herri literatura - Literatura Terminoen Hiztegia

 
HERRI LITERATURA

Hizkuntza bakoitzak sortzen du bere literatura, eta, nahiz munduko hizkuntza guz tiak ez diren idatziak, badute halere literatura bat, ahozkoa dudarik gabe. Hizkuntzak idatziak direlarik, bi literatura mota sortzen dituzte: ahozkoa eta idatzizkoa, azken hori hobetsia, maila goragokoa delakoz. Herri literaturak badu anitz ikusteko ahozko lite raturarekin, nahiz herri literaturan sar daitezkeen idatziak diren genero batzuk. Gehie netan iraganari lotzen zaio herri literatura, eta bere baitan dauzka ipuin, kantu, erran zahar eta abar. Ahotik belarrira, belarritik ahora joanez, mendeak iragaiten ditu ahoz ko literaturak, jendearen ondare bilakatu da, eta, belaunaldiz belaunaldi, herritarren gogoak asetzen ditu.

Luzaz ez dira eskolatuak izan herritar gehienak, eta, beraz, ez zuten literatura idatzirik ezagutzen, non ez zen irakurle batengandik entzuleen belarrietara iragai ten, eta gero, ohiko aldaketekin, ahozko literatura bilakatzen, eta denbora berean herri literatura, herritarrentzat egina, herritarrengandik sortua edo iragana, herrita rrek ulertzekotan.

Bertze herriek bezala, Euskal Herriak gordetzen du ahozko literatura bat, eta,

K. Mitxelenak dioen bezala, bertze herriena bezain aberatsa da ahozko euskal lite ratura: La literatura popular vasca, esencialmente oral, es probablemente tan rica y tan variada como la de cualquier otro pueblo” . Egia da literatura idatzia berant hasi dela Euskal Herrian, lehen liburua 1545ean agertua izanez.

Badu zer ikusirik herri literaturak baserriarekin. Baserrikoa da, baserritarren artean erabilia, zabalkunde tokiak direlarik baserriak, auzoekin egiten diren biltza rren bidez, edo/eta sagardotegiak, ostatuak, jendeen elkarretaratzeei esker. Toki horiek dira jendeen egiazko eskolak, eta kantu gehienik dakiena edo konta-kontari ari dena dira maisuak. Toki horietan nahasten ziren belaunaldiak, zahar eta gazte ak eta orotara zaharren jakituria hedatzen zen giro hoberenean.

1.- Ipuinak. Herri literaturaren zati handi bat ipuin motako narrazioetan datza. Ipuinak liluratu du, betidanik, herritarra, bereziki miragarria delarik, misterioz beterika ko mundu batera eramaten baitu entzulea. Mundu hori izan daiteke lurpekoa, leizee takoa, itsasokoa, nola zerukoa. Historia laburra da, zeinetan agertzen diren pertso naia bereziak, hala nola, Mari , leizeetako Jainkosa nagusia, Euskal Herri guztian ezagutua, anitz izenen jabea: Mari Muruko , Mari Labako , Anbotoko Damea , Aralarko Damea , eta abar. Halaber, Leheren suzko sugea, Basa Jauna, basoetako Jaun eta jabea, bere laguna, Basanderea deritzana, Tartaro edo Tartalo begibakarduna eta beldurgarria, Gizotso erdi gizaki, erdi otso, horiek guztiak euskal mitologiak sortuak. Haiekin doaz laminak edo lamiak, emazte itxuran agertzen direnak gehienetan, ederki apaindurik beren urrezko orrazeekin. Denetarik bada, gizakien laguntzaileak askotan, amodioz zoraturik batzuetan, gizaki bahitzaileak bertze batzuetan.

Erlijioak utzi du bertze ipuin mota bat, Jondoni Petriren eta bertze sainduen isto rioekin. Herri eta herrixka bakoitzak sortu ditu bertze ipuin batzuk, kontrabandisten eta guarden arteko gertakariekin, edota itzain, apez, buhame, agota eta sorginen balentriak erakutsiz, hala nola, Haritxabalet Santa Graziko erretorearenak. Ipuin biltzaileak izan dira XIX. mendean J. F. Cerquand (1874) eta J. Vinson, eta XX. men dean J. Barbier, R. M. Azkue eta J. M. Barandiaran.

