortetxetik joana naizela.

3 iz. Duela askotik orain arteko denbora. Aldaturik zabiltza ia aspaldi handian. Gaur berandu da; bada hori da nik aspaldi guztian egin behar nuen lana. Hedatuago zebilen aspaldi batean gure egunotan baino. Aspaldi bateko dotrinak.

aspaldian adb. Duela denbora luzetik. Ik. aspalditik. Euskal Herritik aski urruti nabil aspaldian. Ez dute aspaldian indarrik. Aspaldian ez da sortu gure herrian horrelako ardorik.

aspaldian ere adb. aspaldian-en indargarria. Han erlamandoak dira aspaldian ere nagusi.

aspaldidanik adb. Aspalditik, duela denbora luzetik. Gure artean aspaldidanik datorren ohituran amore emanaz. Gaitza aspaldidanik datorkigu.

aspaldidaniko adj. Aspaldikoa. Aspaldidaniko bereizkuntzak galtzen ari dira.

aspaldietan adb. Aspaldi, aspaldian. Aspaldietan ez dugu zuen albisterik.

aspaldi ez dela Berriki, oraintsu. Ik. izan2 11. Badakit gai hau irratian aspaldi ez dela aipatu duzula. Honetaz eta hartaz jardun behar izan dut, aspaldi ez dela.

aspaldi honetan Aspaldi, aspaldian. Zerorrek ere ongi dakizu aspaldi honetan nagoela zuregatik penak sufritzen.

aspaldiko 1 adj. Duela askoko. Aspaldiko idazleen izkribuak. Aspaldiko kontuak. Arazo hau ez da oraingoa, aspaldikoa baizik.

2 interj. Aspaldian ikusi nahi zenari esaten zaion hitza. Kaixo, aspaldiko! Aspaldiko, Agustin!

aspaldiko partez Aspaldi gertatu edo egin ez den zerbait gertatu edo egin dela adierazteko erabiltzen den esapidea. Harro dago bere buruaz Nikanor, aspaldiko partez, bere logela txukun apala eta ohe biguna dauzkala ikusirik. Abiatu nintzen, aspaldiko partez, baina eliza itxia.

aspaldion adb. Aspaldi honetan, azken aldi honetan. Adiskidea, jakin ezazu, aspaldion nabilena ezkontzeko asmotan Sabasen alaba zaharrenarekin.

aspalditik adb. Duela denbora luzetik, aspaldidanik. Ik. aspaldian. Aspalditik ari da horretan. Giristino omen ziren aspalditik.

orain aspaldi adb. Aspaldi. Orain aspaldi, duela zortziehun-bederatziehun urte.

Oharra: azken eguneraketa 2021-01-14

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper