(lat. exemplum , eredua)
Kontakizun laburra, benetan gertatutzat jotzen zena eta solas moral baten barnean, gehienetan sermoietan, sartu ohi zena entzuleak limurtzeko asmo didaktikoz. Erdi Aroan latinez eta geroxeago hizkuntza arruntetan anitzetan eman ohi zen, perpaus doktrinala edo moralaren euskarri gertatu zen eta azken batean gizakiaren bidea zuzentzeko baliagarri behar zuen izan. XIII. mendetik XV.eraino exempla bilduma ugari antolatu ziren eta ospetsuenak C. de Heisterbach, J. de Vitry, eta E. de Bourbonenak izan ziren, eta beren oihartzuna aurki daiteke euskal sermoilariengan ere: P. Agerre “Axular”, J. Tartas, J. B. Agirre Asteasukoan... Sarritan exempla libu ru horiek alfabetikoki antolaturik aurkezten ziren eta espainiar tradizioan Juan Manuelen El libro de los enxiemplos del Conde Lucanor et de Patronio da aipaga rri (1333-35 ingurukoa). Exempla liburu horien iturriak ugariak ziren, batzuk Esoporen alegiak, beste batzuk ekialdeko ipuinak, Bibliako parabolak, santuen bizitzak, testu grekolatindarrak eta abar.
Euskal literaturan, idazle aszetikoek idatziriko liburuetan aurki litezkeen adibide ugarien artean, hona besteak beste, P. Agerre “Axular”ek jasorikoetako bat:
“Kontatzen du Aulio Geliok Korintioko herrian zela Lais zeritzan emazte eder bat, famatua, amoltsua eta plazeregillea, eta bere ofizioaren baliatzen ongi zekiena. Bada, egun batez, Demostenes filosofo handi hura emazte haren alde tik iragaiten zela, kilikatu zen, ernatu zen, linburtzen hasi zen; eta galdegin zioen Lais berari, ea zenbana saltzen zen fuitua, zer balio zuen merkatalgoak. Eta alegerarik, ustez ezen ihizia sarean zuen, eskatu zeikan suma handi baten, gehiago bortz ehun ezkuturen baño; handiari handiki. Demostenesek aditu zue nean, ema-muthiriaren demanda, ihardetsi zioen, ez uste bezala: eztut nik urri kitzea edo urrikia horrein garesti erosten. Erran baillio bezala: badakit, andrea, ezen baldin nik orain iragan baneza zurekin neure aphetitu desodenatua, urriki lekidakedala berehala. Bada urrikitze hura, ondoko damu hura, eztut horrein kario erosten, eta ez hargatik hanbat diru emaiten. Eskarnio egin ustea, gelditu zen eskarniatua” (Axular, Gero ).
Alfabeto eran antolaturiko prosazko testu eta narrazio aski laburren formulaz baliatu dira zenbait euskal idazle garaikide ere, hala nola B. Atxaga ( Groenlandiako lezioa, 1998) eta A. Lertxundi ( Letrak kale kantoitik , 1995), baina ez dute garai bate ko asmo didaktikorik.
[P. U.]
es: exemplum
fr: exemplum
en: exemplum