2.- Kantuak. Kantua izan da herri literaturak daukan altxorrik nabariena. Zaharrenak XIV. eta XV. mendekoak dira, euskaldunen arteko guduak ( Beotibarko kantua ) edo erailtzeak ( Bereterretxen khantoria ) epika eran kontatzen dituztenak. Gai asko erabilia da kantuetan. Amodiozko kantuek ukan dute arrakasta handia

XVIII. eta XIX. mendeetan, garai berean hedatu direlarik Euskal Herrian baladak deritzanak, bertze erresumetako folklorean ezagunak ( Errege Jan eta bertze). Bertze klase bat da ezkontza kantuak, eztei famatu batzuentzat eginak edo ezteie tan kantatzen direnak. Haurrak sortuz gero, amek edo amonek xaramelatzen dituz te haur kantuak, haurren lokarrarazteko edo geroxeago haurren liluratzeko ( Binbilin bonbolon , adibidez).

Ez dira falta dantzatzeko bilduak diren musika soilak, hitzik gabe, non ez den erabiltzen orduan “ trilili eta tralala ” hitzen ordain, baina badira dantza kantuak hitzez apainduak ere, Agur Estebe dantza kordarentzat, Aldapeko sagarraren almu te dantzarentzat, Ardaoak parau gaitu dantzari , aurresku zaharrarentzat baliatzen zena, Eskalapoin dantza , Iru xito mutil dantza zaharrentzat, Kadira dantza , Makil dantza eta abar. Dantzarekin doa bestari eta ardoari egiten zaion laudorioa: A, A, A, ardo gorri naparra deritzan kantuak goraipatzen du hain famatua izana den eta oraindik den Nafarroako ardoa. Ardo kantuetan ere sar daitezke mozkor kantuak.

Ofiziale kantuak nabariak dira Euskal Herrian: arraunlarienak, garbarienak, dendarienak, artzainenak, laborarienak, lanean ari zirelarik kantatzen zirenak. Haien artean aipatzekoa da Etxahun Barkoxeren Ofizialenak, ofizialeen kritikatzeko egina. Eta, hain zuzen, Euskal Herrian bereziki maite diren kantuak, kritika daramatenak dira, satirikoak. Atso zaharren jorratzen, ezkondu gabeko neska haurdunen larderiatzen, hots, herriko gertakariak agertzen dira kantu horietan, horiei esker baita Etxahun Barkoxek ukan duen fama. Kopla zaharren airean kantatzen dira eske kantuak, gazteria badabilelarik etxez etxe, Santa Ageda egunean edo Inauterietan. Kopla zahar idurikoak dira Zuberoan erabiltzen diren xikitoak ere, gatz eta piperrez hornituak eta, noiztenka, ausartak.

Jadanik XVIII. mendearen azken urteetan hasiak ziren kantu biltzen (lehen bildu ma ezaguna 1798koa da); XIX. mendeak egin du bilketa ederra eta segitua izan da

XX. mendean. Ez dira ezagutuak kantu zaharren egileak. A. Abadiak sortutako Lore Jokoei esker ezagutzen dira XIX. mendeko kantu egile gehienak. Bertsopaperen bitartez ere ezagutzen dira. Bertsopaperekin ikus daiteke ez dela mugarik literatura idatziaren eta ahozko literaturaren artean. Alabaina, inprimatuak dira bertsopaperak, jendeak erosten ditu, kantatzen ditu, ahozko literaturara hedatzen dira, eta egiazko herri literatura izaten.

3.-Bertsolaritza. Zinez ahozko literatura da. Bat-batean, jendearen aitzinean, izan dadin sagardotegian ala plaza edo antzoki batean txapelketetan, bertsoak behar ditu paratu bertsolariak, deus idatzi gabe eta gaia –edozein gai– eman bezain laster. Kalitate handiak behar dira bertsolari izateko: jakitun izan kantuetan, behar den beza la ezagutu neurtitzaren eta bertsoaren egiturak, ematen diren aireak. Kondairak atxiki dituen bertsolaritzaren gertakariak desafioak izan dira gehienetan. Guduka maite du bertsolariak –gogo guduka noski–, bertze baten kontra behar du jokatu, eta hori egi ten zen, lehen, desafioen bitartez. Bat hasten zelarik doinu edo aire batean, bertzeak behar zuen segitu aire berarekin. Guduka horietan bertsolari on baten jeinuak mana tzen zion zorrozki aritzea bertzearen arrazoinamenduaren kontra, baina beti emanez erantzunaren emateko parada.

