kritika feminista - Literatura Terminoen Hiztegia

 

KRITIKA FEMINISTA

Jakina denez, 1960ko hamarkadaz geroztik, Feminismoa indar politiko garrantzitsu bihurtu da mendebaldean. Feminismoaren garapenak jakintza arlo gehienetan izan du eragina, baita Literaturaren Teoria eta Kritikan ere. Bi dira kriti ka feministaren korronte nagusiak: eremu angloamerikarrean garatu dena, batetik, eta Frantzian landu den kritika, bestetik. T. Moik (1988) dioenez, jokabide matxistak salatzen eta deuseztatzen ahalegintzen den neurrian, jarduera feminista orok duen helburu politikoa egiten du bere kritika feministak.

Kritika feministak literatur azterketa gehienetan izan diren hutsune eta alderdikeriak salatu ditu. Horien artean, literaturaren historian kanonikoak kontsideratu izan diren egile gehienak gizonezkoak izatea, emakumezkoek idatzitako lanen gaineko ezagutzarik eza.... edo kalitatezko lanak kontsideratzen direnetan emakumezkoez ematen diren irudi partzial eta salagarriak. Ildo horretan sakonduz, orain dela gutxi arte ezkutuan eta gutxietsia zegoen literatur ondare femeninoaren aldarria egiten ere ahalegindu dira.

Aipatutakoez gain, kritika feministaren baitan ezerk zeresanik eragin badu, emakumezkoen idazketaren inguruko auziak eragin du. Alegia, “ba al dago idaz keta femeninorik?” edo “emakumezkoek bestela idazten al dute?” galderei eman dako erantzunak izan dira eztabaida interesgarrienak eragin dituztenak. Batzuen iritziz, emakumezkoek idatzitako testuek badituzte berezkotasun estilistiko nabar menak. Frantziako kritikariek defendatzen duten jarrera esentzialista horren aburuz, écriture féminine edo idazketa femeninoak baditu ezaugarri literario behagarri eta aztergarriak. Kritikari angloamerikar gehienek defendatzen duten jarrerak, ordea, idazketa femeninoaren berezkotasun oro ukatzen du. Kritikari horien ustez, emaku mezkoek nahiz gizonezkoek izan dituzten irudiak aztertzea da literatura guztietan garrantzizkoena. Horretaz gainera, kritikari angloamerikarren iritziz, ezin da esan gizonezkoek eta emakumezkoek bestela idazten dutenik, ezertan bereiztekotan, kri tikari gizonezkoek emakumezkoek idatzitako lanei egindako gutxiespenean bereizi ko bailirateke.

Edozein modutan delarik ere, Kritika Feministaren garapena Feminismoak berak izan duenarekin hertsiki lotuta ageri da. Hori kontuan izanik, esan daiteke Feminismoaren sorrera XVIII. mende amaieran emakumezkoen eskubideen alde izan ziren mugimenduetan dagoela. Mary Wollstonecraften A Vindication of the Rights of Woman[Emakumezkoaren eskubideen aldarrikapena] (1792) liburuan emakumezkoek jasaten zuten zapalkuntza salatzen zen. Geroago etorri ziren, J. Stuart Millen The Subjection of Women[Emakumezkoen menderakuntza] (1869) eta Margaret Fuller amerikarraren Woman in the Nineteenth Century(1845) [Emakumezkoa 19. mendean]. Aurrerago, XX. mendearen hasierarekin batera, emakumezkoen boto eskubidea aldarrikatzen zuten mugimenduek bultzada garrantzitsua eman zioten urte batzuk lehenago hasitako ibilbideari. Ordukoak dira, esaterako, Rebecca West eta Virginia Woolfen lan kritiko eredugarriak. Woolfen A Room of One's Own(1929) [Norberaren gela] ikerketak, esaterako, emakumezko idazleek urtetan jasan dituzten baldintza soziohistoriko penagarriak salatu zituen. Azken batean, Woolfen entseguak kritika feministaren aitzindari kontsideratzen badira, haien zorroztasun eta berritasunarengatik izan da. H. Bloomen The Western Canon(1994) [Mendebaldeko Kanona] liburuari begiratu besterik ez dago, esaten ari garenaren lekukoak aurkitzeko. Bloomen aburuz, V. Woolfen jakituria literarioa guztiz da laudagarria. Haren entsegu eta argitalpenetan, irakurketa maite zuela frogatu zuen Woolfek, eta maitasun horren adierazle dira egile britainiarrak kaleratutako entsegu guztiak. Horregatik sartu zuen H. Bloomek Woolf mendebaldeko kanona zedarritu duten 26 idazleen artean, beste hiru emakumeren lanekin batera (J. Austen, E. Dickinson eta George Eliot), ekarpen artistiko garrantzitsuak egin zituelako. Norberaren gelan argi uzten du Woolfek Historian zehar zergatik ez diren emakume idazle gehiago sortu: emakumezkoek aisialdia, dirua (500 libraz mintzo da Virginia) eta norberaren gelarik eduki ez dutelako. Benetan da zorrotza Woolfek egi ten duen hausnarketa historikoa eta idazle izatera iritsi ziren emakumezkoen ezaugarri biografikoak azaleratzen ditu. Ikerketan aipatzen dituen 4 egileetatik (J. Austen, Brontë ahizpak eta George Eliot), bi ez ziren ezkondu eta ezkondu zirenek ez zuten seme-alabarik izan. Beraz, garaiko etxekoandre arruntaren perfiletik urruntzen ziren emakumezkoak izan ziren, bestela izatekotan ez baitziren idazle izatera iritsiko.

