(lat. exhortatio, erregu)
Entzulearengan edo irakurlearengan sentipen jakin batzuk pizteko erabiltzen diren erregu edo agindu hitzak edo esaldiak. Erlijio literaturan, errukia sentiarazte ko, Jainkoaganako edo Ama Birjinaganako maitasuna sentiarazteko, bekatuengatik damua sentiarazteko, eta antzeko eragin erlijiosoak lortzeko sarri erabili izan da. Beste alde batetik, poesia sozialean irakurlearen kontzientzia eta sentipenak pizte ko ere erabili izan da, edo literatura politikoan edo kazetaritzan, edo publizitatean, eta hainbat arlotan, egoera animiko jakin batzuk eragin nahi direnean. Bestalde, maite kantetan, maitearen bihotza biguntzeko, haren maitasuna erakartzeko, asko tan poema osoa izan ohi da exhortazio bat; trovadore en kanta askok hala erakus ten dute.
Euskal tradizioan ere, besteak beste, maite kanta anitzetan ikusten da horrela korik, “Xori erresinula” izenekoan, esaterako:
“Xoria zaude ixilik, ez egin kanturik, eztuzu profeiturik ni hola penaturik, ez eta plazerik ni tunban sarturik.”
Exhortazio larria egiten dio Gandiagak irakurleari 1974ko Hiru gizon bakarka liburuan; “Txakolinaren ospakuntza”ren azken aldera, herriaren zoriak estutzeraino kezkatzen duela adierazi ostean, honako dei hau egiten du:
“Ibarrera ibarrera! Ujolak sortu dira Ta uherka ez da gauza hainbat urentzako Ibarrera, ibarrera! Guztiok behar dugu ibarrera jetxi urak bideratzera.”
[J. K. I.]
es: exhortación
fr: exhortation
en: exhortation