nouvelle critique - Literatura Terminoen Hiztegia

 
NOUVELLE CRITIQUE

Nouvelle Critique edo Kritika Berria XX. mendearen hirurogeigarren urteen ingu ruan eraiki eta garatu zen korronte kritikoa da. Frantzia izan zuen sorleku, R. Barthes buru nagusi zuela, eta kritika tradizionalarekin eztabaida bizian egin zuen bidea. Eztabaidaren gunea “zer da literatura?” galderak betetzen du; izan ere, korapilo hori askatzeak besterik askatzea ere ekarriko luke: kritikaren mugak edo literatura nola irakatsi.

Barthesentzat, literatur mintzaira polisemikoa, konnotatiboa, balio anitzekoa, esanahi anitzekoa da eta literatur idazlana irekia, plurala, anbiguoa. Hala ere, edozein irakurketak sortzen duen zentzu aniztasuna ez da anarkia hutsa; aitzitik, ardatz zentral baten jirabiran artikulatzen da, era bateko eta besteko esanahiak azken zentzu batera bideratzen dira, azken batasun batera. Sumatze, oharpen kritiko zuzena, idazlanaren batasun eta osotasunaren berri ematen duena da. Gakoa, zatiak, atalak, eratzen duten osotasunaren arabera ulertzean datza, eta osotasuna, ez zatien batuketa moduan, baizik eta elkarri hertsiki loturik dauden atalen sintesi moduan. Idazlanaren kohesioa, batasuna, osotasuna eta koherentzia bilatzen dute. Horra hor Kritika Berriek erkide duten ezaugarria. Haien helburua aztergai duten objektuaren egiturak agerian jartzea da, hau da, idazlanaren barne artikulazioa azaltzea, eta atalek, zatiek, ez dute zentzurik eratzen, osotasunean ez bada. Xehetasunak, ñabardurak, egitura baten osagai legez atzematen dira.

Egitura literarioen ikerketak idazlanaren barne antolamenduaren deskripzioa dakar; idazlanaren egiturak eta horien artikulazio modua agerian jarri nahi ditu, arti kulazio modu hori baita aurkitu behar dena. Kritika tradizionalaren sakabanaketari, sistematizazio faltari kontrajarriz, Kritika Berria irakurketa sistematikoa eginez has-ten da, lotzea baita irakurtzea. Multzoen kritika da, ez xehetasunena, kritika tradi zionala zen bezala. Azken horrek datuak, markak, oharrak... pilatzen ditu ikuspegi jakin bati erantzunez: berez existitzen dena anizkorra izaki, xehetasunei utzi behar zaie hitz egiten. Zorte pixka batekin azpimarraturiko oharren amaieran etor daiteke zentzua, bateratzearen miraria, hain zuzen ere, kritika tradizionalak uste duenez. Kritiko berriak, ordea, ez daude prest bateratzearen mirariaren zain gelditzeko. Aniztasunaz jabetzen dira, baina baita anizkoitz dena bateratu ahal izateaz ere, bateratzearen norabidea hartuz gero, behintzat.

Egitura bat ikuspegi batetik oratzen denez, eginkizun horretara ikusgune bate tik hurbiltzea ezinbesteko baldintza da. Idazlana osatzen duten elementuak objek tiboak izanik ere, kritikariak, subjektibitate batek, atzeman behar ditu. Edozein sumatzek subjektu bat galdetzen du, subjektu bat baita objektu bat –kasu honetan idazlana– behatzen duena. Idazlan berean zenbait egitura hauteman daitezke, aztertzaileak hartzen duen ikusgunearen arabera, zeinahi kritikak erreferentzia sis tema baten erabilera eskatzen duelako, posizio ideologiko bat. Horrela, bada, kriti kariaren subjektibitatea erremediorik gabekoa da, subjektua bere ikuspuntutik hur biltzen baita mundura: ez dauka beste biderik. Dena den, subjektibitatearen jarduera eremua metodoa aplikatu aurretikoa da, hots, kritikariak erabili behar duen metodo ereduaren hautaketaren unekoa da. Halabeharrez hautatu behar du, eta egiten duen aukera ez dela inozoa jakinda, gainera; izan ere, irakurketa mota ezberdinek egitura mota ezberdinak jartzen dituzte agerian. Ez da gauza bera testu batera historialari edo soziologo moduan, psikologo edo estilista moduan hurreratzea; jakina, hurbilpen horietako bakoitzak osotasunaren eraketa aldatu egi ten du eta koherentzia lege ezberdina aurkitzen. Gertaera horren muina, berriz, jadanik azaldutako literatur idazkeraren anbiguotasun, balio-aniztasun, esanahi aniztasunean dago. Izaera polisemiko hori da, hain justu, izaki beraren –idazlan beraren– eraketa posible zenbaitzuk ahalbideratzen dituena; bat baino gehiago, noski.