Alabaina, feminismoaren bilakaeran eragin duen lanik izan bada, hori S. de Beauvoir-en Le Deuxième Sexe [Bigarren Sexua] (1949) izan da. “Ez gara emaku me jaiotzen; emakume “egin” egiten gara” baieztapen ezaguna da liburuaren giltzarri. Alegia, “emakumetasuna” ez datxekiela ezaugarri biologiko batzuei, jaiotzetik bertatik emakumeari egozten zaizkion rol eta eredu sozio-kultural batzuei baizik. De Beauvoir-i zor zaio, halaber, H. B. Stendhal edo D. H. Lawrence idazleen lanetan azaleratzen diren emakumezkoen irudien azterketa.

De Beauvoir eta besteren aitzindaritza lanek laster izan zuten jarraipena Estatu Batuetan, 60ko hamarkadan, sortu ziren emakumearen askapenerako mugimenduetan. Hasiera batean argitaratutako lanetan (1970ean R. Morganek argitaratutako Sisterhood is Powerful: An Anthology of Writings from the Women's Liberation Movement izenekoan, kasu) literatur kritikak toki eskasa izan bazuen ere, 70eko hamarkadara hurbildu ahala, ikerlanak espezializatuz joan ziren. Ildo honetan, 1969an K. Milletek argitaratutako Sexual Politics (1969) lanak literatura lanen ingurune soziokultural zapaltzailearen azterketa egin zuen. Lan horrek arrakasta handia izan bazuen ere, gizonezkoen lanak aztertu zituen batik bat. M. Ellmannen Thinking about Women [Emakumezkoengan pentsatzen] (1968) liburuan, berriz, “emakumearen irudiak” dira nagusiki aztertzen direnak, gizonezkoen literatur lanetan edo idazki kritikoetan etengabe erabiltzen diren irudi estereotipatuak salatuz. Gizonezkoen lanetan azaltzen diren emakumezkoen irudien azterketak gutxituz joan ziren, eta, 1975etik aurrera, emakumezkoek idatzitako lanen gaineko hurbilpen kritikoak izan ziren ugaritu zirenak. Hamarkada horren bukaeran argitara eman ziren hiru lan ezagunak izan ziren, hain justu, kritika feministari norabide sendoagoa eman ziotenak: E. Moersen Literary Women (1976) [Emakume literaturgileak], E. Showalter-en A Literature of Their Own (1977) [Haien literatura] eta S. Gilbert & S. Gubar-en The Madwoman in the Attic (1979) [Emakume zoroa ganbaran] liburuak, preseski. Lehenengoari dagokionez, emakume nobelagile ingelesen tradizioa aztertzen du Showalter-ek, hasi E. Brontërekin eta 70eko hamarkadaraino iritsiz. Showalter-en aburuz, tradizio horren bilakaera beste edozein azpikulturaren bilakaeraren pareko da, eta, modu honetan, bilakaera horren hiru aldiak (eredu poetikoen jabekuntza; eredu “ofizialen” kontrako protesta; nortasunaren bilakuntza) “aldi Femeninoa, aldi Feminista eta Emakumearen aldia” gisara izenda daitezke. Bereizketa hirukoitz horren arabera, emakumezko nobelagile ingelesen kasuan, aldi Femeninoa ezizenen erabilerarekin hasi zen 1840an, eta George Elioten heriotzarekin bukatu 1880an; aldi Feminista 1880-1920 artean gertatu zen, eta Emakumearen aldia, 1920an hasi bazen ere, 60tik gaurdaino indar berriz kaleratu da. Showalterek ginokritika defendatu zuen, hau da, emakumezkoek idatzitako literatur lanen alderdi historiko, antropologiko, psikologiko eta soziologikoen azterketara bideratutako kritika. Finean, Kanon “ofiziala” auzitan jarriko zuen kritika defendatzen zuen Showalter-ek. S. M. Gilbert eta S. Gubar-en lan mardulak (The Madwoman in the Attic), ordea, XIX. mendeko idazle nagusien azterketak dakartza: Jane Austen, Mary Shelley, Brontë ahizpak, George Eliot, Elizabeth Barret Browning, Christina Rossetti eta Emily Dickinson idazleenak, hain justu. Liburu horren ekarpen nagusia sorkuntza artistikoaren ikuspuntu matxistaren salaketa izan zen, izan ere, sorketa artistikoa gizonezkoei soilik dagokien ahalmen gisara ikusi izan baita. Gilbert eta Gubar-en ikerlanean, gizonezkoek idatzitako literaturan tradizionalki azaleratu diren emakumezkoen irudiak, aingeruarena eta munstroarena, aztertzen dira, eta XIX. mendeko emakumezko idazleen lanetan irudi horiei oldartzen zaien emakumezko zoroarena azpimarratzen. Gizonezkoek agintzen zuten XIX. mendeko eremu literarioan, idaztera “ausartzen” ziren emakumezkoak oso gutxi ziren, eta, Gilbert eta Gubar-en aburuz, euren lanetan azaltzen diren pertsonaia zoro eta marjinatuetan proiektatzen zituzten emakumezko idazleek euren ezinegon eta asaldapenak. Azken urteotako kritikari dagokionez, aipagarria da literatur teoria feministak 80ko hamarkadaren ostean izan duen gorakada. Estatu Batuetako nahiz Erresuma Batuko unibertsitateetan ugaritu diren hurbilpen eta lanetan, Kritika Feministaren esparrua zabalduz eta bermatuz joan da. Zenbait lan ezagun aipatzeko, hortxe leudeke P. Meyer Spacks-en The Female Imagination (1975) [Emakumezkoen imajinazioa], Annette Kolodnyren “Some notes on defining a “feminist literary criticism”“ (Critical Inquiry, 1975) [Literatur kritika feminista definitzeko zenbait ohar] artikulu ezaguna, E. Moersen Literary Women (1976) edo T. Moiren Sexual/Textual Politics: Feminist Literary Theory (1985) [Sexu/Testu politika: literatur teoria feminista]. Horiez gain, azken hamarkadetako norabide kritikoek ere (postestrukturalismoa, postkonolialismoa, queer teoria...) eragin nabarmena izan dute hurbilpen feministetan. Postkolonialismoak nahiz feminismoak “bestea” gisara definitzen denaz egin dute hausnarketa. Gayatri C. Spivak-ek (1988) esandakoaren ildotik, errepresentazio politiko eta diskurtsiborik gabeko subjektuak desberdintasunaren aldarria egiten du hizkuntza kolonizatzailearen faltsutasuna salatzeko.

