(grek. symbolon, batera emana edo adierazia)
Errealitate sujeritu bat adierazten edo iradokitzen duen zeinua da. Adibidez, usoak bakea sinbolizatu izan du; urak, bizitza; suak, borroka eta suntsipena. Erretorika klasikoan, sinboloa tropoa da, eta metaforan, metonimian eta alegorian gertatzen den bezala, hitzak beste hitz bat ordezkatu ohi du, eta esanahiaren alda kuntza gertatzen da. Zeinu gisa, Estébanez Calderónen hitzetan (1999), sinboloak gauza sinbolizatua gainditzen duen errealitatea iradokitzen du, eta mezu ezkutu eta misteriotsua dakar, inkontzienteari, sentimenduari eta emozioari hitz egiten diona. Adierazi sinbolizatzaileak ez du inoiz guztiz hartzen zeinu sinbolizatua, eta bien arteko lotura ez da zuzen edo arrazionalki hartzen, baizik eta, batez ere, emozioa ren eta intuizioaren bidez. Horregatik hizkera sinbolizatzailea funtsezkoa da erlijioe tan eta espresiobide mistikoetan, horrela gerta liteke kulturak ezberdinak izatea, eta hala ere, sinboloen erabilera antzekoa. Zenbait sinbolo berdin erabili dituzte poetek eta mistikoek: ura, sua, argia, gaua...
Sinboloa alderdi askotatik ikertu izan da, eta zientzia oso ezberdinek azaldu dute. Psikoanalisiak eta Psikokritikak aztertu izan dute sinboloaren hermeneutika (S. Freud, K. Jung, J. Lacan), funtzioak zehaztuz: ezagutzarako, komunikaziorako, barne agerbiderako. G. Bachelardek lan sakona egin zuen fenomenologiaren eta psikologiaren mugetan sinboloaren irakurketak eskainiz. Antropologia kulturalean
(C. Lévi-Strauss, G. Durand) eta Mitokritikan (G. Dumézil, N. Frye) eta Erlijioen Historian (M. Eliade) sinboloen eta mitoen arteko lotura aztertu dute hainbat adituk. Beste batzuek, aldiz, sinboloen sailkapena eta ikerketa konparatuak egin dituzte, hiztegi eran antolatuz (J. Chevalier, 1982; E. Cirlot, 1985).
Semiotika barnean ere hainbat eratan ikusi dute sinbolizatzaile eta sinboliza tuaren arteko lotura. Ch. S. Peircerentzat, sinboloa erreferentea adierazteko giza konbentzio arbitrarioa da (ez du ezerk lotzen usoa bakearekin, adibidez), eta alde horretan sinboloa ikonoa edo zantzua ez bezalakoa da: ikonoak erreferente eta zei nuaren arteko antzekotasuna agertzen baitu (etxea eta haren planoak, trafikoko zenbait seinale), eta indizio edo zantzuarekin, zeinetan aldamenekotasunaren erla zioa gertatzen baita (kea eta suaren arteko lotura). F. Saussurerentzat, ordea, lotu ra analogikoa dago sinbolizatzailearen eta sinbolizatuaren artean: balantzaren eta justiziaren arteko lotura analogikoa da, orekari eusten zaiolako kasu bietan. Alde horretatik, O. Ducrotek eta Tz. Todorovek zeinuaren eta sinboloaren arteko bereiz keta egiten dute: zeinu linguistikoan adieraziaren eta adierazlearen arteko lotura motibo gabekoa da (ez dago soinuaren eta esanahiaren arteko loturarik) eta beha rrezkoa (biek elkarren beharra dute zeinu gisa jokatzeko); sinboloan, ordea, sinbo lizatuak eta sinbolizatzaileak lotura motibatua dute (balantzaren eta zuzentasunaren arteko oreka ez luke gurpil batek adieraziko, adibidez) eta ez-beharrezkoa (balantza bere aldetik da, eta bere adierazpen propioak ditu).
Inoiz, sinboloak sailkatzerakoan, sinpleak eta jarraituak bereizi izan dira. Bigarren honetan sinboloaren esanahi nagusia behin eta berriro indartzen da tes tuan zehar. J.M. Lekuonaren “Auria” poeman ( Mimodramak eta ikonoak ) otsoaren keinua azaltzen duen sinboloaren esanahiak poeman zehar jarraitu egiten du: “Otsoen auriak –ilargipean uluka– / letagin hertsien turuta ziren,/ harkaitz frontaleta ko oihartzun. Zakur/ salbaiek irentsi zuten haurtzaroa/ eta itzali hilobiko gar bizia”. Sinboloak, auria eta beldurra, indarra hartzen du zakurrek irensten dutenean haurtzaroa.
Euskal poesian, besteetan bezala, sinboloaren erabilera garrantzizkoa izan da.
X. Lizardik gizadia heriotzara daraman bidea aroen aldaketaren bidez adierazi zuen, “Urte-giroak ene begian” poeman. G. Arestik bihurtu zuen Euskal Herria eus kal harria eta B. Gandiaga poetak Euskal Herria “ardo izan nahi eta ez den” txako linaren sinboloarekin parekatu zuen. B. Atxagak eta J. Sarrionandiak gizadi moder noaren hauskortasuna adierazi dute harea, buztina eta kristalaren sinboloen bidez. Prosan ere ez dira falta sinboloak. Tx. Agirreren Joanes artzaina idazleak nahi zuen gizartearen sinbolo da, azken batean, gizartearen eraketa karlista eta tradizionalis taren zeinu. J. L. Alvarez “Txillardegi”ren Leturia gizadiak existenzialismoan duen kezken agerbide izan zen. Eta R. Saizarbitoriaren 100 metro ko protagonista hala beharra eta patuaren artean mugitzen den gizaki moderno galduaren ikur.
Sinboloen ikerketa helburutzat duen metodologia kritikoari mitokritika deritzo, eta sinbolo baten ulerkuntza saioa garatzen du, mito baten osagarritzat hartuta (Ikus M ITOKRITIKA ). Euskal literaturaren esparruan, A. Arkotxak erabili du metodologia
kritiko hori Arestiren Maldan behera poema aztertzeko ( Imaginaire et poésie dans “Maldan Behera” de Gabriel Aresti (1933-1975) , ASJU, Donostia, XXXII, 1993).
[J. K.]