ikuspuntu - Literatura Terminoen Hiztegia

 
IKUSPUNTU

“Ikuspuntua”, “idazlearen begirada”, “mundu ikuskera”… adierazpide horietan guztietan literatura lanei funtsezkoa zaien alderdi bat aipatzen da: istorio kontalariak kontakizun duenarekiko hartzen duen jarrera. Horregatik izango da alderdi hori, hain justu, Literatura Kritikaren esparruan aztertuena, edo, G. Genettek zehaztu zuen moduan, XIX. mendearen amaieratik gaur arte zeresan gehien eman duena. Eta bibliografia oparotasun horren arrazoi nagusia “ikuspuntu” hitzaren beraren berezko konplexutasunean dago; izan ere, narrazio testuetako beste elementuekin konparatuz gero, hala nola, pertsonaiarekin edo kontalariarekin, helgaitzagoa baita. “Ikuspuntuak” erlazio bat adierazten du, istorio kontalariak kontakizun duenarekiko hartzen duen erlazio mota, eta hortik datoz kontzeptu hori definitzerakoan sortzen diren buruhausteak.

Terminoaren historiari erreparatuz, 1866rako British Quartely Review aldizka rian, point of view edo ikuspuntu hitza erabiltzen zen egileak kontakizunaren aurre an duen kokaguneaz mintzatzeko. Urte batzuk geroago, H. James idazle iparrame rikarrak egin zuen hausnarketa “behaketa-gunea” ( point of observation ) hitzaz, bere lanei egiten zizkien hitzaurreetan. Jamesen aburuz, bizitzaz duen irudia ematen du eleberriak, eta, horregatik, irudi hori sinesgarriagoa da baldin eta istorioa pertsonaia baten ikuspuntutik kontatzen bada. Beraz, XIX. mendeko nobelagintza errealistaren ezaugarri zen kontalari orojakilea auzitan jarri zuen, eta, ondorioz, Jainko baten modura guztia dakien eta guztia ikusten duen izakirik ez dagoenez (gogoratu F. Nietzschek Jainkoaren heriotzaz esandakoak), eleberriak ere muga horiek onartu behar ditu.

H. Jamesen baieztapenak izan zituen ondorioak ezagunak dira, eta dudarik ez dago ikuspuntuaren auzia izan zela berrikuntza azpimarragarrienetakoa eleberri gintza modernorako bidean. Luze gabe, jarraitzaile ugari izan zituen Jamesek eta

P. Lubbocken The Craft of Fiction (1921) ezagunean, esaterako, objektibotasunaren aldarrikapen sutsua egin zen. Lubbockentzat, pertsonaia baten kontzientzia-gunearen mugetan geratu behar zuen kontalariak beti. Showing (erakutsi) eta telling (kontatu) bikotean, lehenengoa hobetsi zuen sutsuki. Horregatik, ez da harritzekoa garaian bertan iritzi horren aldebakarkeriaren kontra hainbat kritikarik lanak argita ratu izana, hala nola, E. M. Forster-en Aspects of the novel (1927) edo W.C. Booth iparramerikarraren The Rethoric of Fiction (1961).

Aipatutako ikertzaileekin batera, XX. mende erdi aldera narrazio teknikak eta, orokorki, eleberria aztergai dituzten lanak ugarituz joan ziren, eta esan daiteke garai haietan azaltzen joan ziren azterketetan ikuspuntu narratiboaren auziak sailkapen eta hainbat abiapuntu teoriko eragin zituela. Batzuk aipatzekotan, hortxe daude C. Brooks eta R. P. Warrenek kaleratutako Understanding Fiction (1943), N. Friedmanen “Point of View in Fiction” (1955) artikulu ezaguna, edo F. K. Stanzelen Die Typische Erzahlsituationen (1955) liburua. Dena dela, esan daiteke autore horiek proposatzen dituzten sailkapenetan nahasketa ugari agertzen dela eta oro korrean kontalariari dagozkion arazoak (pertsona narratiboari dagokiona, kontake ta moduen sailkapenarena…) ikuspuntuari dagozkienekin tartekaturik azaldu zirela. Ikuspuntuari dagokionez, Frantziako Kritika Estrukturalistaren eskutik sortu ziren ikerlanak hedatu arte, eta, zehazkiago, 1969az geroztik Narratologia deituriko narrazio testuen azterketa estrukturalista agertu arte, ez zen sistematizazio lan zorrotzik egin.

Kritika estrukturalistaren esparruan, ikuspuntuari dagozkion ikerketetan aurre kari interesgarriak izan ziren hainbat lan; besteak beste, C. E. Magnyren L'âge du roman américain (1948), J. Dos Passos eta kideko idazleen kontamolde behavio rista aztertu zuena; edo J.P. Sartreren Situations I eta II (1947, 1948); baina, batez ere, J. Pouillonen Temps et roman (1946) ezaguna. Pouillon psikologoa zen eta, ordura arteko ekarpen guztiak sistematizatuz, gerora estrukturalistek bereganatuko zuten sailkapen hirukoitza proposatu zuen. Pouillonen aburuz, hiru ikuspuntu mota dira zilegi. Lehenengoari vision avec deitu zion, ikuspuntu partekatua, eta pertso naiaren bizipenen barru deskribapena adierazi nahi du. Pertsonaiatik abiatuz aur kezten da istorio guztia, eta bera da, hain justu, begi aurrean sortuz doakion uni bertsoaren gune nagusia. Bigarren ikuspuntu motari vision par derrière deitu zion, atzetiko ikuspuntua, eta, Jainko baten modura, gertatzen den oro ezagutzen duen kontalari motari dagokio. Azkenik, vision par dehors edo kanpotiko ikuspuntuaren bidez, behagarriak diren jokabideak bakarrik aurkezten ditu kontalariak. Sailkapen hirukoitz hori T. Todorovek modu honetan sistematizatu zuen 1966an:

kontalaria= pertsonaia (1.go motakoa);

kontalaria > pertsonaia (2. motakoa) eta

kontalaria < pertsonaia (hirugarren motakoa).

1972an G. Genettek Figures III lanean aurrerapauso handia eman zuen. Ordura arte egindakoaren laburpena aurkeztu ondoren, sailkapen guztiek oinarrian zuten nahasketa salatu zuen frantziarrak: kontalariari zegozkion arazoak (“nork kontatzen du?” galderari zegozkionak) eta zehazki ikuspuntuari zegozkionak (“nork ikusten du?” galderari erantzuten diotenak) ez bereiztetik zetorrena. Horrekin batera, ikus puntuaren definizio zehatza ematen ahalegindu zen, eta, horretarako, fotografiatik eta zinemagintzatik datorren “fokalizazio” terminoa egokiagotzat jo zuen.

Fokalizazioa deritzo, beraz, kontalariak kontatzen duena aurkezteko darabilen pertzepzio moduari. Ikuspegi horri jarraiki, hiru fokalizazio mota dira posible Genetteren aburuz: a) narrazio ez-fokalizatua (XIX. mendeko nobelagintzari dago kiona); b) barru fokalizazioa (pertsonaia baten ikuspuntutik bideratzen dena) eta c) kanpo fokalizazioa (narrazio objektiboa edo behaviorista).

Sailkapen hori da, seguru aski, kritika estrukturalistaren eremuan hedatuena. Alabaina, badago zenbait iluntasun bertan. Esate baterako, “barne fokalizazioaz” aritzean zer adierazi nahi da zehazki, istorio barruko pertsonaia bat dela fokatze ekintza horren subjektua ala fokatzen den hori psikeari (sentimenduak, pentsamen duak…) dagokiola? Zentzu horretan, M. Bal kritikari holandarrak Genetteren ere duari egindako zehaztapenak guztiz onargarriak gertatu dira azken urteotako iker ketetan. Balen Narratologie. Essais sur la signification narrative dans quatre romans modernes (1977) lanean fokalizatzaile eta fokalizatu kontzeptuen arteko berezita suna proposatzen du. Lehenengoari begiratuz, fabula barrukoa edo kanpokoa izan daiteke. Bigarrenari bagagozkio, sumagarria (ekintzak, objektuak…) ala sumagaitza (sentimenduak, pentsamenduak…). Bereizketa horixe da, hain zuzen, azken urteo tan zenbait adituk, hala nola S. Rimmon-Kenan (1983) eta P. Vitoux (1982), bere egin dutena.

Azkenik, Narratologiaren hurbilpenez haratago sortu diren ikerlanak aipatu behar dira. Orain artean ikusi denez, ikuspuntua oso teknikoki ulertzen zuten ikertzaileek, eta, gauzak hautematerakoan hartzen den kokaguneaz mintzo ziren. Edozein modutan, gauza jakina da ikuspuntuak pertzepzio hori baldintzatzen duten irakurlearen aurreusteak ere (ezaguerak, sinesmenak, esperientziak…) barneratzen dituena. Horri dagokionez, B. Uspenski kritikari errusiarraren A Poetics of Composition (1973) izan da narratologiaren eremu estutik irteteko aukerarik inte resgarriena. Haren lanean, ikuspuntuak barneratzen dituen alderdi psikologiko, ide ologiko edo estilistikoak aztertu ditu. S. Rimmon-Kenan edo Pozuelo Yvancos espainiarraren lanak errusiarraren teoriek gerora izan duten garrantziaren adieraz le dira.

[M. J. O.]

Ikus, halaber, A SPEKTU .

B IBLIOGRAFIA

B AL , M.: Teoría de la narrativa , Cátedra, Madrid, 1985 . F RIEDMAN , N.: “Point of view in fiction”, in F RIEDMAN , N.: Form and Meaning in Fiction , Georgia University Press, Georgia,1975 . G ENETTE , G.: Figures III , Seuil, Paris, 1972 . G ENETTE , G.: Nouveau discours du récit, Seuil, Paris, 1983 . O LAZIREGI , M. J.: “Fokalizazioa: hurbilpen teorikoa eta zenbait aplikapen euska l narratiban” , ASJU, XXV-1, 1991, 3-64 .

Estekak:

Beste hizkuntzatan:

es: punto de vista
 fr: point de vue
 en: point of view

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper