Eleberri erromantikotik jaioa da. Gizarte giro eta egoera historiko jakin bateko pertsonaiak agertzen dira bertan; pertsonaia horiek gizatalde baten eta talde horre tako giza balioen eredu gisakoak dira. Nobela errealista norbanakoaren historia –egoera berezi batean kokaturik– kontatzen saiatzen da; ohitura eleberriak, aldiz, pertsonaia tipoak eta giro orokorren ikusmira eskaintzen ditu. Frantzian, George Sand aipatzen da joera horren eredu. Espainian, berriz, J. M. Pereda eta Fernán Caballero dira ordezkaririk nabarienak. Ohitura eleberriak giro baten alde onak eta txarrak aurkezten ditu, barruan zenbait pertsonaia eredugarri agerrarazten ditu, giro horretako familiek bizi dituzten gorabeheren jatorria aztertzen, eta garaiko arazo nagusiei irtenbide bat eskaintzen.
Euskal Herrian, Tx. Agirrek idatziriko Kresala (1901) eta Garoa (1907) ohitura eleberriak dira; lehenengoan, itsas giroko usadioak eta arazoak erakusten ditu; bigarrenean, aldiz, baserri girokoak. Halarik ere, erakusten diren giro horietako alde garratz eta grinatsuenak isildu egiten dira, eta nolabaiteko giza egoera idealizatu bat agertzen da. Nahiz eta bizimodu latz eta gogorra erakutsi nahi izan, kontalaria ren begiak ihes egiten dio, adibidez, grinari. Jokabide okerrak ere irakaspen moralak ateratzeko tipifikazioak besterik ez dira, gizartearen eta ohituren egitura ez baitute kolokan jartzen. J. Barbier-ek idatziriko Piarres eleberria (1926) ere ohitura eleberritzat har daiteke. Gaur egun oraindik bizirik dago joera hori, A. Zubikarairen lanetan ikus daitekeenez; J. Etxaideren Joanak joan (1955) eleberrian ere bada horren ezaugarririk.
Ohitura eleberriaren ezaugarriei buruzko lan sakonak egin dira azpigenero horrek euskaraz izan duen garapenaren eta garrantziaren ondorioz. Besteak beste,
K. Otegik pertsonaien nortasun ezaugarriak aztertu ditu ( Pertsonaia euskal nobela gintzan , 1976) eta J. M. Lasagabasterrek eleberri mota horren ezaugarrien aldera keta egin du Espainiako eta Euskal Herriko literaturan (“Novela regionalista espa ñola y costumbrismo vasco” 1988). Egile eta obra jakinak gogoan hartuta burutu dira, bestalde, zenbait tesi lan, hala nola, Ana Toledok idatziriko Domingo Agirre: euskal eleberriaren sorrera (1989) edo S. García Trujilloren La novela costumbrista de Domingo de Agirre (1993).
[J. K. I.]
Ikus, halaber, K OSTUNBRISMO .
es: novela costumbrista
fr: roman de moeurs
en: regional novel