Kritika Berria literatur idazlanaren koherentzia eta batasuna bilatzeak zedarritzen du, baina batasun hori, koherentzia hori ez da bat eta bakarra: hautatutako ikusgunearen arabera aldatzen da. Horregatik ez dago Nouvelle Critique bakar bat, ez dago Kritika Berri bakar bat, baizik eta Kritika Berriak egitasmo erkide baten azpian: ikuspegi bat abiapuntu, idazlanaren batasuna, koherentzia atzeman, oratu.

R. Barthesen aurkikuntzarik handienetakoa zera da: kritikari ez dagokiola egia ren kategoria. Baieztapenerako oinarria, berriz, honako hau: izan, bada mundua, eta idazleak hitz egin egiten du; horra hor literatura. Alabaina, kritikaren objektua ez da mundua, berbaldi bat baino. Kritika beste berbaldi bati buruzko berbaldia da, hau da, mintzaira sekundarioa, metahizkuntza, lehen mintzaira bati buruz diharduen hizkuntza. Kritika metahizkuntza besterik ez bada, ezin bidera daiteke egia aurkitzera, baliagarritasunen mailan kokatu behar du bere joko eremua. Kritika aske da mintzaira aukeratzeko edo, nahiago baldin bada, bere kokalekua edo ikuspun tua erabakitzeko, hartzera doan ikusgunea hautatzeko. Horrela, edozein idazleren obrara era bateko eta besteko mintzaira kritikoak ekar daitezke, psikoanalitikoa nahiz soziologikoa, estetikoa nahiz linguistikoa... eta mintzaira goren batek, super kritika batek ezin bil ditzake guztiak. Ez dago super-kritikarik ez dagoelako super ikuspegirik, ikuspegi guztiak batera hartuko dituenik. Super-kritika bati legokioke osatze lana, ikusgune ezberdinak batzea, metodo batzuk eta besteak elkarren ondoan jartzea, partzialki koherenteak diren egituretatik (ikusgune linguistikoa, psi kologikoa, soziologikoa...) egitura orokor bat eta koherentzia oso bat ateratzea; ez dago ikuspegirik ikuspegi guztiak batera hartuko dituenik. Hala, askatasun osoz, ikuspegi bat hautatzen du kritikariak, baina, behin aukera egin ondoren, sistema hertsi batekin lotzen da, Barthesen ustez. Hastapenetako askatasun hori bi baldintzaren menpe dago: hautatutako mintzaira kritikoa edo ikuspuntua homoge neoa izatea, estrukturalki koherentea, eta aztergai duen objektua, idazlana, aseta suna ematera, saturatzera heltzea. Barthesek literatur kritikari koherentzia eta satu ratze edo asetasun maila iristea eskatzen dio.

[A. T.] B IBLIOGRAFIA B ARTHES , R.: Ensayos críticos , Seix Barral, Barcelona, 1977.

B ARTHES , R.: Crítica y verdad , Siglo XXI, Madrid, 1981 . D OUBROVSKY , S.: Pourquoi la nouvelle critique. Critique et objectivité , Mercure d e France, Paris, 1966 .

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: nouvelle critique
     fr: nouvelle critique
     en: nouvelle critique

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper