Lira terminoak gaztelaniaren eremuan bost lerroko olerki egitura izendatzen du. Jatorriz italiarra izaki, errenazimentuan iritsi zen espainiar penintsulara, Garcilaso de la Vegaren lumari esker. Eskema formala bost neurtitz edo bertso lerrotan ema ten da: lehenengoa, hirugarrena eta laugarrena zazpi silabakoak dira, eta bigarre na eta bosgarrena hamaikakoak. Errimari dagokionez, alde batetik, hoskide dira lehenengoa eta hirugarrena, eta, bestetik, bigarrena, laugarrena eta bosgarrena. Liraren errima eskema ohikoena aBabB izaten zen, eta Italian B. Tassoren Amori poemari lotua agertu zen.
Ahapaldi mota horrek deitura bereko musika instrumentutik hartu zuen izena, zehazki Garcilasoren “ Si de mi baja lira ” bertso hasiera aintzat harturik. Espainiako errenazimentuan, Garcilaso de la Vegaz gain, aipagarri dira H. de Acuña, J. de Montemayor, Frai Luis de León eta San Juan de la Cruz, liraz baliatu baitziren maiz. Barroko aldian ere garatuz joan zen, eta neoklasizismoan aipatzekoak dira J.
Meléndez Valdés, J. Cadalso eta Moratín aita-semeak, konbinazio berriak sortuz. Azkenik, erromantizismoan poeta anitzek erabili zuen lira, eta, besteak beste, Duque de Rivas eta J. Zorrillak. Erromantikoen artean, cuarteto lira (heptasilaboa eta endekasilaboaren konbinaketa bereziaz) eta sexteto lira (errimari zegokionez aBaBcC moldeaz) ezagunak izan ziren.
Euskal poesiaren eremuan gutxi erabili da. J.I. Goikoetxea “Gaztelu”k Musika ixilla liburuan (1963) San Juan de la Cruzen “ Noche oscura ” poema liraren moldez itzuli zuen euskarara:
“A oscuras y segur a por la secreta escala, disfrazada , oh dichosa ventura ! a oscuras y en celada , estando ya mi casa sosegada. ”
“Illunaldia, mozolo,
zurubi gordeaz uste onean,
-oi ene zoriona!
illunaldiz kirika,
nere etxea zegola pakean.”
[L. M. M.]
es: lira
fr: lyre
en: lira