Narratologiaren ikuspegitik, subjektua deitzen den aktantea indar edo aktante egitura batean sartzen da. Ipuin edo kontaketa batean, eginbideen emaile edo bidaltzaile batek –jende, erakunde, jainko, asmo etab.– eskaturik edo manaturik, subjektuak bidea hartzen du, bilaketa bat abiatzen du edo lan bat hasten du, agin dua izan zaiona bete beharrez. Txano Gorritxo deitu neskatxa gaztea, izen bereko ipuin famatuan, eman daiteke adibidetzat; etxetik abiatzen da, amak emandako oparia amona zaharrari emateko xedearekin. Beraz, subjektuaren funtzioa Txano Gorritxori dagokio.
Kontaketaren arabera (ipuin miresgarri, eleberri, etab.) itxura asko har dezake subjektuak: pertsonaia nagusiarena, jende multzo batena, giza itxura gabeko izaki batena, eta abar. Eleberri batean, subjektu bakar bat izan daiteke edo, berdin, bat baino gehiago, ekintzaren aurrerapenaren arabera. Garoaizeneko Tx. Agirre idazlearen liburuan, adibidez, erran daiteke Joanes artzaina dela subjektu nagusia, baina semeak ere, aldizka, subjektu izaten dira, aitak emandako egitekoa (euskal ohitura zaharren araberako bizimoldea eramatea) bete behar dutelarik.
[J. C.]
Ikus, halaber, A KTANTE .