Bertsolaria beharrezkoa da euskal bestetan. Alaitzen ditu biltzarrak, ezteiak eta bertze, euskaldunak maite duelakoz besta; hala bilakatzen da espirituaren besta bat. Orain ere gomitatuak dira bertsolariak edozein bestatara. Bertsolaria izan dai teke kantu egile edo bertsopaper sortzaile, berak, bere etxean, moldatzen dituela rik bertsoak, baina haren egiazko tokia da kanpoa, ez kantu egilea bezala etxeko bakartasunean; denen aitzinean, aldiz, plaza gizon gisa. Ezagutzen diren lehen bertsolariak XVIII. mendekoak dira. Hobeki ezagutzen dira XIX. eta XX. mendearen hastapenekoak. Geroztik osoki aldatu da bertsolaritza.

4.- Atsotitzak. Jende xehearen jakiturian atsotitzek balio handia dute. Ahozko eta herri literaturan sartzen dira zuzenki, erranak izan daitezen ala idatziak. A. Oihe nartek egin zuen bildumaren aitzin solasean hauxe zion:

“Ez da arrazoinik gabe erran zaharrak betidanik aipatu baldin badira, ez bakarrik jende xehearen baitan, hain baitira erabiliak haren ahoan, bainan oraino jakintsunen artean. Zeren solasaldietako hitzaldietan, apainduretako baliatzetik bertzalde, eta zerbaiten sinestarazteko arrazoin bezala, baitaukate gure biziaren eremaiteko ainitz erakaspen. Hortakotz dio Aristotelesek Zineziusen arabera Huntzaren goresteko egin duen mintzaldian, erran zaharrak zirela lehengo Filosofiatik gelditu ondarrak, hau gerla eta ixtripu publikoek aurtiki zutenean eta atxikiak izan zirela dituzten laburtasun eta gauzen erraiteko molde gozoari esker.”

Laburtasunari esker atxiki daitezke gogoan. Badira bi hitzekoak, hala nola, “Atzerri otserri” edo “Eder, auher”; edo hiru hitzekoak: “Ustea ezta jakitea”. Estilistikak dauzkan ahalak baliatzen dira, nola hitzaren errepikatzea: “Arrotza bekaitz arrotzaren”, errima bilatzea: “Lan baratza, lan aratza” (hemen errepikapena eta errima baliatuz); paralelismoa erabiliz: “nola/hala”, “nolako/ halako”, “non/ han” hitzei esker: “Nol’Apezaren kantatzea, hala bereterraren inhardestea”, “Pika nolako, umea halako”, “Non salda, han zopa”; kiasmoaren bidez, hitz berekin baina ordena aldatuz, “Bat ehunen, ehun ez baten”, edo konplikatuago delarik, adibidez: “Oilar bat aski da oilo hamar baten/ hamar gizon ez emazte baten”.

Hitz jokoek errazten dute gogoan hartzea, kontsonante bat aldatuz: “Haurrak hazi, nekeak hasi”, “Maiatza hotz, urtea botz”; edo bokal bat aldatuz: “Elizaren hurrenena, aldarearen urrunena”, “Zahar hitzak, zuhur hitzak”; edo kontsonante eta bokal bat mudatuz: “Lasto su, laster su”. Aurkaketari esker lortzen da gogoratzea: “Aita/seme”, “Ama/ Amaizun”, “Goiz/ arrats”: adibidez: “Aita biltzaleari, seme barreiari”, “Batean ama, bertzean amaizun gertatu zait”, “Goiz ortzadar, arrats itu rri”. A. Oihenartek bildutako erran zaharretan bada bat aditz denboren aurkaketa egiten duena: “Hogoi urtetan deus eztena, hogoi eta hamarretan eztakiena, eta berrogoietan eztuena, da jagoiti eztatena, eztakikena eta eztukeena”.

Hiru aditzak, izan , jakin eta ukan orainean eta ahalezko geroaldian enplegatuak dira. XVI. mendean hasi zen bilketa E. Garibairekin, segitu du A. Oihenartek XVII. mendean, eta geroztik agertu dira bertze bilduma batzuk, baina bilketa ez da orain dik agortua.

5 .-Pastorala . Antzerki mota berezi da, Zuberoko ondare aberatsa. Noiztik dato rren ez da jakina, hipotesia franko baitabil horri buruz. Lan aipagarrienak G. Hérellek egin zituen, eta 1920ko hamarkadan agertu lau liburu eder eta mamitsu. Dirudienez, Frantziako “mystères” delakoetarik iragan dira baserritar antzerki batzuetara, Bretainiara, Okzitania eskualdera, Italiara eta abar. Beharbada Biarnotik etorri dira Zuberoara eta hor finkatu pastoral izenarekin. Dirudienez, herriko beste tan ematen ziren pastoralak, Testamentu Zaharra, Testamentu Berria eta sainduen bizitzak gaitzat harturik. Gero pastoral idazleek baliatu dituzte “littérature de col portage” deritzanetako eleberriak antzeztuz, eta, geroago, Frantziako historia (hori

XIX. mendean).

Dena den, herri bat osoa pastoral jokolari bilakatzen zen, gizonak bakarrik, ez baitziren emazteak nahasten ahal gizonekin, salbu zerbitzari gisa, tresna batzuen ezartzeko edo taulen garbitzeko. Kanpoan ematen ziren pastoralak, edo herriko pla zan edo pentze batean. Behariek inguratzen zuten joko tauleria , batzuk jarririk, paga-tu zutelakoz sartzea, bertzeak zutik, diru pixka bat emanez baso bat ardoren truke. Pastorala idatzia da eta errejentak hautatzen ditu jokolariak , boza, itxura eta bertze kontuan hartuz. Sei hilabetez entseatzen dira jokolariak, eta agertzen dira jendeen aitzinean finkatua den egunean. Bi jokolari mota badira: Khiristiak edo onak, eskui neko atetik sartzen direnak, eta Türkak edo txarrak, haien artean Satanak , dantzari onak, ezkerreko atetik sartzen direnak. Kantuaren bitartez ematen dituzte bertsetak, ohiko kantuak xaramelatuz. Lehen, egun osoa irauten zuen pastoralak eta batzuetan bi egun, eskuizkribuetan agertzen baitira bizpahiru mila bertset, hasiz pastorala aitzin pheredikü batekin eta bururatuz azken pheredikü arekin.

XX. mendeko pastoraletan, eta bereziki 1953tik hona, 300/350 bertsetekin egi ten da pastoral bat, hiru ordu eta erdiko iraupenarekin. Aldaketa nabariak kausi dai tezke laburtze horretaz gain. Alde batetik, Euskal Herriaren kondairan hartu dira gaiak; bestetik, 1980tik hona emazteak eta gizonak nahasten dira jokolari etan, emazteek emaztearena eginez. Eztabaida gogorrak izan ziren hori gertatu zelarik 1980an, Iparragirre pastoralean, baina geroztik osoki onartua da. Pastoralaren libu ruak (testua zuberotarrez, frantsesez eta espainieraz) saltzen dira orain, eta, beraz, euskararik ez dakienak ere segi dezake pastorala. Horrek emendatu du beharien kopurua 3000/4000 batera heltzen dela. Oraingo tresneria baliatzen da, hala nola mikrofonoak edo hots hedatzaileak, eta, horrela, denek entzun dezakete jokolari ak kantatzen duena. Bestalde, Zuberoatik atera egin da pastorala, bertze emanaldi batzuk jokatuz (biga lehenik Zuberoan) Lapurdin (bereziki Donibane Lohizunen) edo Hegoaldean (Oiartzunen, Donostian, Zumarragan, Arrasaten, Bilbon).

Zinez herri antzerkia da pastorala, herritar batzuek emana bertze Euskal Herri guztiko herritarrentzat. Ezagutua da Euskal Herri osoan eta badu orain sekulan ukan ez duen arrakasta, zuberotar ondarea izanik baina Euskal Herri osoko ondarea bila katuz. Euskalduna zen pastorala, euskaraz egina baitzen, baina euskaldunagotu da Euskal Herriaren kondaira baliatuz, horri esker euskaldunek hobeki ikas baitezake te beren kondaira.