Frantziako kritika feministari dagokionez, “Ezberdintasunaren feminismoa” deitzen den norabidean sartzen diren ikertzaileak izan dira, ezbairik gabe, haus narketa interesgarrienak bideratu dituztenak eta hastapenetako Iparramerikatako kritika feministarekin benetako aldeak finkatuko dituztenak. “Politique et Psychoanalyse” taldeak sortutako Des Femmes (1973) argitaletxea izan da euren lanak plazaratzeko baliabiderik interesgarriena. Europako filosofia (Marx, F. Nietzsche, M. Heidegger), J. Derridaren dekonstrukzioarekin eta J. Lacanen psiko analisiarekin uztartzen dira norabide horretako kritikari nagusien lanetan. Horien artean, H. Cixous, L. Irigaray eta J. Kristeva nabarmendu beharra dago.

Emakumezkoaren idazketa berri bat bilatzen dute kritikariok, eta idazketa hori mugimenduan, pultsioka, antolatzen da. Emakumezkoaren inkontzientearen eta libidoaren adierazle den idazteko molde harrigarri horrek, historian zehar inposatu den mintzo logiko eta arrazionala irauli nahi du. Beste hitzekin esateko, “logozentrismo” eta “falozentrismoari”, emakumezkoen idazkera berria oldartzen zaiola esango da.

H. Cixous da mugimendu horretako protagonistetako bat. De Beauvoir-ek zuzentzen zuen L'Arc aldizkarian eman zuen argitara Le Rire de la méduse (1975) [Medusaren irria] izeneko entsegua. Bertan, emakumezkoek euren buruaz mintza tu behar dutela defendatzen du, idazketa bereganatu egin behar dutela, beren gor putza berreskuratu behar duten bezala. Post-estrukturalismoaren ildotik doa bere pentsamendua, eta bereziki La Jeune Née (1975) [Sortu berria] entseguan, patriar kalismoak ezarritako hierarkia binario matxistak gainditu behar direla defendatzen du. Pentsamendu binarioari, aniztasuna kontrajartzen dio H. Cixousek, J. Derridaren “différance”ren ildotik ( L’écriture et la différence, 1967).

Speculum de l'autre femme [Beste emakumearen Speculum-a] izeneko dokto rego tesiarengatik Vincenneseko eskola lacaniarretik bota zuten L. Irigaray da “ezberdintasunaren feminismoa” deritzonaren bigarren zutabe nagusia. Aipaturiko tesi horrek eragindako eztabaidak ez ziren txantxetakoak izan. Liburuak hiru zati ditu: lehenengoan, Freudek feminitateaz egindako baieztapenak aztertzen ditu; bigarrenean, “Spéculum” izenekoa, mendebaldeko filosofoen irakurketak proposa tzen ditu eta teoria aurkezten. Azken zatian, Platonen “Haitzuloaren mitoa” azter tzen du bere teoriaren argitan. Irigarayren arabera, zilegi da emakumezkoaren psi kologiaren eta morfologia fisikoaren artean analogiak zehaztea. Ce sexe qui n'en est pas un ( 1977) [Ez den sexu hau] ezagunean, emakumezkoen sexua organo batez ez baizik eta anitzez osatuta dagoela dio, eta horrek idazkera bera baldintzatzen duela. Azkenik, zenbaitek feministatzat hartzen ez duten J. Kristevaren lana aipatu beharko litzateke. Ikus S EMIOTIKA eta S EMANALISI . La Révolution du langa ge poétique (1974) liburuan Irigaray edo Cixousen ikuspuntu esentzialistetatik aldendu egin da. Emakumezkoen testuetan berezitasun estilistiko edo tematikoak ikusten baditu ere, ez da gauza izaera femenino bati edo talde marjinatu bati egoz teko.

Orobat, esan dezagun “sexu” kategoria giza zientzietatik datorren “genero” kategoriaz ordezkatzeak ahalbidetu diola feminismoari emakumetasunean eragiten duten aldagai soziohistoriko, kultural eta literarioen azterketa. Behialako hurbilpen esentzialista (biologista) baztertu eta generoa soziohistorikoki, kulturalki sortzen den identitate sexuala dela baieztatzen da. J. Butler-entzat (1990), generoa ez da berezkoa zaigun ezaugarri bat, diskurtso baten ondorioa baizik.

Edozein alderditatik begiratuta, azken urteotan bibliografia oparoa ez ezik, jarraitzaile ugari eta sentsibilitate berri bat ekarri duen norabide kritikoa da Kritika Feminista.

Euskal kritika feministaren barruan, University of Nevadak Renon duen Center for Basque Studies-eko irakasle den Linda Whitek 1996an egindako doktorego tesia azpimarratuko genuke: Emakumeen hitzak euskaraz. Basque Women Writers of the Twentieth Century , edo M.J. Olaziregiren Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura, (1999) liburua, nahiz XX. mendeko 80-90 hamarkadan argitaraturiko antologia, monografiko eta artikuluak. Besteak beste, J. Gabilondo, M. Nuñez Betelu, L. Mintegi, eta Iratxe Gutiérrezek egindakoak, edo 2000n Anthropos argitaletxeak argitara emandako: Breve historia feminista de la literatura española (en lengua catalana, gallega y vasca) liburuan kaleratu ziren lanak.

[M. J. O.] B IBLIOGRAFIA B UTLER , J.: Gender Trouble , Routledge, New York, 1990.

C UDDON , J. A.: The Penguin Dictionnary of Literary Terms and Literary Theory,

(4.argit.), Penguin, London, 1998 . G ILBERT ,, S.; G UBAR , S.: La loca del desván. La escritora y la imaginación literaria de l siglo XIX , Cátedra, Madrid, 1998 .

K OLODNY , A.: “Some notes on defining a “feminist literary criticism”, Critical Inquir y 2, 1 (1975), 75-92 .

M OI , T.: Teoria literaria feminista, Cátedra, Madrid, 1988 . O LAZIREGI , M.J.: Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura , Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1999 .

S HOWALTER , E.: A Literature of their Own. British Women Novelists from Brontë to

Lessing, Princeton University Press, Princeton, 1977 . S PIVAK , G AYATRI CH.: “Los estudios subalternos. La deconstrucción de la historio grafía”, jat. 1988, in C ARBONELL , N.; T ORRAS , M. (bil.): Feminismos literarios , Arco/Libros, Madrid, 1999, 265-290 .

Z ABALA , I.M. (Koord. Orok.); O LAZIREGI , M.J. (Euskal Lit. Koord.) et alii: Breve historia feminista de la literatura española (en lengua catalana, gallega y vasca),

Anthropos, Barcelona, 2000.

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: crítica feminista
 fr: critique féministe
 en: feminist criticism

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper