(lat. plagius, faltsu, zeharkako)
Literatura arloan, plagioa beste inoren obraren funtsezko osagaiak kopiatu eta norberarenak balira bezala aurkeztean datzan ekintza da. Gaur egungo gizartean, ekintza hori delitutzat jotzen da, egilearen jabego intelektualari eginiko ohointza denez, baina jabego irizpide hori berez moderno samarra da. Inoren obra edo tematika hartu, hartan inspiratu, edo hura imitatu eta parafraseatu egin izan dira, edo baita berregin, kopiatu edo osoki norberarena balitz bezala aurkeztu ere. Gaur egun guztiz onartua da idazleak beti besteren obraren inguruan eraikitzen duela obra berria, neurri batean edo bestean. Kasu horietan guztietan egileak besteren obra nolabait “bereganatzeko” asmoa izan dezake. Batzuetan, ordea, haren paro dia egin lezake edo pastiche gisan birlandu. Bai batzuetan eta bai besteetan, antzinako testuen eta testu berrien artean testuartekotasun harremana gertatzen da, eta zaila da erabakitzea non hasten den plagioa, besterena dena norberarentzat hartzea, alegia. XVIII. mendetik hasita, gero eta zorrotzago aldarrikatu dira egilearen jabego eskubideak, eta, gaur egun, kritika arloko aztergaietako bat da. Plagioaren gaiari eta orokorrean testuartekotasunari eskaini dizkio B. Atxagak bere obratako zenbait atal ( Obabakoak 1988, eta Groenlandiako lezioa , 1996). Gisa berean, Obabakoak obrari buruzko ikerketen artean aipagarri da Anna Sobolewskak egini ko tesina “La intertextualidad y la metatextualidad en la composición de la novela Obabakoak de B. Atxaga (1992) eta hartarako egileari eginiko elkarrizketa ( Luxia 1, 1993, 15-22).
[L. O.]
Ikus, halaber, T ESTUARTEKOTASUN .