6. Maskarada. Pastoralaz gain, badituzte zuberotarrek inauterian ematen diren maskaradak. Horiek ere antzerki mota bat dira, nahiz testu guti daukaten. Hor ere zatikatuak dira jokolari ak: gorriak alde batetik, jende onak, eta beltzak bertze alde tik, jende txarrak edo buhameak. Dantzak leku handia hartzen du maskaradan, dantzarietan agertzen direla Enseinaria edo bandera ekarlea, Kantiniertsa gona urdinez jantzia, Gatuzaina bere tresna bereziarekin, Zamaltzaina giza zaldi idurikoa, izenak dioen bezala, eta Txerreroa bere jats idurikoarekin. Gero heldu dira Jauna , gizon ezpataduna, eta Anderea , Laboraria eta Laborarisa . Beltzetan, aldiz, denak biziki gaizki jantzirik (gorrien aurkaketa eginez) badoaz ofizialeak hala nola, kaute rak , txorrotxak , kherestuak , mediku , potikario , eta buhameak .

Herriz herri dabil maskarada, ibilaldia bururatzen dela lehen inauteri asteartean. Ez da gehiago ohitura zaharrari jarraikitzen, igandero joanez bertze herri batera, Pazko arte. Herrian sartzean, gorriek barrikadez gainetik jauzi egin behar dute, dantzak emanez, dantzari hoberenak baitira. Iragana delarik barrikadaren ekintza, jalgitzen dira beltzak nola nahika, itzulipurdika, harramantza ikaragarria eginez. Arratsaldean ematen dute ikusgarria, buhameek bereziki kantatzen dituztela bertset samin eta zorrotzak eta kauter gehienak erraten bere pherediküa. Dena gatz, piper beltz eta piper gorriz hornitua, handi-mandien edo handikien kritika egiten du eta irriaren medioz bereganatzen ditu behariak. Erromatarren garaian esklaboek bazuten egun bat, askatasun handienean nahi zutena egiten zutela. Zerbait horrelako gertatzen da maskaradan. Hitza ematen zaio beltzeriari, jende arrunt, ahalkegabe, arrotz, arlote, alfer, maltzur, gezurti, mozkor, andrekariei. Mundua ifrentzuz jartzen dute, jende onak zirikatuz eta gaitzetsiz, goraipatuz, aldiz, desordena, iraultza eta nahasmendua, trufaren eta nausaren bitartez. Pheredikü horietan datza herri literaturaren arlo bat ez aski aztertua oraindik.

7 .- Tobera mustrak eta asto-lasterrak . Toberak edo tobera mustrak Nafarroa Beherean eta asto-lasterrak Zuberoan, ikusgarri gisa herri literaturan sartzen dira. Berez komedia satirikoak dira, herriko gazteriak apailatuak jende batzuen jorratze ko, herrietan sortzen diren eskandalutxoen inguruan. Lehenik, galarrotsetan (Nafarroa Beherean), zintzarrotsetan (Zuberoan), mehatxuak oihukatzen dituzte, hitz emanez ez baldin bazaie behar den ardoa eskaintzen antolatuko dituztela tobe rak edo asto-lasterrak. Toberetan antzerkitxo bat emana da herriko plaza laxoan, auzi gisa bere juje, prokuradore edo fiskal, abokatu, uxer eta jandarme kin, idazki bat baliatuz noiztenka, baina gehienetan bat-bateko hitzak azalduz. Hortakotz guti gelditzen da antzerki mota horretaz. Asto-lasterrak, aldiz, pastoralaren itxura hartzen du, pastoralaren parodia izanez, dena burla, trufa, astoak baliatuz zaldien ordez, jantziak araberakoak. Zuberoan baita Nafarroa Beherean ez den literatura tradizioa, idazkiak geratzen dira, oso interesgarriak.

[J. H.]

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: literatura popular
     fr: littérature populaire
     en: folk literature

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus

Azkue Biblioteka eta argitalpenak

Maximiza tus ganancias en criptomonedas confiando en Bitplex 360, una plataforma diseñada para el éxito.
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper